3Cat streaming plataforma sortu dute Kataluniako kate publikoek

Katalanezko ikus-entzunezko edukiak doan eskainiko ditu. Plataforma edonon erabili ahal izatea da luzera begirako helburua

Rosa Roma 3Cat plataformako zuzendaria, hedabide berria aurkezten. 3CAT.
iraia vieira gil
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun
«Katalanezko edukien fabrika handia» garatzeko helburuarekin, 3Cat streaming plataforma abiarazi du CCMA Kataluniako Ikus-entzunezko Komunikabideen Korporazioak. Atzo abiarazi zuten, eta, plataformako saio esklusiboez gain, Kataluniako hedabide publikoetako hainbat eduki ere ikusgai daude jada; TV3 telebista katekoak, Catalunya Radio irratikoak eta Super Tres umeentzako kanalekoak, esaterako. Jaume Sisa kantautorearen Qualsevol nit pot sortir el sol obran inspiratu dira irekiera kanpainaren leloa egiteko: Benvinguts, passeu, passeu.

Erabiltzaileek atzotik eskuratu ahal dituzte plataformako edukiak, doan, baldin eta erabiltzen hasi aurretik behar bezala erregistratu badira. Ikusle guztientzako eskaintza zabala du, eta zuzeneko eta gaikako kanalak. Beste eduki batzuen artean, dokumentalak, entretenimendu saioak, filmak, podcastak, kirol emanaldiak eta aktualitate eta dibulgazio programak ditu erabiltzaileak eskuragarri. Rosa Roma 3Cateko zuzendariak azpimarratu duenez, kontsumitzaileak izan dira plataforma sortzeko ardatza: «Gero eta jende gehiagok erabaki nahi du non eta nola ikusten dituen saioak».

Aurkezpenean jakinarazi dute saio batzuetako protagonistak eta aktoreak nortzuk izango diren. Horien artean daude, zehazki, Laura Escanes, Aina Clotet, Nuria Marin, Sofia Coll, Maria Nicolas, Natza Farre, Manel Alias, Narcis Bardalet, Carlos Porta, Elisenda Carod, Peyu, Toni Cruanyes, Albert Om, Quim Masferrer, Elena Gadel eta Maria Fernandez Vidal. Andreu Buenafuente umoristak, bestalde, Vosaltres mateixos programa estreinatuko du, eta ikusleen istorioak entzungo ditu hartan. Inprobisazioa oinarri hartuta, barre eragingo die ikusleei.

Romak berak adierazi duenez, 280.000 orduko ikus-entzunezko eskaintza batuko du, guztira, 3Catek. Apustu handia bada ere, ikus-entzuleak erakartzeko erreminta egokia dela uste du zuzendariak: «Katalan hutsean bizitzeko modua emango duen plataforma izango da 3Cat». Kontsumo ohitura berrietara egokituko dutela aurreratu du.

Eskaintza gehiena katalanezko eduki esklusiboek osatuko dute, baina plataformako sustatzaileek ohartarazi duteprest daudela katalanezko saioak egiten dituzten sortzaileekin akordioak sinatzeko ere. Bestalde, Filmin plataformarekin eta CCCC Kataluniako Casteller Taldeen Koordinakundearekin sinatuko dituzte hitzarmenak. Hurrengo hilabeteetan beste aliantza batzuk egitea espero dute.

Bestelako akordioak

Askotariko eskaintzak bateratuko ditu plataforma berriak, eta, haren bidez, telebista eta irrati tradizionalen egiturak birmoldatu nahi dituzte katalanezko kate publikoetako langileek. Sigfrid Grass TV3ko zuzendariak adierazi duenez, gainera, «katalanezko ikus-entzunezko industriaren motorra» bihurtu nahi dute. Horretarako, katalanezko edukiak edonon eta edonoiz kontsumitzeko aukera bermatu nahi diete erabiltzaile guztiei, eta hori da, hain zuzen ere, hemendik hamar urtera bete nahi dituzten helburuetako bat. Horrekin batera, katalanaren presentzia digitala handitu nahi dute.

Epe laburreko asmoei dagokienez, 2024ko udaberrian hasiera emango diote beste fase bati: «herrialde plataforma» izendatuko dute. Mediapro ikus-entzunezko taldearekin sinatuko dute orduan akordioa, eta horrekaukerak emango dizkie sektore arteko harremanak eraikitzen jarraitzeko. Aldi berean, Mediaprok garatuko ditu 3Cat plataformaren behin betiko diseinua eta kudeaketa. Oraingoz, ordea, 30 milioi euroko aurrekontua dute plataforma aurrera eraman ahal izateko.

Amaitzeko, 3Cateko zuzendariak aipamena egin dio hizkuntzaren egoerari: «Katalana hondar hizkuntza bihurtzeko arriskua dago, eta horregatik da hain garrantzitsua 3Cat plataforma babestea». Eragile publikoen laguntza ezinbestekoa dela uste du, baina horien lan egiteko era gaur egungo beharretara egokitu behar dela. «Nonahi, noiznahi eta edozein gailutan erabiltzeko moduko erremintak behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.