Prentsan eta irratian ez ezik, telebistan ere aritua da Juan Kruz Lakasta (Jaka, Espainia, 1970). Euskalerria Irratiaren erreferentziako ahotsetako bat da harena.
Prest al zaude Jordi Evole nafarra izateko?
Nahiago nuke Evole kataluniarra izan, edo sikiera Lakasta kataluniarra, aspaldidanik Kataluniako gizarte zibilaren inbidia handia baitaukat. Urteak daramatzat Euskalerria Irratian elkarrizketa politikoak-eta tonu umoretsuan egiten. Eta bestelako formatuetan ere uztartu izan ditut gai politikoak eta sozialak umorearekin, esate baterako, BERRIAko Serio Demonio-n. Horregatik, aldaketari buruzko erreportajea umore ukitu batekin egitea proposatu zidatelarik, ideia asko gustatu zitzaidan. Oso eroso sentitu naiz.
Salvados saioaren jarraitzailea zara? Imitatuko duzue?
Salvados saioaren formula asko gustatzen zait. Elkarrizketak modu ezberdinean eginez, elkarrizketatuak ezohiko egoeretan jarriz eta galderak egiteko tenorean umorea erabiliz, errazagoa da erantzunak ere bestelakoak izatea. Apustu estetikoa ere interesgarria da. Eta gure saioan ere edertasun eta adierazkortasun handiko irudiak lortu ditu Iñaki Alforja errealizadoreak.
Labrit Multimediarekin egingo duzun lehen saioak bat egingo du Nafarroako Gobernu berriaren aurreneko 100 egunekin. Zeren bila zoazte, zehazki?
Nafarroa Garaian, aldaketa instituzionalaren aurretik aldaketa soziologiko bat gertatu da. Halaber, aldaketa instituzionala aldaketa politiko eta sozial sakon bihurtzeko zein aukera dauden aztertu dugu, eta egoera berrian alderdiek, gizarte mugimenduek, hedabideek beren burua nola birpentsatu behar duten. Aurpegi, ahots, ideia collage handia osatu dugu horretarako. Gidoigintzan, Nafarroa ederki ezagutzen duten kazetariekin aritu naiz elkarlanean: Gaizka Aranguren, Ibai Fernandez, Itziar Aranguren...
Mahai baten bueltan Juan Cruz Alli, Miguel Sanz, Juan Jose Lizarbe eta Patxi Zabaleta bildu dituzue. Saio oso baterako eman lezake solasaldi horrek.
Edo telesail baterako: House of Foral Cards. Haiekin ordu erdi grabatu nahi genuen, eta, azkenean, bi orduko grabazioa izan zen. Ez zen erraza izan hura gobernatzea. Eta, segur aski, ez gobernatzea zen aukerarik onena. Gogoeta bati hurrengoa kateatzen zioten. Pasadizo interesgarri bati pasadizo are interesgarriagoa. Oro har, lagunarteko giroan joan zen, nahiz eta gairen batekin berotu ziren. Oso gogorra izan da hor guraizea sartu behar izatea.
CAN auzia-n ere murgilduko zarete?
CANen Karlos III.aren etorbideko egoitzaren aitzinean, banku batean, eseri genituen Kontuz elkarteko eledun Patxi Zamora eta Miguel Sanzen CAN auziko abokatu Eduardo Ruiz de Erentxun. Oso solasaldi interesgarria izan zen.
Elkarrizketatuen artean daude Santiago Cervera, Uxue Barkos eta Joseba Asiron.
Guztiekin saiatu gara bestelako giro bat sortzen, umorea erabiltzen. Gehienetan, oso ongi funtzionatu du. UPNren erregimenarekin birrintzaileena Cervera izan da. Ezkerretik aurreratu ninduen.
Lehen saioaren ostean, abenduaren 3rako euskarazko programa bat egingo duzue Nafarroan bertan, ETB1erako.
Road movie baten moduan planteatu dugu. Iruñean ez ezik, Tafallan, Lizarran, Tuteran eta Lodosan ere izanen gara, aldaketa sakona ez ezik zabala ere izan baita. Zenbait gaitan, gehiago sakonduko dugu: konparaziora, euskararen eta abertzaletasunaren auzietan.
Zergatik lehen saio indartsua gaztelaniaz, eta ez euskaraz? Ez al da ikus-entzule euskalduna beti bigarren tokian gelditzen?
Erabat ados nago iruzkin horrekin. Segur aski, jaso ditugun baiezkoek pisu handi samarra eduki dute erabakian. Bi lehendakari ohien mahaiak, bereziki. Interes periodistiko handia zuen, eta ezin genuen lataraturik gorde.
Nola da posible oraindik LTD bidez Nafarroan ETB ezin ikustea?
Akaso, horretan datza Nafarroaren izate bereizgarria: ETB LTDz ezin ikustean. Aldaketa instituzionala aldaketa politiko eta sozial sakon bihurtuko ote den da gure saioko galdera nagusia. Beste bat da ea aldaketa instituzionala aldaketa telebisibo bihurtuko ote den, behingoz analogikotik digitalera aldatuko ote garen.
Juan Kruz Lakasta. Kazetaria
«Ahotsen collage handia osatu dugu»
ETB2k 'Navarra: 100 días de cambio' saioa emango du hilaren amaieran. Labrit Multimediak ekoitzi du, eta Lakasta izango da aurkezlea. Ondo badoa, atal gehiago irits daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu