Frantziaren eta Espainiaren arteko finalerdietako ikusle datuak gainditu zituen Eurokopako finalak atzo, eta, hala, beste behin argi geratu zen futbolak zenbateko garrantzia duen telebistan. Eurokopako partidek izandako arrakastari azken ukitua eman zien atzo Espainiako La1 kateak. %69,8ko kuota bereganatu zuen partidak EAEn: 553.000 ikus izan ziren batez beste, eta 868.000k ikusi zuten emanaldia minutu batez gutxienez. Nafarroako, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikusle daturik ez dago. La1ren transmisio eremu osoko datu apalenak izan ditu EAEk, bai finalean, baita ospakizunean ere.
La1 kateak %78,7ko kuota lortu zuen emanaldia transmititu zuen eremu guztian, batez beste. Hemeretzi milioi ikuslek ikusi zuten finala minutu batez gutxienez, eta 13,1 milioiko batezbestekoa erregistratu zuten. Hala ere, ospakizunaren datuek gainditu egin zituzten partidarenak. Kuota lau puntu eta erdi inguru igo zen EAEn, 22:53tatik 23:20rako tartean %73,5eko datua lortuta. La1 kateko datu guztiek ere goraka egin zuten partidaren ondoren: hamalau milioi ikusle izan ziren batez beste, eta %79,1eko kuota. Balear uharteetan erregistratu ziren datu handienak: kuota %86,2koa izan zen han. Katalunian %76,1eko kuota izan zuten, eta Galizian %78,3koa.
Espainiako selekzioak ez zituen horrelako telebista datuak lortzen 2012an Italiaren aurka Eurokopako finala jokatu zuenetik. EAEn, baina, beherakada nabarmena izan da. 2010. urtean, Hego Afrikako munduko txapelketan, %80,4ko kuotara iritsi zen Herbehereen eta Espainiaren arteko finala. 2010ean datu onak izan arren, apirilaren 6an Athleticek eta Mallorcak jokatutako Kopako finalean kuota %83,4koa izan zen, eta, hala, errekor bat ezarri zen EAEn. Espainiako selekzioaren partida guztietan, %55eko kuota izan da EAEn batez beste, La1 kateak hartzen duen eremuko txikiena, berriz ere. Osotara 31,6 milioi pertsonak ikusi dituzte Espainiako telebista kate horrek emandako partidak.
Ingalaterran, bestalde, gehiago ikusi zen aurreko Eurokopako finala, Italiaren aurka jokatu zutena. Gehienez ere 25 milioi ikusleko datuak erregistratu dituzte Ingalaterran. BBC kateak 11,3 milioi ikusle izan zituen, eta ITVk 3,7 milioi; bien artean, %75eko batezbesteko kuota eskuratu zuten. 2021eko Eurokopako finalak 31 milioi ikusle izan zituen. Ingalaterrako hedabideek uste dute beste hamar milioi pertsonak tabernetan ikusi zutela atzoko finala.
Esku pilotak ere izan du oihartzuna
Eurokopako finala ez zen izan atzo Euskal Herrian ikusitako kirol emanaldi bakarra. Iruñeko sanfermin jaien harira, San Fermin pilota lehiaketa egin zuten. ETB1 katean transmititu zen, eta EAEn 57.000 ikuslek ikusi zuten. Jokin Altunak eta Julen Martijak Jon Ander Peña II.aren eta Jon Mariezkurrena II.aren aurka jokatutako finalak %15,1eko kuota bereganatu zuen.