Arrauna. Kontxako Bandera

Zumaia eta Kaiku, ezustean

ETE ligako bi ontziek eman dute eguneko ustekabea, eta Orio, Arraun Lagunak, Tolosaldea, Hondarribia eta Hibaikarekin batera arituko dira Kontxan. Galiziako ontziek ez dute sailkatzea lortu

Orioko arraunlariak, Kontxako Banderako sailkatze estropadan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
pettan uralde
2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Iragarpenak bete baziren ere, egon zen ezustekoentzako tokirik atzo, Kontxako Banderaren sailkapen estropadan. Sailkapenak, dantzan izan ditu azken astean arraunlari gehienak. Batzuk lehen aldiz, besteak hamaikagarrenez... Eguna iritsi, eta itsaso petralak jaso zituen besoak irekita, eta haizea gogotik. Uretara irten, eta segituan ikusi ziren traineruak zanbuluka, patroiak ontziak zuzendu nahian, edo ahaleginetan. Baina baldintza horietan agertzen dira indartsuenak, eta horrela izan zen. Oriok, Arraun Lagunak-ek, Tolosaldeak, Zumaiak, Hondarribiak, Hibaikak eta Kaikuk egin zituzten denbora azkarrenak, eta Kontxako Bandera lehiatzeko sailkapena lortu zuten. Haiekin arituko da etxeko ontzia: Donostiarra. Sailkatutakoetan, Euskotren ligako bost ontzi, eta ETE ligako bi. Haiek izan ziren eguneko ustekaberik handienak: Zumaia eta Kaiku. Biek ETE liga lehen bi postuetan amaitu zuten, eta igotzeko kanporaketaren aurretik aukera polita dute datozen bi igandeetan onenenekin lehiatzeko.

Ikusi gehiago:Argazki bilduma

Orio izan zen atzoko talderik azkarrena, eta Kontxako bi igandeetan aritzeko eskubidea lortu zuen, aise. 7.05eko denbora egin zuen lehen ziabogan San Nikolas-ek, eta 12.23ko denbora markatu zuen helmugan. Euskotren ligan ikusi den bezala, haiek dute aukera gehien Arraun Lagunak mendean hartzeko, eta atzoko estropadan sentipen onak bildu zituzten horretarako. Nagore Urdapilleta arraunlariak argi utzi zuen, Ligako arantza kendu, eta palmaresean laugarren Kontxako Bandera lortzen saiatuko direla. «Orio bezalako talde batentzat Kontxa irabaztea nahitaezko helburua da, eta horren bila gatoz».

Arraun Lagunak izan zen bigarren erlojupeko proban. Euskotren liga irabazi ostean, Lugañene-koak, Kontxako Bandera preziatua irabazteko faboritoetako bat dira, eta sailkatze estropadan berretsi egin zuten. Kanpoko balizan 7.17 ko denbora markatu zuten, eta Orioren atzetik jarri ziren, hamabi segundora. Helmugarako bidea, 12.31ko denboran bete zuten. Aldaketa gutxi batzuk egin zituen eskifaian Juan Mari Etxabek; beraz, mailarik onenean espero dira datorren igandean.

Hirugarren Tolosaldea izan zen, aurreikuspenak beteta. Zozketak horrela erabakita, irteten lehenak izan ziren, eta lehen erreferentzia ziabogan ezarri zuten, 7.22koa, eta 12.36 helmugan. Ondoren, gainontzeko taldeak ikusi zituzten sartzen, eta ez zuten sufritu. Izan ere, A multzoan, Oriok eta Arraun Lagunak-ek gainditu zuten haien denbora.

Laugarren postua, eguneko ustekabe eman zuen taldearentzat izan zen: Zumaiarentzat. 17. izan ziren irteten erlojupekoan, eta atera zenerako, nahiko erabakia zegoen sailkapena, baina ezustea eman zuten. Galiziako Chapelak zuen denborarik onenetan zazpigarrena, eta, Zumaiak ziaboga pasatu orduko, argi utzi zuen haiek gainditzeko aukerak zituztela. Denborarik onenetan laugarren egin zuten ziabogan, baita helmugan ere. Estropadaren ondoren, Amane Jimenez patroiak irribarretsu azaldu zuen zer asmorekin atera ziren. «Aste osoa pasatu dugu itsasoa zikina egotea nahi genuela esaten, eta barruan genuen amorru guztiarekin irten gara». Ikusi besterik ez zegoen nolako poza zuten ontzi gorrian iritsi ziren arraunlariek.

Bosgarren postuan, lanak ondo eginda, Hondarribia sartu zen. Miren Garmendiak gidatutako traineruak denboraldian erakutsitako mailari eutsi, eta itxura ona eman zuen atzo. Bigarren luzea bereziki ondo egin zuten, eta 13.04 ko denboran iritsi ziren.

Eguneko dantzarik handiena, zazpigarren postuak izan zuen, ohi bezala. Hautagai gehiegi postu baterako, eta azkarrenak eraman zuen: Kaikuk. Eguneko beste ustekabea izan zen, zalantzarik gabe. Tolosaldearen ondoren iritsi zen Bizkaitarra, eta 13.13ko denborak lehen zazpietan sartu zuen. Chapela ere gertu izan zuen, bost segundora, baina bukaeran Zumaia iritsi, eta kanporatu egin zituen. Azkenean, Euskotren ligako Cabo eta Tiran kanpoan geratu ziren, eta Galiziako liga irabazi duen Chapela ere. Nekez ahaztuko dute atzoko eguna Galiziako taldeek.

Igandeko txandak

Estropada amaitu eta ordu erdira txanden zozketa egin zen. Oriok lehenengoan egingo du arraun, Hibaika, Zumaia eta Kaikurekin batera. Bigarrenean Euskotren ligako lau ontzi ariko dira: Arraun Lagunak, Donostiarra, Tolosaldea eta Hondarribia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.