Abangoardia gazte baten saioa

Umore ukituarekin, Internet bidezko saio bat egiten hasi da Euskal Herriko Abangoardia taldea

Bideo deien bidez eztabaidan aritzen dira Euskal Herriko Abangoardia taldearen saio nagusian. BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
«Euskal senaren gainbeheraren une gorena den XXI. mendean elkartu gara euskal abangoardiaren adierazle nagusiak, jasaten gabiltzan egoera honek eragindako ondoezaren inertziaz baliatuz, etorkizunean nazio askapenerako ernamuin izango den independentzia intelektual aratzerako bidea argitzekotan». Hala dio sorrerako agirian Euskal Herriko Abangoardia taldeak. Berriki zenbait sare sozialetan egin du agerraldia, Internet bidezko eztabaida saio batekin. «Denetarik dago EHA osatzen dugunon artean: musikariak, memegileak, bateko eta besteko adituak, saltseroak... Gutariko batzuk oraindik ez dugu hiru dimentsiotan elkar ezagutzen, baina sintonia nahiko ona izaten ari gara orain arte, eta espero dugu horrek joko dezente ematea gure saioan», azaldu du taldeko kide Maite Txintxurretak.

Taldeko sustatzaileek ez diote umoreari muzinik egin sorrerako planteamendua mahai gainean jartzeko orduan. «Jakinekoak gara Euskal Herriari, gure herriari, eskatzen diogun konfiantza-itsu eta adimen-mendekotasun ariketa honetan, euskal sen aratzak edozein sumisio eskakizunen aurkako jarrera mantentzera behartzen duela. Baina, herri honetan, sen garbi horren arrastorik aurkitzeko ezintasunaren aurrean, populuak mendekotasun hori gogo onez hartuko duenaren ziurtasunarekin jarduten dugu». Are gehiago: «Adimen purutasunaren alde jarduteko erantzukizuna hartzen dugu gure gain, atzerri fisiko zein intelektualetatik heldutako edozein kutsadura ezabatzeko bidean giltzarri izango delakoan gure eredu eta lana».

Internet bidezko eztabaida saio batekin hasi dira, oraingoz. «Askotariko gaiak jorratuko dituena eta umorea eta paternalismoa izango dituena oinarri», iragarri du Txintxurretak.

Aurreneko atalak Dragoi bola marrazki bizidunen saioa izan zuen aztergai. Baina askotariko gaiak landuko dituzte datozen asteetan, euskal gizartearekin lotutakoak lehenetsiz. Inperialismoaz eta herrietako jaiez egin zituzten bigarren eta hirugarren atalak. Hurrengoetan, berriz, euskal pilotaz eta musikaz arituko direla aurreratu dute. Aurrerantzean saioa astean behin egiteko asmoa dute: igande gauetan.

Bestelako edukiak, laster

Txintxurretak, era berean, nabarmendu du taldeak bestelako edukiak ekoitziko dituela, saio nagusiaz aparte. «Bideo laburragoak egingo ditugu, hartzaileentzat nolabait praktikoak izan daitezkeenak. Umore ukitua baztertu gabe, noski». Aukeren artean sukaldaritza eta brikolajea dituzte buruan, besteak beste. «Euskal inperialismoari laguntzeko trikimailu bat azaltzeko tutorial labur bat egin dugu dagoeneko». Eduki eta baliabide guztiak bateratuko dituen webgune batean ari dira lanean egunotan.

Taldeak, gainera, erantzun nahi izan die uztailaren 12rako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan deituta dauden hauteskundeei. «Euskaldunoi eskatuko genieke gugan konfiantza izateko eta botere betearazlea gure esku uzteko. Erantzukizun horri aurre egiteko grina eta gaitasuna soberan ditugu». Sorrerako testuan, «Aitzina goaz eta laguntzan goaz!» diote. Beti ere, ironiazko zipriztinekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.