Adimen artifizial sortzaileari beldurra galtzeko aholkatu du Laia Grassik

C Eguna publizitate ekitaldia egiten ari dira Donostiako Kursaal jauregian. Andorrako publizitate sortzaileak adimen artifzialaren aukerez eta mugez hitz egin du. «Adimen artifiziala besarkatzen ez duena atzean geldituko da».

Laia Grassi adimen artifizialari buruz mintzatu da Donostian, C Eguna jardunaldian. GORKA RUBIO / FOKU
Laia Grassi adimen artifizialari buruz mintzatu da Donostian, C Eguna jardunaldian. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
DONOSTIA
2025eko martxoaren 21a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Olatu bat sortu den bakoitzean, beldurra piztu da», azaldu du Laia Grassi Andorrako publizitate sortzaileak Donostian, C Eguna publizitate kongresuan. Haren esanetan, azkeneko mendeetan olatu bat baino gehiago izan dira, eta beti izan dira asmakuntzei eta teknologiari «beldurrez» begiratu dietenak. «Seigarren olatuan murgiltzen ari gara, adimen artifizial sortzailearenean. Eta adimen artifiziala onartu beharra dago: adimen artifiziala besarkatzen ez duena atzean geldituko da».

Grassik sei urte baino gehiago daramatza adimen artifizial sortzailearekin iragarkiak egiten. Nazioartean berrogei sari baino gehiago jaso ditu. Harentzat, adimen artifizial sortzailea «energia eta magia» da. «Magia da, nire desioak errealitate bihurtzen dituelako». Testuak, audioak, bideoak eta hiru dimentsioko irudiak sor ditzake adimen artifizial sortzaileak. Grassik, kasurako, bideoklip laburrak egin zituen The World History Museum museoarentzat; Eugene Violet-le-Duc arkitektoa berpiztu zuen Frantziako Arte Ederretako Museoarentzat, eta hark amaitu gabe zituen obrak adimen artifizialari amairazi; sofak kokatzeko dozenaka logela sortu zituen Conforama enpresarentzat; moda arloan, Maurizio uharteetan kokatu zituen zenbait jantzi; liburuak sortu zituen Amazonentzat; eta ehunka irudi sortu zituen Coca Cola edari markarentzat. Gainera, adimen artifizialarekin sortu ditu bai Hacker Mate edariaren lataren diseinua eta bai hari lotutako publizitate kanpaina osoa. Eta, berriki, Saint Tropezeko (Frantzia) Operako jatetxea diseinatu du. Adimen artifizialarekin etxe bat diseinatzen ere ari da, Andorran.

Laia Grassi Dia C publizitate kongresuan
Laia Grassi sortzailea, gaur, C Eguna publizitate kongresuan, Donostiako Kursaalean. GORKA RUBIO / FOKU

Adimen artifizial sortzailearen aukerak eta mugak ikertzen ere ari da Grassi: dokumental bat egin du gai horri buruz, eta Movistar Plus plataforman estreinatuko da hiru hilabete barru. Hollwyood adimen artifiziala erabiltzen ari dela ageri da lan horretan, besteak beste.

Liburu bat ere idatzi du, Yo, Algoritmo izenburukoa, hemendik gutxira argitaratuko dena. Hartan, adimen artifizialaren aroko hamar mandamentuak jaso ditu. Hauek dira: «Ez zara adimen artifizialaren beldur izango; adimen artifizialarekin dantza egiten ikasiko duzu; haren gizatasuna landuko duzu; ezezaguna den hori arakatuko duzu; arauak hautsiko dituzu; ezagutza zabalduko duzu; arduratsua izango zara; dena jarriko duzu auzitan; aldaketara egokituko zara, eta etorkizuna sortuko duzu».

Grassiren arabera, adimen artifizialak ikasi eta prozesatu egiten du, eta adierazteko gai ere bada. Baina zer falta du? «Ez du ez emoziorik eta ez kontzientziarik. Zorrotza da, originaltasunean mugatua, eta ez du intentzionalitaterik. Ez du enpatiarik». Hori aintzat hartuta, adimen artifizial sortzailearekin esperimentatzeko deia egin du Andorrako sortzaileak: «Jokoak aukera ematen digu arakatzeko, porrotari beldurrik izan gabe». Virginia Woolf idazleak planteatzen zuen gela bat norberarena edukitzea literatura sortzeko, eta, hain justu, Grassik uste du halako esparru bat behar dela etxean: «Toki bat eta denbora bat, adimen artifizialarekin praktikatzeko. Galderak egiteko eta arakatzeko. Lehen ezinezkoa zirudiena orain posible da». Gaineratu duenez, adimen artifizialaren garapena sua deskubritu zutenekoarekin alderatzen dute nazioartean.

Estetika gaindituz

Beste sormen prozesu batzuen inguruko hitzaldiak ere eman dituzte gaur Donostiako biltzarrean. Wences Sanz diseinatzaileak gonbidatuta, Meritxell Casamira eta Alba Prado kataluniarrak mintzatu dira.

«Diseinua tresna bat da giza esperientzia ezagutzeko», azaldu du Casamirak. Estudio propioa du, eta estetika gainditzearen alde egin du. «Hizkuntza unibertsal batean hitz egin behar da, diseinua ahalik eta jende gehienarengana irits dadin». Poster digital batzuen adibideak eman ditu: social hitzaren hizkiak mugimenduan daude, zirkuluan. Enpatiaz ere mintzatu da Casamira, «mezua jasoko duenaren tokira jaitsi behar baita».

Meritxell Casamira sortzailea C Eguna kongresuan
Meritxell Casamira diseinatzailea, gaur, C Eguna kongresuan. GORKA RUBIO / FOKU

Pradok bere hiru lan mota erakutsi ditu: arte arloko gidaria da Drut animazio estudioan, eta Bartzelonako Udalarentzat birziklapenaren inguruan sortu duen animaziozko kanpaina bat aurkeztu du. Bestalde, erakutsi du olioa nola erabili duten stop motion teknologiarekin disko baterako, eta kantentzako gif-ak nola osatu dituzten. Eta Pets egitasmoan, berriz, animalien margolanak egiten ditu norbanakoentzat, jabearen informazioa jaso eta gero. Lanak maitasunez egitearen alde mintzatu da.

Alba Prado sortzailea C Eguna publizitate kongresuan
Alba Prado sortzailea, Donostian, C Eguna publizitate kongresuan. GORKA RUBIO / FOKU

Alex Puig, Oriol de Pablo, Maria Cerdan eta Eugenia Tenenbaum ere mintzatu dira goizeko jardunaldietan. Eguerdian, Gazte Sortzaileen Sariak eta Juan Mariano Mancebo saria eman dituzte.

Bihar amaituko dira publizitate jardunaldiak. Besteak beste, Hernan Casciari idazle eta sortzaile argentinarra arituko da bihar. 19:00etan, gala berezia egingo dute Espainiako Sormen Sari Nazionalak banatzeko. Club de Creatividad da ekitaldiaren antolatzailea. Hamargarren urtea da Donostian egiten dutena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.