FMko dialean euskarazko irrati berri batek tokia aurkitu du aste honetan: Naiz Musika du izena egitasmoak. Naiz irratiaren proiektu hori atzo iluntzean aurkeztu zuten, Donostian, Musikharia saioaren milagarren atal berezian.
Ane Urkiri Naiz-eko zuzendariak egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu: «Naiz irratia Info7tik datorren irrati bat da. Bestalde, musika irratiaren ardatz izaten da. Eta gure kasuan ere, euskal musikak garrantzi handia izan du: ez bakarrik irratian, baizik eta komunikazio proiektu osoan». Urkirik gogoratu du Naiz-en eta musikarien arteko elkarlana bi noranzkoetan gauzatu dela azkeneko urteetan. «Espolioaren auziarekin, musikariak gure ondoan izan ziren, gurekin atxiki ziren. Beste alde batetik, koronabirusaren pandemiaren garaian, musikarekin lotura bat izan genuen, eta kontzertu batzuk sortu genituen. Kultura laguntzeko asmoz ere saiatu ginen horretan». Elkarlan hori sendoa dela argi du kazetariak. «Musikak eta euskal sortzaileek toki garrantzitsua dute guretzat, bai irratian, bai eskaintza idatzian ere. Naiz Musika kanalean hori guztia islatuko da».
Horrenbestez, Urkirik nabarmendu du egitasmoa ez dela ezerezetik abiatu: «Bidea eginda dago, eta ez da bide berri bat, baina bai, bada urrats bat gehiago egitea».

Irrati emisora propioa izango du Naiz Musikak, eta sakelakoetarako eta gailu eramangarrietarako aplikazio bat ere izango du. Frekuentziak honako hauek dira: Bilbon, FMko 101,1ean; eta Gasteizen, FMko 87.7an eta 90.4an. Donostialdean oraindik ezin da uhin bidez, baina aurrerago entzun ahalko da.
Musika irratsaioak
Musika entzungo da bertan, eta Naiz Irratian egun entzuten diren musika saioak ere bai. Orain egiten den materiala erabiliko dutela iragarri du Urkirik.
Musikariek eta euskal sortzaileek albiste pozgarritzat hartu dute Naiz Musika sortu izana. «Haien aldetik oso erantzun ona jaso dugu. Euskal musikariak eroso sentitzen dira Naiz irratira etortzen direnean, eta, urrats berri hau eginda, FMko emisora berri batekin, oso gustura daude». Naiz-eko zuzendariaren arabera, ekarpen bat egingo du egitasmo berriak. «Mainstream-ak hor egongo dira aurrerantzean ere, noski. Baina mainstream ez diren horientzat ere apustu handia da hau».
«Musikak mugitzen gaitu herri bezala, eta jakitun gaude belaunaldi berriak erakartzeko ere musika funtsezkoa dela»
ANE URKIRI'Naiz'-eko zuzendaria
Naiz irratiaren proiektua handituz doa, eta horrek ere mugiarazten du lantaldea, Urkiriren arabera. «Ikusteak pausoak ematen direla, oztopoak gaindituz goazela eta bidezidorrak irekitzen direla, horrek ematen digu aukera proiektu hauek egiteko». Hortaz, Irrati lizentziak lortzea garrantzitsua izan dela adierazi du Urkitik. Nafarroan ere irrati digitalerako lizentzia autonomiko bat lortu du Naiz irratiak.
Euskal sortzaileentzat eta komunitatearentzat ere garrantzitsua da Naiz irratiaren hazkundea. Hala uste du, bederen, Urkirik. Arrosa sarearen parte da Naiz irratia. «Euskal irratigintza independente eta behetik datorrena indartsu izatea ederra da. Euskadi Irratiaz gain, lekua badago herri ekimenetik sortutako irrati sare indartsu batentzat, eta hori edukitzea euskara hutsean bada zerbait euskal komunikazio esparruan.
Urkirik nabarmendu du Naiz irratiak hainbat jaialditan duela presentzia nabarmena: Hatortxu Rock, Gazte Topaguneak… «Musikak mugitzen gaitu herri bezala, eta jakitun gaude belaunaldi berriak erakartzeko ere musika funtsezkoa dela».

Naiz Musika kanal berriaren aurkezpena atzo arratsaldean egin zuten, Dabadaba aretoan, giro ederrean, Musikharia saioaren 1.000. atalaren emankizun berezian. Hainbat musikarik binaka kantatu zituzten abestiak. Gartxot Unsain, Izaro Andres, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Iker Lauroba eta Lide Hernando igo ziren oholtzara, baita Judit Neddermann eta Idoia Asurmendi ere.
Iker Gurrutxaga Musikharia saioko gidariak hitz hauekin amaitu zuen: «Hau da Naiz Musika, beti gure musikaren alde».
Atzoko emankizuna osorik ikus daiteke Youtube atarian: