Hogei gaztelu, 11 atal eta makina bat proba igaro ostean, bihar jakinaraziko dute nor den 101 Gaztelu abentura reality-ko garailea. Saio berezia emango dute, 21:45etik aurrera, zuzenean, Donostiako Miramongo estudiotik. Lehiakide, kapitain eta beste hainbat gonbidatu izango dira ETBko platoan, eta, proba ikusi ondoren, haien esperientziak kontatuko dituzte.
Euskal Herriari bira eman ostean, Mauleko gazteluan askatuko dira lehiaketako korapilo guztiak. Bizkaiko Butroe gazteluan hasi zuten abentura, eta herrialde guztietan gaztelu eta dorretxeak bisitatu dituzte. Horiei buruzko hainbat xehetasun emateko ere baliatu dute reality-a. Hamazazpi lehiakidek hasi zuten abentura. Bihar, zazpik izango dute garaipena eskuratzeko aukera.
ETBn emandako beste abentura reality-en antzera, zuzeneneko ekitaldi batekin emango diote amaiera. Julian Iantzi saioaren gidariaren arabera, proba bera eman nahi zuten zuzenean, baina azkenean aurretik grabatu behar izan zuten.
Iantzik dagoeneko badaki, beraz, nor den abentura saioko garailea, baina azken probari buruzko xehetasun handirik ez du aurreratu nahi izan, biharko azken saiorako gorde nahi baititu ezusteko guztiak. Halere, ohartarazi du ez dela nolanahiko proba izango. «Ikaragarri gogorra izango da». Hainbat abilezia erakutsi beharko dituzte parte hartzaileek finalean. «Gauza oso desberdinak egin beharko dituzte, eta ez zaie erraza izango. Komeriak pasako dituzte; ez dute lan samurrik izango». Berebiziko garrantzia izango du talde lanak. «Elkarri lagundu beharko diote, bestela, ezingo dute proba bukatu».
Taldeko lehiaketaren ondoren, beste proba bat egin beharko dute, eta hor aukeratuko dute 101 Gaztelu-ren lehen garailea. Euskarazko abentura reality-aren gidariak ez du argitu zeren arabera sailkatuko diren lehiakideak finala jokatzeko, eta saioa ikustera gonbidatu ditu ikus-entzuleak. «Ezusteak prest ditugu».
Baigorrin (Nafarroa Beherea) egin zuten finalaurrekoa, eta lehia bizia izan zuten Bilauek eta Zaldunek. Sei bandera dituzte Zaldunek; Bilauek, berriz, bost. «Azken proban presio handiagoa izango dute Bilauek. Zaldunek irabaztekotan, lehia haientzat da. Bilauek irabazten badute, baina, berdinketa egongo da, eta nolabait hautsi beharko da hori», esan du Iantzik.
Ikus-entzuleen kuttuna
Mikel Goñik lehiaketa bertan behera uztea erabaki zuen azkenatalean, eta kapitainik gabe utzi zuen Zaldunak taldea. «Kapitainek beren eginbeharra izaten dute, baina funtsezkoak ere ez dira. Probaren arabera izan ohi da», azaldu du Iantzik. Kapitainik gabe irabazi zuten azken proba Zaldunek.
Garailea erabakita, lehiakide gustukoenaren alde bozkatu ahal izango dute ikus-entzuleek Eitb.com atarian. Hasieratik proban parte hartutako hamazazpi lehiakideek eskura dezakete saria. «Botoak jaso ahala, murrizten joango dira hautagaitzak».
Saioak iraun duen 11 ataletako unerik gogoangarrienak, pasarte dibertigarrienak eta bitxikeriak berreskuratuko dituzte. Lehiaketatik igarotako hainbat gonbidatu ere izango dira Miramongo platoan. Besteak beste, Mikel Elizegiren, Imanol Agirreren eta Iker Galartzaren laguntza izan dute lehiakideek. «101 Gaztelu izan denari begiratu bat emango diogu».
Komunikazioa
'101 Gaztelu' abentura 'reality'-a bihar amaituko dute, zuzeneko saio batekin
Mauleko gazteluko proban erabakiko da garailea; ikus-entzuleek lehiakide gustukoena aukeratuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu