Zurrunbiloan ere gozatzen ikasi du

Alberto Munarriz waterpolo jokalariak Europako Txapelketa irabazi berri du, eta horri esker Parisko Olinpiar Jokoetan izango da. «Nire kirol ibilbideko garai on batean nago», nabarmendu du.

(ID_13495011) CROATIA WATER POLO
Alberto Munarriz waterpoloko jokalaria, jaurtiketa bat egiten, Europako Txapelketako partida batean. TIBOR ILLYES / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko urtarrilaren 25a
05:05
Entzun

Uztailaren 26an hasiko dira Parisko Olinpiar Jokoak, eta urtea hastearekin batera ari da osatzen bertan izango diren Euskal Herriko kirolarien zerrenda. Bertan ageri diren lehen kirolarietako bat Alberto Munarriz waterpolo jokalaria da (Iruñea, 1994). Munarrizek Europako Txapelketa irabazi berri du Espainiako selekzioarekin, eta, txapelketa hori irabazita, Parisen izango da. Hirugarrenez hartuko du parte Olinpiar Jokoetan. «Ez da nolanahiko zenbakia. Egia esan, nire ibilbideko garai on batean nago. Kirolari helduagoa naiz, eskarmentu handiagoa dut, eta halako erronkak patxada handiagoz hartzen ditut. Horrek gehiago gozatzen laguntzen dit».

Gozatu bai, baina apenas duen lortutakoaz gozatzeko denborarik. Izan ere, etxean egun batzuk igaro ostean, hurrengo egunetan berriro ere egonaldia izango du Espainiako selekzioarekin, otsailaren 2an hasiko baita Waterpoloko Munduko Txapelketa, Dohan. «Ez da ohikoa urte berean selekzio arteko hiru txapelketa garrantzitsuenak jokatzea. Gehienez bi izaten dira urte berean. Baina, pandemia garaian izandako atzerapenak tarteko, aurten batera egokitu dira. Erronka polita da». Polita bai, baina baita gogorra ere. Gogorrena: etxekoengandik urrun egotea. Txapelketek bi aste irauten dute, eta, prestatzeko egiten duten egonaldia kontuan hartuta, hiru bat aste egiten dituzte kanpoan. «Bi alaba txiki ditut, eta nagusiak jada galtzen dit ea zergatik joan behar dudan, eta ea noiz itzuliko naizen. Orain, are gehiago, oso jarraian egokitu baitira».

Horrenbestez, lehiaketen zurrunbilo batean daude. «Pentsa, Europako Txapelketa irabazi eta gero, taldekide batek aldagelan esan zuen arte, ez ginen jabetu Pariserako sailkatuta geundela». Normala ere iruditzen zaio Munarrizi. «Halako egutegi betearekin, erronkaz erronka joan behar duzu. Ezin duzu harago pentsatu. Txapelketa irabaztea soilik genuen buruan, horrek Jokoetarako sailkatzea ekarriko zuela pentsatu gabe. Gainontzean, erotu egiten zara. Behar baino presio gehiago jartzen diozu zeure buruari, eta hori ez da ona. Goi mailako kirolak berez du presio hori».  Azaldu duenez, denborarekin ikasi du hori. «Orain, txapelketa hauek beste modu batera bizi ditut. Lehen, adibidez, aurreneko astetik bete-betean bizi nituen. Dena zen waterpoloa. Orain lasaiago egoten naiz, batez ere aurreneko astean. Entrenamenduetatik eta partidetatik harago, deskonektatzen saiatzen naiz, batez ere mentalki. Lehen, adibidez, txapelketetako partida guztiak ikusten saiatzen nintzen. Egun, bigarren astetik aurrera egiten dut hori».

«Orain lasaiago egoten naiz halako txapelketetan, batez ere aurreneko astean. Mentalki deskonektatzen saiatzen naiz. Bestela erotu egiten zara, eta hori ez da ona. Goi mailako kirolak berez du presioa». ALBERTO MUNARRIZWaterpoloko jokalaria

Deskonektatzeko zer egiten duen? Segidan azaldu du. «Batetik, libre dugunean saiatzen naiz ez geratzen egonaldia egiten dugun hotelean. Europako Txapelketa, adibidez, Dubrovniken izan da, eta inguru haiek ezagutzeko aprobetxatu dut; baita taldekideekin kafetxo hartzera edo otorduren bat egitera joateko ere. Lasaitu egiten nau horrek. Hotelean geratuz gero, beti ari zara txapelketan pentsatzen. Bestetik, oso gustuko dut kartetan jokatzea, eta taldekideekin musean jokatzean dut».

Lortutako emaitzei eta egindako lanari ere perspektiba batekin begiratzen erakutsi dio eskarmentuak. Hala egin du Europako Txapelketarekin. «Egia esan, lortutakoari balio handia ematen diot. Izan ere, hiru txapelketa nagusien artean, Europako Txapelketa da irabazten zailena. Waterpoloan, AEBak alde batera utzita, selekziorik indartsuenak Europakoak dira. Gainera, bigarren koskan dauden selekzioak, Alemania, adibidez, beste kontinenteetakoak baino hobeak dira. Horren ondorioz, bete-betean aritu behar duzu partida guztietan. Bestela, ezusteren bat izan dezakezu. Munduko Txapelketan eta Olinpiar Jokoetan, berriz, beti dago neurketaren bat lasaiago aritu zaitezkeena».

Gorabeherak kudeatzea

Lehia eta parekotasun horren isla izan da Europako Txapelketa, Munarrizen esanetan. «Arlo teknikoa eta taktikoa baino gehiago, hori nabarmenduko nuke. Selekzio guztiek izan ditugu gorabeherak. Guk, adibidez, finalerdietan txapelketako partidarik onena egin genuen, eta gero finalean partida guztian egon ginen atzetik. Lau minutu falta zirenean, gol bat atzetik ginen. Baina buelta eman genion. Aurreko Europako Txapelketan eta Olinpiar Jokoetan kontrakoa gertatu zitzaigun, eta ikasgai handia izan zen». Hain onak ez diren momentuak mentalki ondo kudeatzen jakitea gakoa izan dela uste du. «Gaur egun, waterpoloan, talde eta selekzio guztiak oso ondo daude prestatuta fisikoki eta tekniko-taktikoki. Une horien kudeaketan dago aldea. Argi izan behar duzu une zailak izango dituzula, are gehiago hain egun gutxian hainbeste partida jokatuta. Burua hotz izan behar duzu, hortzak ondo estutu, eta taldean nahiz zugan sinetsi».

Bide horretatik jarraitu nahi dute orain Munduko Txapelketan. «Jakitun gaude irabazteko hautagaietako bat garela, baina ez diogu horri begiratu behar». Behin hori pasatuta, jokatzen duen klubean jarriko du arreta: Atletico Barcelonetan. «Ligan eta Europan partida garrantzitsuak eta politak izango ditugu. Gustura ari naiz denboraldi honetan, eta hala jarraitu nahi dut». Ortzi mugan ageri da Paris. «Egia esan, berezia izango da, etxetik gertu izango direlako, eta etxekoak etortzeko moduan izango direlako. Haiek ere gozatzea nahi dut, egunerokoan ondoan ditudanak baitira. Rion eta Tokion ez zen posible izan». Baina ordu arte erronkaz erronka joango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.