Zuriz jantzirik esan du agur

Juan Martinez de Irujori omenaldi hunkigarria egin diote Labrit pilotalekuan, gaitz batek erretiroa hartzera behartu ondoren. Egun gazi-gozoa izan da pilotazaleentzat

Juan Martinez de Irujo, zaleei babesa eskertzen, atzo, Labrit pilotalekuan. Senitarteko, lagun, lankide eta agintariak ageri dira haren atzean. IDOIA ZABALETA / ARP.
Iker Tubia.
Iruñea
2017ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Zorionak, San Juan. Hala zioen Labrit pilotalekuan eskegitako pankarta batek. San Joan gauekogarrak itzali berritan, udaberriari ez ezik, pilotari handi bati agur esan zioten atzo Iruñean. Juan Martinez de Irujori. Haren izena behin eta berriro oihukatu zuten Labriten: frontoiko paretara bota, errebotatu eta oihartzunari esker areagotutako oihuek zaleen beroa agertu zuten. Egun gazi-gozoa izan zen zaleentzat. Gazia, Irujok pilota utzi behar izan duelako bihotzeko gaitz baten ondorioz. Gozoa, arratsalde eta omenaldi ederra gozatu zutelako denek. Irujok ezin izan zuen azken partida jokatu, baina zuriz jantzita atera zen kantxara.

Irribarria-Beroiz eta Ezkurdia-Merino II.a jokatzera atera zirenean agertu zen Irujo kamiseta gorria eta galtza zuriak soinean. Momentu horretan lepo beterik zegoen harmaila zutik jarri eta txalo zaparrada eskaini zion. Txapa bota, sakea urdinei eman, eta ohorezko sakea egin zuen. Omenaldiko une zirraragarrienetakoa izan zen pilota gogotik jo zuenekoa.

Dena den, omenaldia Irribarria eta Beroizek irabazitako partidaren ondotik heldu zen. Lehenbizi, ohorezko aurreskua Jaime Sanzedo eta Idoia Martinez de Irujoren eskutik. Arrebari besarkada beroa eman zion pilotariak dantzan bukatutakoan. Julio Sotok bertsotan adierazi zuen bertan ziren askok sentitzen zutena: «Animo Juan, eutsi gogor/ hor izango gaituzu gu/ txapeldun bat zara eta/ bihotzez maite zaitugu». Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea ere han izan ziren, baita Elkarpilota eskola, Nafarroako Euskal Pilota Federazioa, Oberena kluba eta Aspe ere. Alaba ere joan zitzaion txapel bat ematera.

Irujok hitza hartu zuen ondoren, eta gogoan izan zituen ibilbidea zuriz jantzita bukatzerik izan ez zuten bi pilotari: Mikel Idoate eta Aitor Zubieta. Gero, esker hitzak baizik ez zituen izan. «Esan dezakedan bakarra da partida bakar batera ere ez duzuela hutsik egin; hori ezin dut ahantzi, eta bihotzean eramanen dut». Gogora ekarri zuen egoerak bultzatu duela pilota uztera, ez gogoak, eta azken mezua zabaldu nahi izan zuen: «Guzien artean pilotarekiko pasioa manten dezagun. Gure kirola da, hemengoa. Gora euskal pilota!».

Oihuak eta txaloak hitzartzeetarako eta aurreskurako baizik ez ziren gelditu, eta azkenengo hitzek jaso zuten txaloaldirik beroena. Omenaldia jota batekin eta El Rey kantuarekin bukatu zen. Horrek pilotaleku osoa kantuan jarri zuen.

Zaleen esker ona

Fernando Goñi, Patxi Eugi eta Peio Martinez de Eulate pilotari ohiak Labriten izan ziren, Irujori oroigarri bat emateko. Eulatek azaldu zuenez, egun «tristea» zen atzokoa, baina, hala ere, animoak ematera joan zen. «Pozik egon behar gara, urte askotan gozatu dugulako berarekin. Tristea da horrela erretiratu behar izatea, baina bizitzak aurrera jarraitzen du».

Kideek ez ezik, zaleek ere sentsazio bera izan zuten: gazi-gozoa. Bizkarrean Irujoren izena grabaturik zuen kamiseta soinean, Ainhoa Alberdik esan zuen poza eta pena, biak sentitu zituela. «Poza dut, pilotari handia izan delako eta jendeak maite duelako. Baina oraindik bazuen sasoia. Dena den, lehenengo osasuna eta gero lana». Irujoren aldeko hitzak izan zituen Alberdik: pilotalekutik at «umila» eta «jatorra» dela esan zuen. «Frontoian gero jenio txarra atera izan du, baina bere lana da, normala da».

Andres Lakuntza ere penaturik agertu zen. «Orain beste batzuekin gozatu beharko dugu, Irujorekin ez». Pilotazale eta Irujo zale handia izan da beti, eta omenaldian ez zuen hutsik egin nahi izan.

Eguna bukatuta, pilotan aritzeko jantziak garbitu, lisatu eta berriz ere armairuan sartuko zituen Irujok. Oraingoan berriz ateratzeko asmorik gabe. Tira, galtzak bai. Aste honetan BERRIAri azaldu zion zergatik: «Galtza zuriak sanferminetarako ondo datoz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.