2024an BERRIAn gehien irakurritako albisteak

Hauexek dira iaz gehien irakurri diren 30 artikuluak. Euskara, musikarien itzulera eta agurrak, indarkeria matxistako salaketak... Denetarik bildu du BERRIAk.

'Bizkarsoro' filmeko irudi bat. EKE
'Bizkarsoro' filmeko irudi bat. EKE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko urtarrilaren 1a
05:05
Entzun

Konturatzerako, badoa beste urte bat, eta, horrekin batera, heldu da atzera begirakoa egiteko ordua. Iaz emandako hamaika albiste, elkarrizketa, erreportaje, iritzi artikulu eta beste hainbesteren artean, gehien irakurritako 30ak aukeratu ditu BERRIAk.

Joeren etengabeko jarioa: jaio bezain pronto hiltzea. Eta esango dute moda hau edo bestea luzarorako bueltatu dela... Egunkari honetan antzerako zerbait gertatu da 2024an: 2022an gehien irakurritako albisteetako bat izan zen Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren albistea, bigarrena hain justu; iaz, berriro, brontzezko piezaren gaineko kontuak gehien irakurritakoen artean izan ziren: adituek hipotesiak zorroztu dituzte, eta esan dute ezin dela ziurtatu idazkunak euskararekin senidetuta daudenik.

Albiste horrekin batera, Javier Velaza epigrafian adituak emandako elkarrizketa ere sailkatu da iazko zerrendan. Haren arabera, «baskoien hizkuntzaren lekukotza bat da» Irulegiko Eskuarena; «besterik da», ordea, baskoien hizkuntza horrek ondorengo euskararekin zer harreman duen.

Brontzezko eskua itzuli bezala, Gorka Urbizuk bakarkako bere lehen diskoa plazaratu zuen urtarrilean, Hasiera bat, 2019an Berri Txarrak taldeak bere ibilbidea amaitu eta gero. Lekunberrikoak eztanda eragin zuen itzulerako hamar abesti horiekin; hori bai, «pirotekniarik gabeko diskoa» omen da harena, BERRIAri eskainitako elkarrizketa honetan adierazi zuenez.

Beste hasiera bati ekin dio Urbizuk, eta oraintsu ekin dio Fermin Muguruzak 40 urteko ibilbideko azken birari, Iñigo Muguruza anaiak 60 urte beteko zituen egun berean, Miarritzen; Bilbon ere bi kontzertu eman ditu dagoeneko. Hain zuzen, horietako baten iragarpena izan da gehien irakurri diren beste albisteetako bat —eta handik bi hilabetera nazioarteko biraren berri eman zuen, gainera—. Iruñeko Nafarroa Arenan emango du azken kontzertua, urriaren 5ean.

40 urteko kantagintzari ez, 60 urtekoari amaiera emango ziola iragarri zuen azaroaren amaieran Benito Lertxundik. «Urtearen hasieran, nire baitan erabakia hartua zegoen». Ez Dok Amairu taldeko kide izan zen, eta bakarkako ibilbide sendo eta arrakastatsua egin du, tartean herrikoi bilakatu diren hamaika kanta eta ia hogei disko utzita.

Ikusi gehiago: 2024an gehien irakurritako albisteen zerrenda


Musikak eman du besterik: «[Musika arloan] ez dago [emakumeen kontrako] diskriminaziorik, edo nik behintzat ez dut ikusi. Egia da ez dagoela hainbeste emakumerik lanean, baina ez da inoiz diskriminaziorik egon». Hori adierazi zuen Alex Sardui Gatibu taldeko abeslariak El Diario.es atariari emandako elkarrizketan, eta hainbat eta hainbat emakume sortzailek «oso larritzat» jo zituzten adierazpen horiek. «Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago». Sarduik berak «oso eskastzat» eta «lekuz kanpokotzat» jo zituen bere hitzak, sare sozialetan hedatutako mezu batean.

BERRIAren Berria FMpodcastean musika eszena transfeminista jorratu zuten Oholtza hartzeaz saioan; Berriketan podcastean, berriz, emakume musikarien diskriminazioaz aritu ziren Matxismoa musikan: gerturatu eta hamalauatalean.

Aner Euzkitzek horri buruzkozutabea idatzi zuen: Kantzelazioa: zatoz, mese. Honela zioen: «Non dago kantzelazioa gehien behar dugunean? Pixka bat existituko balitz, pixka bat bakarrik, debekatuta leudeke honezkero gizonen taldeak». Gehien irakurri diren iritzi testuen artean egon da Euzkitzerena.

Indarkeria matxista hizpide, urtearen azken partean sona handia izan dute salaketek: izan Cristina Fallaras kazetariak jasotzen dituen testigantzak, Iñigo Errejon Sumar alderdiko diputatu ohiaren kontrako salaketak, @denuncias_euskalherriaInstagrameko kontuak jasotakoak... Horiek horrela, BERRIAn gehien irakurri diren albisteen artean honako hauek daude: Patxi Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola salatu zuen Marisol Zamorak maiatzean; abenduan, euskal aurkezle eta umorista baten erasoak salatu zituzten zenbait emakumek.

Gisele Pelicot Avignongo Zigor Auzitegian. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Gisele Pelicot, Avignongo Zigor Auzitegian. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE

Onintza Enbeitak Pelicot auzia izan zuen hizpide Gizonakzutabean, asko irakurri den beste artikulu batean: «Gero esango digute gizon guztiak bortxatzaileak izan daitezkeela pentsatzea urrunegi joatea dela». Duela bi aste erruduntzat jo zituzten Dominique Pelicot eta gainerako 50 auzipetuak.

Bestalde, Nahia Alkorta indarkeria obstetrikoaren biktima eta Estitxu Fernandez psikologoa elkartu zituen BERRIAk, eta haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan ematen diren tratu txarrez aritu ziren: «Indarkeria obstetrikoa bortizkeria guztiek bat egiten duten lekua da».

Euskara

BERRIAko euskara taldeak urteko hitza hautatu ohi du urtero-urtero, eta 2024koa oldarraldi judizialada. Auzibideak alde batera utzita, euskarak eman du zeresanik: martxoan 23. Korrika abiatu zen Irundik Baionarantz, eta bai ibilbidearen iragarpenak, bai BERRIAren zuzeneko kontakizunak ikustaldi dezente izan zituzten.

2023ko Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean, Josu Martinezen Bizkarsoro filmak herriz herriko bideari ekin zion joan zen urtarrilean. ETB1ek Euskararen Nazioarteko Egunean eman zuen hori, duela hilabete eskas, eta horren berri emateko albistea izan zen iaz gehien irakurrien artean bigarrena.

Athleticek Espainiako Kopa irabazi eta Ibaizabal itsasadarrera gabarra atera zuenean, Bilboko udaletxeko balkoian apenas entzun zen euskararik futbolarien ahotan, baina Asier Villalibre aurrelari gernikarra izan zen salbuespenetako bat: «Segi euskaraz berba egiten». Egundoko sona izan zuen bideo horrek sare sozialetan.

Honako bi elkarrizketa hauek ere aipatu beharrekoak dira: Joxe Manuel Odriozola idazlea Euskal Herriaren asimilazioaz aritu zen: «Espainia gu irensten ari da hizkuntzari, nortasunari eta kulturari dagokienez»; euskal kultura hizpide, Joseba Sarrionandiak honako hau esan zion BERRIAri: «Euskaldunok eskizoglosia batean bizi gara, identitate zatituekin, eta horren sintoma pila bat ditugu».

Joseba Sarrionandia idazlea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Joseba Sarrionandia idazlea. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Beste albiste bat: urrian gizon batek salatu zuen bi isun ipini zizkiotela autoko matrikulan EH jartzen duen pegatina edukitzeagatik; hilabete amaierarako bertan behera utzi zituzten isunok.

Iritziak

Gehien irakurrien zerrendan iritzi artikulu batzuk ere sartu dira. Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariaren honako bi hauek: ETAkoak Torrenteren eran, La Infiltrada film «manikeo eta demagogoaz»; eta Nor kezkatzen da euskara mailaz?, EITBren ekoizpenez: «Euskarazko lan gutxi horietan, hizkuntzaren maila hala moduzkoa bada, aktoreen esku utzi behar bada dena, ikusle batzuk uxatu egingo dira, erakarri baino gehiago».

Jose Mari Pastorren Darwin eta gu zutabeko beste bi artikulu ere sailkatu dira: batetik, Alaba ala semea?, eta, bestetik,Eskerrik asko, mutilak!. Paul Bilbao Sarriaren Biharko Euskal Herria eraikitzenere bai.

Zerrenda hogeita hamar testutara mugatu behar da; beraz, hona hemen falta direnak. Abuztuan bi mendizale gipuzkoar hil ziren Mont Blancen, eta hilabete berean Izaskun Zubizarreta mendiko eskiatzaile eta korrikalari oiartzuarra zendu zen, gaixotasun baten ondorioz.

Udaren atarian, Mugimendu Sozialistari Bilboko eta Gasteizko jaietan parte hartzen uzteko exijitu zuten 150 kulturgilek. Azkenean, Luberri konpartsak ezin izan zuen konpartsa gisa «normaltasun osoz parte hartu» Bilboko Aste Nagusian; Gasteizen, berriz, EHUko Letren Fakultatearen atarian jarri zuten txosna, gainontzeko txosnetatik aparte.

Pare bat elkarrizketa: Gorka Izagirre txirrindulariak erretiroa hartzea erabaki zuen: «Nahikoa dela esan dit buruak». Iñigo Martinez Peña filosofoa mundu digitalaren ondorioez mintzatu zen: «Teknokraziaren atzean dagoen sufrimenduaz hitz egin behar dugu».

Otsailaren 2an gizon bat hil zen Astigarragan: eldarnioak jota zegoen, eta familiak salatu zuen ertzainek era desegokian tratatu zutela, hari osasun arta egokia bermatu beharrean.

Bestalde, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Sare Herritarraren Giltzak manifestuarekin bat egin zuten, eta, biktimen elkarte batzuek salaketa egin zutela eta, Ertzaintzak Porrotxen inguruko ikerketa bat abiarazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.