Komunikazioa

Ahotsik gabe dago mikrofonoa

Bierrik Fundazioak batzar irekia egingo du bihar, bideragarritasuna bermatzeko hausnartze prozesua aurkezteko

Egoera ekonomikoaren ondorioz, Guaixe isilik geratuko da abendura arte; musika jarriko dute soilik. IÑIGO URIZ / ARP.
Iñaki Lasa Etura.
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Sakanan (Nafarroa) FMko 107.3a sintonizatzen duenak musika eta iragarkiak entzungo ditu. Ez besterik. Mikrofonoak isilik geratu dira Beleixe irratian, inork ez die ahotsik ematen jada. Pairatzen duten egoera ekonomiko larriaren ondorioz hartu dute erabakia langileek: zuzeneko emanaldiak egiteari utzi diote. Egoerak, gutxienez, urte akabera arte jarraituko du horrela, bideragarritasun plana aurkezten dutenean.

Beleixe isiltzeko erabakia hartzea ez da erraza izan. Azken urteetako bilakaeraren ondorioa izan da. Zenbakiek itota dago Guaixe aldizkaria, webgunea eta Beleixe biltzen dituen Bierrik Fundazioa, diru iturriak nabarmen murriztu zaizkiolako. Nafarroako Gobernua euskarazko hedabideei diru laguntzarik ez ematea erabaki zuen urte hasieran, eta Eusko Jaurlaritzak %15 jaitsi zuen laguntza, arrazoia argi adierazi gabe. Publizitatearen bidez jasotako diru sarrerek ere behera egin dute.

Egoerari aurre egiteko neurriak hartu dituztela azaldu du Ainhoa Urretagoiena fundazioko kudeatzaileak. Martxoan, aldizkaria hamasei orrira murriztu zuten, eta irrati emisioa, txikitu.Urte osoan hainbat langile kaleratu dituzte, enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Lehen 11 langile ziren, eta orain, zortzi; eta langile horien artean, bost lanaldi eta erdi betetzen dituzte bakarrik. Orain arte hartutako neurri horiek, baina, ez dira nahikoa izan aurrera jarraitzeko. Horregatik isildu da Beleixe.

Diru iturri nagusiak itxita ikustean, alternatiben bila jarri ziren. Autofinantzaketa maila igotzeko helburuarekin, urte hasieran 2.000 esker kanpaina jarri zuten abian. Ekinaldiak «oso emaitza onak» jaso ditu, Urretagoienaren hitzetan, baina, «ez da nahikoa izan». Apiriletik hona, 1.000 bazkide berri lortu dituzte, eta, fundazioak gaur egun 1.400 bazkide inguru ditu. Baina, urrun dago oraindik 2.000 bazkideen langa.

Zapore gazi-gozoarekin geratu da Urretagoiena. Gozoa, Sakanako biztanleen aldetik babes osoa jaso dutelako, eta pozik delako herritarrek izandako erantzunarekin. Herritarrek aurretik ere babestu izan dituzte bi komunikabideak. Sakanako merkataritza guneetan erabiltzeko hainbat deskontu eskaintzen zituen bazkide txartela aurkeztu zutenean, lagun ugarik eman zuten izena. Orain, sei hilabetetan, biderkatu egin dute bazkide kopurua: lehen 645 ziren eta orain 1.400 ingurudira.

Baina, zapore gazia ere badu Urretagoienaren gogoetak; herritarrek emandako laguntza ez delako nahikoa izan hedabideak bizirik iraun dezan bermatzeko.

Bihar batzarra Altsasun

Beleixe eta Guaixe-ren etorkizuna ataka estuan dagoela ikusita, hausnarketa prozesu bati ekin diote Bierrik Fundazioko kideek. Abenduan burutuko da prozesua, eta orduan agertuko dute hurrengo bi urteetarako bideragarritasun plana. Hartu beharreko erabakiak, beraz, abendutik aurrera hartuko dituzte, plana ezartzen duten momentutik aurrera. Bitartean, berean jarraituko dute bi hedabideek: hamasei orrirekin Guaixe-k, eta mikrofonoak amatatuta, Beleixek.

Hasi duten hausnarketa prozesuari buruzko argibideak emateko, batzar irekia antolatu dute bihar Altsasun, Iortia kultur etxean, 18:30ean. Eskualdeko herritar guztiak gonbidatu dituzte. Batetik, 2.000 esker kanpainaren balorazioa egingo dute, eta, bestetik, bideragarritasun planaren nondik norakoak azalduko dituzte. Biltzen direnen iritziak eta proposamenak jasotzeko prest egongo dira Bierrikeko kideak.

Egoera hoberena ez den arren, itxaropentsu dago Urretagoiena. Orain arteko murrizketak «behin-behinekoak» izateko esperantza du, argi baitu aurrera egingo dutela. «Eskualdeko erreferentziazko hedabidea izaten jarraitu nahi dugu. Komunikabidea ez da desagertuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.