Ander Edok eta Nerea Arriolak Adi eta Ari izeneko podcasta aurkeztuko dute datorren astelehenetik aurrera Naiz irratian. Euskara lantzea izango du helburutzat saioak, eta batez ere B2 mailako edukiak landuko dituzte modu «arin eta entretenigarrian». Hala iragarri du Maite Bidarte Naiz irratiko saioen arduradunak. Datorren astetik aurrera, Naiz irratiak astegunetan emango du saioa, 20:50ean —atalak laburrak dira, sei minutu ingurukoak—. Edonola ere, Naiz irratiko webgunean ere sareratuko dituzte atal guztiak, baita gehien erabiltzen diren audio plataformetan ere.
Irratiko arduradunek ohartarazi dute hizkuntza bat ez dela egun batetik bestera ikasten. «Naiz irratiak euskararen ikaskuntzan laguntzeko bere alea jarri nahi izan du Adi eta Ari podcastaren bidez», azaldu du Bidartek. «Euskara ikasteko metodo eta eduki ugari daude eskuragarri gaur egun, baina gure helburua da prozesu hori atseginagoa, gertukoagoa eta egunerokoan erraz txertatzeko modukoa egitea».
«Euskara ikasteko metodo eta eduki ugari daude eskuragarri, baina gure helburua da prozesu hori atseginagoa, gertukoagoa eta egunerokoan erraz txertatzeko modukoa egitea»
MAITE BIDARTENaiz irratiko saioen arduraduna
Podcastean euskarazko esamoldeak, gramatika edukiak eta kultur erreferentziak landuko dituzte, modu arinean. Naiz irratiko askotariko saioetan egindako elkarrizketak baliatu dituzte Adi eta Ari podcasteko ikasgaiak sortzeko. «Horrela, euskara maila hobetzeaz gain, Euskal Herriko pentsalari, sortzaile, kirolari eta ikertzaileak ezagutzeko aukera zabalduko du irratsaioak».
Solasaldien transkripzio osoa
Bidarteren arabera, Naiz irratian egunero elkarrizketa asko egiten dira, eta gai oso desberdinak lantzen dituzte. «Iruditu zitzaigun aukera ona zela egindako elkarrizketa horiek baliatzea ikasgaiak sortzeko, euskara hobetzeaz gain Euskal Herria hobeto ezagutzeko aukera ematen duelako». Adibidez, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariari egindako elkarrizketa bat baliatuz, -aro atzizkia landuko dute; Jon Galparsoro historialariari eta Anje Duhalde musikariari egindako elkarrizketak erabiliko dituzte -ere partikula lantzeko... Hizkuntza formala eta lagunartekoa entzun ahalko dira ataletan.
Euskaraz ikasten ari direnek podcasta jarraitzeko erraztasun gehiago izango dituzte, gainera: solasaldiaren transkripzio osoa jarriko dute Naiz irratiaren webgunean, Adi eta Ari atalean. Toki berean jatorrizko elkarrizketa osoa entzuteko modua ere egongo da.
Edo eta Arriola aurkezleak aldarte alaian ariko dira solasean atal guztietan, eta Naiz irratiko elkarrizketa baten zatiari emango diote bide, gonbidatuak esandakoa baliatuz ikasgaia osatzeko. «Gonbidatu denek ez dute zuzentasun osoz hitz egiten, baina hori ez da arazo. Alde batetik, kalean ez delako zuzentasun osoz solastatzen, eta beste aldetik, akatsak ere baliatu nahi ditugulako ikasgaiak sortzeko», nabarmendu du Bidartek.
Saioko gidoilariak Oihana Maritorena eta Gorka Arrese izan dira. Aktorea eta euskara irakaslea da Maritorena. Arrese editore eta kazetari lanetan aritua da, eta egun euskara zuzentzaile ari da.
Naiz irratiak entzuleari gonbita egin dio, Adi eta Ari «erronka pertsonal gisa» hartzeko. «Egunero sei minutu, egunero ikasgai bat, eta egunero Euskal Herria hobeto ezagutu».