Komunikazioa

'Airean' magazina astelehenean hasiko da, Jaime Otamendirekin

'Airean', 'Hizkamizka' eta 'Euskal Herria Zuzenean' saioek ETB1eko arratsaldea indartuko dute

Ilaski Serrano, Jaime Otamendi eta Usoa Arbelaitz, Airean saioare platoan. EITB.
Adrian Garcia.
Donostia
2013ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Telebistara itzuliko da Jaime Otamendi, baina, oraingo honetan, kamera aurrean ibiliko da, aurkezle lanetan. Astelehenean estreinatuko dute Airean arratsaldeko magazina, 15:45ean, eta Otamendik gidatuko du. Ilaski Serrano eta Usoa Arbelaitz kazetariak izango ditu bidaide abentura berri horretan. Orio ekoiztetxeak eta EITBk elkarlanean ekoitzi dute.

Gaur-gaurko gaiak jorratuko dituzte, ia bi orduz eta arratsaldero, astelehenetik ostiralera. «Airean dauden gaiak ekarri nahi ditugu. Airean egingo dugu salto, goizean etorri orduko ez baitugu jakingo ziur zeri buruz hitz egingo dugun. Eta airean egingo dugu, zuzenean». Hitz-joko horrekintxe azaldu du Otamendik saioaren izaera, baita helburua ere: «Denbora airean pasatzea nahi dugu, fite».

Magazin-tertulia itxura izango du Airean-ek. Alde batetik, iritzia landuko dute; lauzpabost solaskideren laguntzaz azken orduko albisteak eta eguneko gaiak aztertuko dituzte. Solaskideak, baina, ez dira ETBn atera ohi direnak izango. Aurretik euskal telebistan azaldu ez direnak igaroko dira Donostiako Miramongo platotik. «Aurpegi berri asko izango ditugu iritziak ematen», ziurtatu du Otamendik. Iritzia ematen soilik ez. Beste hainbat jende ere ekarriko dute platora, beren esperientzien berri eman dezaten. «Ekoizleak, ekintzaileak, sortzaileak, ikertzaileak eta egunero bizitza aurrera ateratzeko gauza asko egiten dituztenak».

Airean dauden gizarte gaiak

Gizarte gaiak izango dituzte hizpide, nahiz eta politikak askotan gaiak «zipriztindu». Munduari begira ere jarriko dira, atzerrian dauden euskaldunekin harremanetan jarriz. «Erredazkioan oso erne egongo dira, eta munduko gaiak ekarriko ditugu». EITBren berriemaile sarea erabiltzeaz gain, hainbat kolaboratzaile dituzte munduan barreiaturik. «Unai Urretxo musikaria, adibidez, Seulen bizi da. Handik tarteka oso bestelako berriak ekarriko dizkigu, nazioarteko orrialdeetan etortzen ez direnak».

Serrano izango du lagun Otamendik, irratian eta telebistan ibilbide luzea egindakoa. Horrexegatik aukeratu dute, hain zuzen ere, «Euskal Herrian pertsona ezaguna» delako. Ospe hori baliatu nahi dute, zeresana dagoen tokietan jendea errazago zabalduko zaiolakoan. Serrano izango baita kalean dauden gaiak platora eramateko arduraduna, saioaren lekuko zuzena. «Lehen eskuko informazioa, lehen eskuko sentimenduak, airean dauden pentsamenduak biltzeko eta guregana ekartzeko ETBko aurpegi ezagun bat nahi genuen», azaldu du Otamendik.

Bestetik, Usoa Arbelaitz kazetaria gaur-gaurko gaiei begira egongo da. Ukitu berezia emango dio, ordea, berak gidatutako tarteari. «Batzuetan umorea izango da, beste batzuetan ukitu bitxia, baina gaiari bestelako buelta bat ematen saiatuko gara», dio Arbelaitzek. Lehen aldia du telebistan lanean; orain arte, Euskadi Irratian aritu da, kazetari gisa. «Lana eta testuingurua erabat berria dira, baina babestuta sentitzeak asko laguntzen nau».

Horrez gain, aditu talde bat izango dute hainbat gairi buruz hitz egiteko. Paula Garaialdek moda eta tendentziei buruz hitz egingo du; ekonomiaren gora-beherei buruz gehiago jakiteko, berriz, Nicolas Cuencarekin kontsultatuko dute; Kike Amonarrizek landuko ditu euskarazko gaiak eta bitxikeriak; Ainara Atorrasagasti eta Lander Ugarte diseinu munduaren azken joerei buruz mintzatuko dira. Elkarrizketek ere bere lekua izangodute saioan; astean behin, pertsonaia bat elkarrizketatuko du Otamendik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.