Koronabirusaren pandemia bete-betean zela, 2020ko apirilean, Adinberri saioa estreinatu zuen ETB1ek, Iñigo Vicens eta Zuriñe Hidalgo gidari zituela. Etxean ariketa fisikoa egiteko aukera ematen zuen programak, eta adineko ikus-entzuleentzat prestatua zegoen batez ere. Saioak eten bat izan du, baina, haren ostean, denboraldi berria abiarazi du ETBk aste honetan; lehen bezala, zahartze «osasuntsu eta aktiboa» bultzatzea izango du helburua.
Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten du ETB1eko saio hori, Adinberri fundazioaren bitartez. Astelehenetik ostiralera ematen dute, 11:00etatik 11:40ra —EITBren webgunean ere ikus daiteke—. Iñigo Vicens prestatzaileak aurkezten du saioa, eta adineko jendearen artean ariketa fisikoa «bere osotasunean» sustatzea dauka helburutzat. Hidalgok orain ez du parte hartzen.
Lehen denboraldian, mindfulness-a eta estimulazio kognitiboa lantzen hasi ziren. Tarte horiei eusteaz gain gain, beste bi atal gaineratu dituzte: elikadurari eskainitako atal bat gidatuko du Nahia Zeziaga nutrizionistak, eta mediku kontsulta bat zabalduko dute, Esther Larrañaga mediku geriatrarekin. Denboraldi honetan, mindfulness-eko irakaslea Laura Casado izango da, eta Ane Iriondo adituak landuko du estimulazio kognitiboa.
Adineko bi herritarren laguntzarekin
Beste berrikuntza aipagarri bat izango du aurten Adinberri saioak: ariketa fisikoa egiten arituko dira adineko bi herritar, Vicensekin batera. Pili Madinabeitia eta Juan Anjel Xarpas izango dira.
Unai Iparragirre ETBko zuzendariak nabarmendu du Adinberri-k harrera ona izan duela programazioan. Era berean, Arteman ekoiztetxearen lana eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako elkarlana goraipatu ditu: «Autozainketaren kultura eta bizitza osasungarria sustatzeko eta euskal herritarren ongizate integrala lortzeko helburuarekin sortutakoa da Adinberri saioa». Adinekoen «autonomia» lantzea da programaren xedea.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bestalde, adierazi du foru aldundiaren lehentasunen artean dagoela «ororen ongizate integrala bultzatzea». Horrekin lotuta, uste du Adinberri telebista saioak «ekarpen esanguratsua» egiten duela. «Eguneroko martxan, denok behar ditugu arnasa eta ariketa fisikoa, osasuntsu eta orekan bizitzeko, ongi sentitzeko». Alde horretatik, Mendozari iruditzen zaio Adinberri-k beste bide bat zabaltzen duela horretarako. «Leiho bat zabaltzen du adinekoen ongizate integrala sustatzeko ahaleginean, eta ikuspegi integral batekin eta modu entretenigarrian egiten du hori».
Lehen denboraldia 2020koa da, eta hartako 50 atal ikusgai daude EITBren Nahieran zerbitzuan. Denboraldi berriko atalak ere Interneteko atari horretan ikusi ahalko dira.