Teknologia berriek aldaketa ugari dakartzate, eta, edozein arlotan, lan egiteko era berrietara egokitzera behartzen dute gizartea. Kazetaritzan, adimen artifizialak hainbat aukera —eta arazo— ekarri ditu. Azken urtean pil-pilean egon den teknologia berri horrek informatzeko modua erabat aldatzeko potentziala du. Hori dela eta, kazetariek eta hedabideetan lan egiten duen orok ikasi behar dute adimen artifiziala euren alde erabiltzen, modu arduratsu batean. Horretarako, gaur, Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren egoitzan, Hedabideetan adimen artifizialaren erabilera etikoa sustatzeko dekalogoa aurkeztu dute, Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak idatzitakoa.
Dekalogoak zenbait oinarri bereizi ditu: besteak beste, «gardentasun mailak adimen artifizialaren erabileran», «esleipen eta trazabilitatea hobetzeko konponbideak arakatzeko premia» eta «adimen artifizialaren bilakaera arina». Hamabi puntuko gidaliburu horren aurkezpenean, Carmen Peñafiel, Javi Onaindia, Mario Hernandez Ramos, Ramon Salaverria eta Ricardo Devis adimen artifizialean eta kazetaritzan adituak egon dira.
Hamabi puntuak
Dekalogoaren lehenengo puntuak oinarri orokorrak azaltzen ditu. Adimen artifizialarekin egindako edozein edukik Europako erakundeetan argitaratutako arauketa eta araudia bete behar du, baita indarrean diren arau etikoak ere. Horrez gain, oinarrizko eskubideak eta kazetaritzako kode deontologikoa errespetatu behar ditu adimen artifizialaz baliatzen den lanak.
Bigarren puntua fidagarritasunari dagokio: «Konfiantza funtsezkoa da euskarriek adimen artifiziala aukeratzean eta erabiltzean». Hedabideak fidagarriak izateko, konfiantza ezinbestekoa da.
Gardentasuna da hirugarren puntua. Adimen artifiziala zenbait pausotan erabil daiteke: besteak beste, albisteen eskemak egiteko edo ideia sortzeko garaian, iturriak bilatzeko edo informazioa laburtzeko. Kasu guztietan, kazetariak berak hartu behar du argitaratze erantzukizuna.
Trazabilitatea ere azpimarratzen du dekalogoak. Adimen artifizialak zail egiten du jakitea albistea edo testua nork egin duen, eta, horren ondorioz, lan handia egin behar da informazioaren trazabilitatea bermatzeko. Erredakzioan hartzen diren garrantzi handiko erabakietan, ezinbestekoa da pertsonen kontrola: «Adimen artifizialak kazetari irizpidean lagundu behar du, ez irizpide hori ordezkatu».
«Adimen artifizialaren sistema gehienak ez daude datuen pribatutasuna babesteko diseinatuta, eta, horregatik, erraz jaso ditzake zibererasoak eta erraz lapurtu ahal zaizkio datuak», dio gidaliburuak segurtasunaren inguruan.
Pribatutasuna, bere horretan, zaintzeko beste puntu bat da. Ikus-entzule edo erabiltzaileen datu pertsonalak «eskuraezinak» izan behar dute enpresentzat, besterik adierazi ezean. Datu horien kontrola erabiltzaileak berak izan behar du.
Zazpigarren puntuak, egiaztapenak, adimen artifizialaren bitartez lortzen den informazioaren kalitatea hobetzeko eta bermatzeko du helburu. «Egiaztapenerako bitartekoak garatzeko» lagungarria izan behar da adimen artifiziala.
Kazetarien heziketa ezinbestekoa da adimen artifizialak eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko eta dakartzan arazoak saihesteko. Etengabe aldatzen den teknologia horretaz aprobetxatzeko «taldeetan diziplinartekotasuna sustatzea» gomendatzen da.
Bederatzigarren puntua monitorizazioa da. «Ustezko kalteak antzeman eta arintzeko», eta, adimen artifizialaren eragina ulertzeko, garrantzi handia du monitorizazioak.
Ikerketan, eztabaidan eta lankidetzan oinarritzen da hamargarren puntua. Adimen artifizialaren onurei eta arriskuei buruzko eztabaidak ezagutarazi behar dira, publikoari informazioa eman eta estandar berak adosteko.
Kontuak ematea ere oso garrantzitsua da konfiantza sortzeko eta gaizki egiten dena zuzentzeko. Hartzaileek adimen artifizialaren erabilera kritikatzeko edo eztabaidatzeko kanalak izan behar dituzte.
Azken puntua, hamabigarrena, berrikusketa da. Adimen artifiziala etengabe aldatzen den teknologia bat dela kontuan hartuta, kazetariek eta hedabideek prest egon behar dute hezten eta ikasten jarraitzeko. Horrek bidea emango du adimen artifizialaren erabileraren ingurukoei konponbidea emateko, eta metodo berriak eta gogoetak sustatzeko.