1 Formulari buruzko Netflixeko telesailaren seigarren denboraldiak jada badauka estreinaldirako data: otsailaren 23a, ostirala, denboraldiaurreko testen azken eguna. Kamerek inoiz ez bezalako sarbidea izango dutela berretsi du AEBetako konpainiak, eta adierazi dute inoiz ikusi gabeko metrajea izango duela.
2019an estreinatu zuten Drive to Survive telesaia lehenengoz, eta 1 Formulak orain arte izan duen harrera irauli du geroztik: hamar kapitulu denboraldiko, zaleen gozamenerako, nahiz eta kiroleko puristenek «dokusail tranpati» gisa katalogatu duten, argudiatuta «fikziozko lehiak sortzera bideratuegia» dagoela.
Neurri handi batean, mundu osoan Netflix plataforman eskuragarri dagoen dokumentalak lortu duen ospe itzelak azaltzen du geroz eta jende gehiagok ikusten dituela lasterketak. Estreinalditik bost denboraldi osatu dituzte, eta denboraldi bakoitzean Netflixeko hamar programarik ikusienen artean kokatzea lortu du 56 herrialdetan. Eta, hori guztia, inbertsio txiki samarren truke.
Netflixeko dokumentalaren ospeari esker, lehiaketako diru sarrerak 2.500 milioi dolarretik gorakoak izan ziren 2023ko denboraldian. Datu horiek urte arteko %20ko hazkundea adierazten dute, eta berretsi egiten dute automobil lehiaketari lotutako negozioa bizkor ari dela handitzen.
Zirkuituetara gero eta ikusle gehiago joaten dira, interesa handitzen ari den seinale —5,7 milioi ikusle—; %36 igo da kopurua 2019ko datuekin alderatuta, koronabirusaren pandemia iritsi aurreko urtearekin alderatuta.
Aurreko denboraldian ez zen lehia handirik izan txapelketako titulurako borrokan, baina telesailak drama dosi on bat izango du, pilotuen eta taldeburuen arteko tentsioekin eta haien arteko eztabaidekin.
Zuzeneko kirola Netflixen
1 Formulako pilotuen eta golflari profesionalen arteko Netflix Kopa emankizunaren ondoren, ordainpeko plataformak zuzeneko kirol ekitaldi berri bat iragarri du: NetflixSlam deituriko tenis emanaldia izango da, eta Grand Slameko banakako 22 tituluren irabazle Rafa Nadal eta Carlos Alcaraz —bi titulu ditu— Las Vegasen (AEBak) lehiatuko dira elkarren aurka.
Aurtengo martxoaren 3an, igandean, jokatuko dute MGM Resorts elkarteak antolatuko duen partida, Mandalay Bayko Michelob Ultra Arenan, 21:00etan. Ingelesez eta gaztelaniaz emango du partida Netflixek, eta Andre Agassiren, Patrick McEnroeren edo Jim Courierren moduko izarrak ariko dira esatari lanetan. Aurrerago, beste jokalari eta norgehiagoka batzuk iragarriko dituzte ekitaldi horretarako.
«Mandalay Bayko Netflix Slam urteko ekitaldirik entretenigarrienetako bat izango dela aurreratuko dugu», adierazi zuen Lance Evansek, MGM Resorts Internationaleko kirol eta babesletzako lehendakariak, orain gutxi. «Mundu osoko teniszaleek esperientzia ahaztezinaz gozatuko dute, kirol horretako eliteko txapeldunetako bi munduko hiriburuan lehiatzen diren bitartean».