Hamar urte, eta 2.400 zenbaki Goierriko herritarren eskura. Hamar urte, Goierriko albisteen berri ematen, euskaratik eta euskaraz. Igandean beteko dira hamar urte Goierriko Hitza-k bere lehen zenbakia argitaratu zuenetik. Eta hori ospatzeko, jaialdi berezia antolatu dute larunbaterako, eskualdeko eragileen laguntzarekin. Urretxuko (Gipuzkoa) Ederrena pilotalekuan izango da jaialdia, 18:00etan. Irrien Lagunak elkarteko kideekin batera, eta eskualdeko 28 eragileren parte hartzearekin egingo dute emanaldia. Dantza eta umorea izango dira nagusi jaialdian, eta adin guztietako herritarrentzat izango da.
Sarrerak bost euroan eskura daitezke honako leku hauetan: Hitzaren Beasaingo eta Urretxuko bulegoetan, Legazpiko Karibe Zaharra tabernan, Lazkaoko Gerrikon, Ordiziako Mujika liburu dendan, Zumarragako Lanbroa belar dendan eta Urretxuko Fox tabernan. Eskaera egin daiteke, era berean, [email protected] helbide elektronikoan
Ez da izango larunbatekoa urteurrenaren harira antolatuko duten ekitaldi bakarra. Hilaren 25ean festa bat egingo dute Ordizian, Amets Bide dantza taldearekin eta Hitzaro euskara elkartearekin batera. Kantu afari bat izango da tartean.
Azaroaren 21ean, berriz, Legazpiko Bertso Olariak taldeak urtero antolatzen duen bertso saioa Goierriko Hitza-ren aldekoa izango da.
Itxura aldaketan lanean
Ospakizunak ospakizun, Goierriko Hitza-k ezusteko batzuk ditu gordeak udazken honetan harpidedunentzat eta irakurleentzat. Urriaren amaieran, diseinu berrituarekin etorriko da Goierriko Hitza, bai paperean eta bai sarean ere. Udazken honetan bertan, gainontzeko Hitza-k berrituz joango dira.
10 urtez Goierrin informatzen
'Goierriko Hitza'-k urteurrena ospatuko du etzi, Urretxun.Kazeta diseinu berria prestatzen ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu