Galegozko ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko aurrerapauso handi bat eman du Galiziako CRTVG talde publikoak: AGalega eduki digitalen plataforma sortu du. Aurretik iritsi zen Primeran 2023ko irailean, edukiak euskaraz kontsumitzeko; eta 3Cat, katalanezko edukien plataforma, urriaren amaieran. Galiziarren txanda iritsi da orain.
Galiziako irrati-telebista publikoak zerbitzu eta eduki guztiak batera aurkeztu ditu: AGalega plataforma bera (agalega.gal), haurrentzat edukiak biltzen dituen Xabarin aplikazioa eta AGalega Audio. Azken horrek Radio Galegaren zerbitzu guztiak biltzen ditu: zuzenekoak, podcastak eta eduki esklusiboak.
AGalega martxan da, 1.400 eduki propiorekin. Erregistratzea gomendatzen dute, baina hori egin gabe ere erabil daiteke. Edukien artean genero guztiak daude: fikzioa, entretenimendua, zinema, telesailak, animazioak, dokumentalak, zuzeneko emankizunak. TVGren albistegiak ere bertan ikus daitezke. Podcastak entzuteko aukera ere ematen dute plataforma berrian.
Haurrentzako Xabarin aplikazioan beste 1.400 eduki daude. Eduki berrien artean Os Argonautas e a moeda de ouro eta Valentina daude. Audiogintzari eskainitako aplikazioan, berriz, 4.500 audio baino gehiago daude eskuragarri.
AGalega plataforma webaren bitartez erabil daiteke, eta aplikazioa doan deskarga daiteke Google Play eta App Store denda digitaletan. Otsailean izango da eskuragarri telebista konektatuetan —Fire TV, LG eta Samsung markako aparatuetan—.
Fikzioa
AGalega plataforman telesail eta pelikula erakargarriak ikus daitezke galegoz. Lan berrien artean daude Na Gloria eta Ghuasapp. TVGk nazioarteko streaming plataformekin batera ekoitzi dituen telesailak ere bertan daude ikusgai: O sabor das margaridas, Auga Seca eta Operación Marea Negra, besteak beste.
Zinema eskaintza ere oparoa da. Katalogoan aurkitu daiteke, esate baterako, Jaione Camborda Donostiako zinemagilearen aurreneko filma: Arima —bigarren filmarekin Urrezko Maskorra irabazi zuzen Zinemaldia, iaz—. Oliver Laxeren O que arde film saritua eta Juanjo Jimenez zinemagilearen Tres film berritzailea ere bertan ikus daitezke.
Dokumental berriak ere jarriko dituzte plataforma berrian. Adibidez, Os sen nome estreinatu dute, Montroven (A Coruña) 1973an izan zen hegazkin istripu tragikoaren gaineko lana.
Musika emanaldi bereziak bilduko dituen atal bat sortu dute: Palco. Bertan ikus daiteke Amancio Prada musikariak Galiziako Filarmonikarekin eman zuen azkeneko kontzertua.
Eguneroko albistegiez gain, albistegi zerbitzuetako taldeak egiten dituen programak ere ikus daitezke AGalega doako zerbitzuan.
Mahaia, pozik
Normalizazio Linguistikoaren Aldeko Galiziako Mahaiak azkeneko urteetan lan handia egin du galegozko Xabarin egitasmoan aurrerapausoak eman daitezen. Behin Xabarin aplikazio digitala sortuta, Mahaiak gizarte galiziarraren «lorpentzat» jo du. Xela Armas Mahaiko idazkari nagusiak AGalegaren aurkezpenean parte hartu zuen, Santiagon, joan den astean. «2022ko maiatzean Galiziako Parlamentuan onartu zena betetzen hasi dira», esan du Armasek. «33.000 herritarrek sinatu zuten Xabarin egitasmoaren alde, udal ugarik bat egin zuten eskaerarekin, eta galiziar gizartearen garaipen bat da hau».
Denbora gutxian jarri dira martxan Primeran Euskal Herrian, 3Cat Katalunian eta AGalega eta Xabarin Galizian. Nazioarteko streamingplataformetan ere gero eta eduki gehiago kontsumitu daitezke euskarazko, katalanezko eta galegozko audioekin edo azpitituluekin. Baina badira Espainiako Ikus-entzunezkoen Legea urratzen ari diren telebistak eta plataformak. Galegoaren eskubideen alde lan egiten duen erakundeko ordezkariak gogoratu du TVE legea urratzen ari dela: «TVEk soilik 25 minutu egiten ditu egunean galegoz. RTVE Play plataforman, bestalde, galegozko lau film daude, eta horietatik bi baino ezin dira gure hizkuntzan ikusi». Katalunian eta Hego Euskal Herrian ere kezkatuta daude TVEren jarrerarekin. Izan ere, TVEko Clan kateak haurrentzako edukiak euskaraz, katalanez eta galegoz eman beharko lituzke legea betez gero, baina ez dira horretan ari.