Eguerdiko 12:00ak. Gaur eta oraintxe bertan hasten da Euskadi Irratia, Eusko Jaurlaritzak sortu duen irrati berria». Azaroak 23 zituen, 1982a zen urtea, Julian Belokirena ahotsa, eta Agur jaunak doinua. Irrati bat, eta mugarri bat: ahotsa eta doinua euskarari emanak, etenik gabeko uhinetan.
Joxe Mari Otermin zuzendaria, Donostiako bere bulegoan (1982). EITB
Eta zuzendaria urduri bere bulegoan. «Estudiotik zortzi bat metrora. Azken unean, minutu gutxiren faltan, kontrolera joan nintzen. Ordurako testuak prestatuak zituzten Julian Belokik eta Arantxa Irastorzak»: ongi oroitzen da egun hartaz Joxe Mari Otermin (Amezketa, Gipuzkoa, 1948), Euskadi Irratiko lehen zuzendaria (1982-1991). Egun hark eragindako bi «sentipen» aipatu ditu: «Apustuarena eta ilusioarena». Egin behar zutenaz ez zutelako zalantzarik, baina izango zuten harreraz bai, baten bat. «Proiektu hartan sartutako guztiontzat, Euskadi Irratia apustu bat zen: euskarazko irratia nahi zuenari aukera duin bat ematea. Alor batzuetan bide txikia zeukan eginda euskarak: esate baterako, albistegietan eta kiroletan. 'Gure entzuleak nola erantzungo du euskal taldeen partidak euskaraz entzuten dituenean? Bizkarra emango die?'. Horregatik diot apustua». Eman ditu data zehatzak, datu esanguratsuak eta testuinguru aipagarriak. Ondorio nagusia: Herri Irratiak aurretik egindakorik gabe ez zela posible izango Euskadi Irratirik. Eta zenbait mugarri aipatu ditu: Jose Ramon Belokik gidaturiko 24 orduak euskaraz saioa, 1976an —«lehen aldarrikapen zuzena eta gardena»—; Herri Irratian euskararen presentzia exijituz eta kate horren autonomia aldarrikatuz 1978an Donostian egindako manifestazioa; 1981ean Herri Irratiak Jaurlaritzarekin egindako hitzarmena —«sei orduz euskara hutsean egindako irratia; martxoan egin zen lehen emisioa»—, eta 24 orduetara egindako jauzia: Euskadi Irratia.
Miren Zubizarreta eta Julian Beloki kazetariak, Fermin Leizaola etnologoa elkarrizketatzen (1982). EITB
EITB taldeko euskarazko lehen hedabidea jarri zuten martxan. Hurrengo egunean, Euskararen Legea onartu zuten legebiltzarrean. Eta handik hilabete eta astebetera hasi ziren ETB1en emisioak.
Hasierako talde hartako kidea izan zen Iñaki Elorza Txapas (Azpeitia, Gipuzkoa, 1952): «Eguna bera baino gehiago, aurretik egindako zero programak ditut gogoan: 30-40 egingo genituen. Oso arraroak ziren, zeren zuk bazenekien, baina elkarrizketatuari esan behar zenion hura ez zela emitituko». Horrekin lotutako pasadizoa Oterminena da: «Bazeuden lehen talde hartan irratia zer zen ongi zekitenak, baina inoiz mikrofono aurrean jarri gabekoak ere bai. Esan nuenean: 'Orain bakoitzak norbait elkarrizketatu behar du estudiotik kanpora'. Batzuek esan zidaten: 'Zer ari zara esaten?'. Jakin-era deitu nuen, eta Joan Mari Torrealdairi esan nion: 'Hi, Juan Mari! Elkarrizketa bat egin behar diagu, baina har ezak proba gisara'. Deitu genion, hitz egin genuen, grabatu, eta erakutsi genion elkarri, jakiteko gauza batzuk nola egiten ziren».
Ez zen hasiera erraza izan. Txapasek dio ordura arte gazteleraz hitz egiten zuen jendeari «oso arraroa» egiten zitzaiola euskaraz egin behar izatea. Berea da pasadizoa: «Alberto Ormaetxea Realeko entrenatzailea zen. Oso euskara ederra zeukan: Eibarkoa. Prentsaurreko bat zen, eta guztia gazteleraz kontatu zuen. 'Bueno, Alberto, eta orain euskaraz', eskatu nion nik. 'Baina kontatu dut kontatu beharreko guztia!', erantzun zidan hark. 'Bai, baina hau ez da egunkari baterako, Alberto, hau Euskadi Irratirako da'. Ez zuen ulertzen. Eta jende askorekin gertatu zitzaigun hori».
Eta ez bakarrik aktualitateko protagonistekin, entzuleekin ere bai. «Jendeari oso arrotza egiten zitzaion atezaina, erdilaria, aurrelaria, jokoz kanpo eta abar esatea. 'Baina zer ari da hau esaten?', zioten. Pedagogia lan horretan, askotan bikoteak sortzen nituen, eta esan: 'Txapelketa edo campeonato-a'; biak batera erabili. Pentsatzen genuelako bazegoela arrisku bat jendea gerturatu beharrean aldentzeko: 'Ez diat ulertzen'. Neure kasa egiten nuen hori, iruditzen zitzaidalako entzuleari hitz berri mordo bat ematen geniola kolpetik, lexiko gehiegi. Kontziente nintzen jendeari kosta egingo zitzaiola».
Irrati «moderno» bat
Profesionalak ziren izatez eta ekitez. Hori du gogoan Odile Kruzetak (Eibar, Gipuzkoa, 1957). 1984an hasi zen Euskadi Irratian lanean; berak gidatu zuen, besteak beste, irratiko lehen tertulia politikoa; albistegietako arduraduna izan zen hamalau urtez, eta, gero, irratiko zuzendaria, 1999tik 2009ra. «Benetan polita izan zen Andia kaleko egoitzara iritsi eta hango giroaz jabetzea: giro irekia, jende gaztea, ilusioz betea... Baina ez edozer gauza egiteko prest. Garbi zeukaten irrati moderno bat, irrati profesional bat egin nahi zutela», azaldu du Kruzetak.
Egina zegoen apustua, baina noiz ohartu ziren balekoa izan zela? 1986an eman zituzten lehen entzule datuak: 36.000 inguru. Handik urte gutxira, 100.000. «Lasaitu handia hartu nuen orduan: 'Balio izan dik, zerbaitetarako balio izan dik', pentsatu nuen», azaldu du Oterminek: «Baina ni markatu ninduena uda hura izan zen: Amezketa jaioterrira joan, auzoko sukaldeko leihoak irekita ikusi, eta guztietan Euskadi Irratiaren marmarra entzutea».
Jose Antonio Garmendia 'Kirkil' teknikaria, Joxe Mari Otermin zuzendaria, Nikolas Aldai kazetaria eta Lutxi Barquin teknikaria, hasierako bileretan (1982). EITB
Txapas lehenago jabetu zen. Hasi eta lau bat urtera tokatu ei zitzaion hitzaldi bat ematea Lazkaon (Gipuzkoa). «Haurrak jolasean ari ziren plazan; futbolean. Gazteleraz ari ziren, baina hara non entzuten diodan bati: 'Oye! ¡Que eso ha sido un alboko sake!'. Guk euskaraz gaztelerazkoak sartzen genituen bezala, hark alderantziz egin zuen, baina neure baitan pentsatu nuen: 'Ari gara zerbaitetan!'». Kruzeta ez da hain urrutira joan: «Ez dut aspaldiko konturik kontatuko. Gaur egun, oraindik ere, Lurraldebuseko autobus batean sartu eta Euskadi Irratia entzuten dudanean, sekulako zirrara sentitzen dut». Zuzendari ohiak dio ez dela «alferrikako» lana izan, eta hasiera hartan aritu zirenek garbi zutela zer jarri zuten euren esku: «Zerbitzu publiko bat eskaini beharra. Ikusten da zerbitzu hori planteatzerakoan zerbaitetan asmatu dela, jendeak entzuten baitu, eta sinesten baitu ematen den informazioan».
Irrati «sinesgarri» bat
«Sinesgarritasuna» bada hirurek irratiari eman dioten ezaugarrietako bat: 40 urteren joanean Euskadi Irratia irrati sinesgarria bihurtu dela askorentzat. Kruzetak egin du hausnarketa: «Sinesgarritasuna egunero-egunero irabazi behar da, baina kolpetik eta egun bakarrean ere galdu dezakezu, eta oso zaila da berreskuratzen. Ondare ukiezin bat da, baina garrantzitsua benetan. Batez ere, gaur egun, hainbeste informazio iturri eta informatzeko bide ditugun honetan. Zurrunbiloz betetako ozeano horretan denok behar ditugu erreferente batzuk. Jakitea halako gaia hark tratatuko duela, eta tratamendua egokia izango dela. Hori irabazi izana benetan garrantzitsua da».
Ahotsa euskarari
Euskadi Irratiak gaurko egunez egin zuen lehen emisioa, duela 40 urte. Euskarari egindako ekarpena eta euskaldunek irrati «duin» bat izan zezaten egindako apustua aldarrikatu dituzte hasiera hartan eta gerora urte luzez bertan aritutakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu