Ez dago Frantziakoak adina gora egin duen eskubaloi ligarik. Horren erakusgarri da Txapeldunen Ligako azken Lauko Finalean gertatutakoa. Lau taldeetatik hiru ziren hango ligakoak: Montpellier —txapeldun izan zen—, Naoned (Nantes) eta Paris-Saint Germain. Taldeen mailak ez ezik, ikusle kopuruak ere gorakada handia izan du herrialde horretako ligan. Nekez ikusi ohi dira harmailak hutsik. Aitzitik, ohikoena da pabiloiak lepo egotea. Horrek guztiak oso txapelketa erakargarria bilakatu du. Ez da harritzekoa azken urteetan jokalari asko eta bikainak erakarri izana.
Euskal Herriko zenbait jokalari daude Frantziako Ligak erakarritakoen artean. Iosu Goñi izan zen aitzindaria. Ezker alboko iruindarra Pays d'Aixera joan zen 2013an, eta jada bost urte daramatza Kosta Urdineko taldean. Hiru urte geroago iritsi zen Eduardo Gurbindo eskuin alboko iruindarra Naonedera, eta, urtebete geroago, Iñaki Peciña pibote irundarra, Goñiren talde berera, Pays D'Aixera.
Niko Mindegia (Doneztebe, Nafarroa, 1988) izan da Frantziako Ligan aterpe bilatu duen azkena. Iaz iritsi zen Chamberyra. Aukeran datorkio aterpe hitza han topatu duenari, esperientzia txarra bizi baitzuen hara joan aurretik, Danimarkan, Koldingen. «Bi denboraldirako kontratua sinatu nuen, baina Eguberrietan kobratzeko arazoak hasi ziren, non eta Danimarkan, bizitza maila bikaina duen herrialdean. San Antonion ari nintzela bizi izan nuen halako zerbait, eta ez nuen berriro horrelako egoeran egon nahi. Horregatik, aurreneko sasoia amaitutakoan taldea utzi nuen».
Maila gorenean makina bat urte jokatutakoa izanik, ez zuen eskaintzarik falta izan. «Asko» eta «hagitz onak» izan zituen. Baina guztiak baztertu zituen Chamberyko kirol zuzendariaren telefono deia jaso zuenean. Bertrand Gille zegoen telefonoaren bestaldean, Frantziako selekzioarekin makina bat titulu irabazitako jokalaria. «Betidanik erakarri izan ninduen Frantziako Ligak; are gehiago, azken urteetatik hona, bai bainekien gorakada handia izan zuela. Eta Chambery talde aproposa zen. Danimarkako ziurgabetasunaren aldean, segurtasunaren berme zen Frantziako Liga».
Zailak izan ohi dira hasierak, eta zaila izan zen Mindegiaren lehen sasoia ere. «Nahiko erraz» egokitu zen bizileku berrira. «Frantses pixka bat banekien, eta, horri esker, nahiko azkar egokitu nintzen. Gainera, bizitzeko inguru ederra da hau, lasaia. Gertu daude Alpeak, eta hemen inguruan ere badira hainbat laku arrunt politak».
Bestelakoa izan zen kirol egokitzapena. «Ni iritsi nintzenerako, harreman oso txarra zuten jokalariek eta entrenatzaileak. Inoiz ez dut ezagutu halako giro gaiztorik. Talde profesionala baino gehiago, talde amateurra ematen genuen; bakoitza bere kasa zihoan, pistan zein pistatik kanpo. Eta ni oso diziplinatua naiz, ez zaizkit halakoak gustatzen. Gogorra izan zen. Azkenean, entrenatzailea aldatu zuten, baina berandu zen jada. Sasoi oso txarra izan zen».
Zuzendaritzak astindua eman zion proiektuari udan. Erick Mathe entrenatzailea fitxatu zuen. Eta harekin, suspertu egin da Chambery. Lider da aurreneko bederatzi partidak jokatuta. Ez du bakar bat ere galdu. Zortzi irabazi ditu, eta bat berdindu. Alpeetako taldeak jadanik utzi dio ligako ustekabea izateari. Duela astebete eman zuen kolpea mahai gainean, Naoneden, 5.000 ikusleren aurrean irabazita. «Ez genuen espero horren ondo hastea, baina jada erakutsi dugu ez gaudela txiripaz lehen postuan. Ondo ari gara, eta merezita gaude sailkapenaren buruan». Noiz arte? «Ez diogu geure buruari helburu zehatzik jarri nahi. Gauden tokian eustea da helburua. Zaila da, lehiakortasun handia baitago ligan, baina konfiantza handiz ari gara».
Erantzukizunak hartu zalea
Mindegiaren iritziz, entrenatzaile berriak ezarritako «diziplina» da arrakastaren gakoa. «Klubak bizpahiru jokalari bakarrik fitxatu zituen udan; beraz, argi dago gaia bazegoela. Baina entrenatzaile batek ezartzen duen diziplina falta zitzaigun». Chamberyk nola jokatzen duen galdetuta, doneztebarrak dio «joko gustagarria» egiten dutela. «Defentsan gogor aritzen gara, intentsitate handiz. Erasoan, berriz, bizi-bizi jokatzen dugu. Nik uste dut eskubaloizaleari gustatzen zaiola nola jokatzen dugun».
Bikain ari da Chambery, eta bikain ari da Mindegia bera ere. Horren erakusgarri da hura izendatu zutela urrian ligako jokalaririk onena. «Oso identifikatuta sentitzen naiz gure entrenatzaileak eskubaloiaz duen ideiarekin. Eta horrek, noski, eragina du gero nire jardunean. Oso gustura ari naiz».
Erasoa antolatzea da teknikariak agindu dion egitekoa. «Lan zehatza dut, eta hori gustatu egiten zait. Nahiago dut egiteko zehatz bat izatea aske aritzea baino. Diziplinaren aldekoa naiz». Ardurak hartu zalea ere bada. «Gustuko dut erantzukizuna izan eta horri heltzea. Hazi egiten naiz halakoetan».
Sasoiaren amaiera arte du kontratua Chamberyrekin. «Lasai» dago, baina aitortu du «Eguberri aldean» hasi nahi duela zehazten etorkizun hurbila. «Orain ez dut horretan burua. Gainera, esperientziak erakutsi dit edonoiz edozer gerta daitekeela. Une polit hau gozatzen ari naiz. Gero gerokoak».
Zuzen-zuzen darama lema
Chambery da Frantziako Ligako lehen sailkatua, eta hantxe ari da Niko Mindegia erdiko doneztebarra, bikain aritu ere: urriko jokalari onena izendatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu