'20.000 especies de abejas' Primeran-era iritsiko da astelehenean

Euskaraz eta doan ikusi ahalko da Estibaliz Urresolaren fikziozko filma.

'20.000 ESPECIES DE ABEJAS'
'20.000 especies de abejas' filma. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Makina bat jaialditan sari garrantzitsuak lortu ditu Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas filmak. Zinema aretoetan ere bide emankorra egin zuen. Eta ordainpeko plataforma batzuetara ere iritsi da. Datorren astelehenetik aurrera, bestalde, Primeran plataforman doan eta euskaraz ikusi ahalko da —jatorrizko bertsioan pertsonaien elkarrizketen %70 inguru dira gaztelaniaz, eta beste %30 euskaraz—. Sari gehiago irabazteko moduan da Urresolaren filma. Izan ere, otsailaren 10ean Goya sariak banatuko dituzte, eta pelikulak hamabost izendapen ditu.

20.000 especies de abejas filmaren trailerra.

Pelikulako saririk garrantzitsuena, dena den, Sofia Otero aktore hasiberriak jaso zuen: aktorerik onenaren saria irabazi zuen Berlinale nazioarteko jaialdian. Urresolak haur trans baten eta haren familiaren istorioa kontatzen du filmean. «Nahi nuen filma iluntasunetik argitasunerako bide bat izatea, orokorrean, baina horrek eman dit aukera eszena bakoitza lantzeko, pertsonaien barneko egoera islatzeko», esan zion Andoni Imaz kazetariari, BERRIAn, 2023ko apirilaren 23an.

Primeran plataforman astelehenetik aurrera Alauda Ruiz de Azua zinemagilearen Cinco lobitos filma ere ikusi ahalko da; film horrek ere hainbat sari jaso zituen. Ruiz de Azua bere lehen telesaila ari da egiten Movistar Plus plataformarentzat: Querer. Nagore Aranburu da aktore protagonista.

'Irabazi arte' itzuli da

Primeran plataformak Irabazi arte telesailaren hirugarren denboraldiko lehen atala sareratuko du gaur. Datorren astetik aurrera, berriz, telesaila ETB1en ikusi ahalko da, ostiraletan, 21:00etan —aldi berean joango dira plataforman sareratzen—. Denboraldiko aktore berriak Angela Lopez, Ugaitz Mundarena eta Iñigo Gastesi dira.

'Irabazi arte' telesailaren 3. denboraldia.
Irabazi arte telesailaren hirugarren denboraldia. ETB

Atal berrietan denetarik gertatuko da. Hiru hilabete joan dira moto istripu larria gertatu zenetik. Jon, istripuaren erruduna aurkitu nahian, obsesionatu egingo da. Amets, azkenik, armairutik irtengo da futbol zelaian. Bestalde, Olatzek bere gorputzarekiko dituen beldurrak gainditu beharko ditu. Lili eta Malen nerabezaroan sartuko dira, eta Printzesen aldagelan jokalari berri bat azalduko da; Alaitz, Noraren nemesia bihurtuko den neska.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.