Maialen Garmendia (Donostia) EHUko irakaslea eta ikerlaria da, Soziologiako doktorea, eta azken 11 urteetan adingabeek Internet erabiltzeko zer ohitura dituzten ikertzen dihardu nazioarteko EU Kids Online ikerketa taldean. Hain zuzen, Espainiako Estatuan jaso dituzten azken emaitzak azalduko ditu gaur, Internet Seguruaren Nazioarteko Egunean, Bilboko Azkuna zentroan (19:00). Erabiltzaile goiztiarrak? Internet arakatzen 7 urtetik aurrera izeneko hitzaldia emango du.
Hamar urtetik gora daramazue adingabeek Internet nola erabiltzen duten aztertzen. Zeri erreparatu diozue azken ikerketan?
Ikusi nahi genuen erabiltzaile adingabeen arriskua lehengo bera den, gora egin duen ala murriztu egin ote den egungo ekosistema mediatiko berrian.
Emaitzetan ageri da adingabeen artean gora egin duela Interneten erabilerak. Arriskuak ere bai?
Internet geroz eta lehenago erabiltzen dute 9-16 urte bitarteko adingabeek; batez ere, mugikorren erabilera dela eta. Guk frogatuta geneukan Internet zenbat eta gehiago erabili arriskuak ere orduan eta gehiago direla, baina ikusi duguna da behera egin duela arrisku egoeretan kaltetuen proportzioak.
Arriskuari erantzuteko erreminta gehiago dituzte adingabeek?
Erabilerari esker, nolabaiteko trebeziak garatzen dituzte, baita erresilientzia ere. Beraz, kaltea murriztu egiten da kasu askotan.
Aurreko ikerketetan ikusi zenuten erabiltzaileak geroz eta goiztiarragoak direla. Joera hori mantendu egin da azken emaitzetan?
Azken lan honetan, oso agerikoa izan da. 15-16 urte dituztenak 10-11 urterekin hasi ziren Internet erabiltzen. Aldiz, 9-10 urte bitarteko erabiltzaileak 7 urterekin hasi ziren, batez beste.
Eta horrek arriskua handitzen du?
Adingabeek Internet lehenago erabiltzen hasteak aukera ematen die guraso eta hezitzaileei haurren erabilera ikuskatu eta laguntzeko. 15 urteko nerabe bati ez diogu eskatuko sare sozialetan bere lagunak nor diren erakusteko, baina 9 urteko haur batek egingo luke.
Helduen zaintzapean konektatzen al dira Interneten?
Ordenagailu bat soinean eramaten dutenez gero, helduen ikuskaritza erraz saihesten dute. Hala ere, azken ikerketa honetan ikusi dugu gurasoen bitartekaritzak gora egin duela azken bost urteetan. Aholkuak ematean, hainbat jarduera partekatzean... Esan genezake gurasoak orain aktiboagoak direla.
Zein izaten dira arrisku egoerarikohikoenak?
Aztertu ditugu bullying-a, eduki sexualeko mezuak jasotzea, gehiegizko erabilera eta ezezagunekin hitzorduak izatea. Aipatzekoa da bullying-ak gora egin duela nabarmen. Azken bost urteetan, bikoiztu egin da. Baina gehien hazi den bullying-a aurrez aurrekoa da.
Eta zein arriskuk eragiten du kalterik handiena?
Arrisku guztiek ez dute kalte bera eragiten. Lehen, kezka handia zegoen pornografiaren inguruan, baina eduki pornografikoak jasotzea, bere horretan, ez da oso kaltegarria. Kalterik handiena eragiten duena bullying-a da, zalantzarik gabe.
Zein izan daiteke adingabeak arriskutik babesteko bidea?
Kontua adingabeak ahalduntzea da. Duela zenbait urte, nerabeek arazoren bat zutenean, isildu egiten zuten; helduei kontatuz gero Interneterako sarbidea kenduko zieten beldur ziren. Helduek adierazi behar dute laguntzeko prest daudela. Bestalde, adingabeek pribatutasuna kudeatzen ikasi behar dute. Zenbaitetan, argazkiak atera, modu desegokian zabaldu, eta edozeinek ikusteko moduan uzten dituzte.
Generoak badu zerikusirik erabileran. Zein ezberdintasun dago?
Oro har, kide eta lagunekin harremanetan jartzeko erabiltzen dute Internet. Hori da erabilerarik ohikoena. Bitxia bada ere, azken hamar urteetan joera bera izan da: neskek gehiago erabili dute sarea harremanetarako, eta mutilek, jokoetarako; batez ere, adin txikieneko mutilek. Berrikuntza asko izan diren arren, erabiltzaileen ohiturak ez dira asko aldatzen.
ATZEKOZ AURRERA. Maialen Garmendia. EHUko ikerlaria
«Adingabeek pribatutasuna kudeatzen ikasi behar dute»
Interneten erabilerak gora egin du adingabeetan, eta arrisku egoerak ugaritu dira. Proportzioan, aldiz, gutxiago dira kaltetuak. Garmendiak gidatu duen azken ikerketaren emaitzak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu