Frantziako Tourra

Zukua atera dio ihesaldiari

Pidcockek irabazi du Frantziako Tourreko hamabigarren etapa. Pogacarrek bi aldiz jo du erasoa, baina Vingegaardek aise erantzun du

Zukua atera dio ihesaldiari.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Thomas Pidcockek (Ineos) ez du erraz ahaztuko Frantziako Tourreko lehenengo garaipena. Alpe d'Huezeko 21 bihurguneetan gora lortu zuen, atzo, lorpen preziatua. Hori egin duen gazteena bihurtu zen 22 urteko britainiarra, haren lehen Tourrean. Adin horretako txirrindulari batentzat lorpen handia da, baina ez bakarra. Iazko Tokioko Olinpiar Jokoetan urrea lortu zuen mendiko bizikletan, eta, aurten, munduko txapeldun izan da ziklo-krosean.

Tourreko gazte onenaren maillota, ordea, Tadej Pogacarren (UAE) soinean dago. Atzo bi aldiz saiatu zen liderrak ateratzen zion aldea murrizten, baina aise erantzun zion Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma). Hark jarraituko du lider, eta alde berdinarekin, gainera.

Etapa hasi eta berehala egin zuten ihes zazpi lagunek. Baina Galibier —23 kilometro eta %5,1eko pendiza— igo eta gero, Chris Froome (Israel) eta Pidcock elkartu zitzaizkien jaitsieran. Tropelean, ordea, lasai hartu zuten eguneko lehen zatia. Croix de Ferrera —29 km eta %5,2— iritsi ziren ondoren txirrindulariak, eta Jumbo-Vismak jarri zuen erritmoa. Beroak eta nekeak egin zuten beren aukeraketa, eta tropelaren atzean gelditu ziren hainbat txirrindulari.

Aurreko taldetxoan bost txirrindulari bakarrik gelditu ziren Croix de Ferren: Froome, Pidcock, Louis Meintjes (Intermarche), Neilson Powless (Education First) eta Giulio Ciccone (Trek). Lau minuturen aldearekin iritsi ziren mendate amaigabearen gainera, baina, jaitsieran asko arriskatu ondoren, sei minutu pasatxoren aldearekin hasi zuten Alpe d'Huezeko igoera handia —13,8 km eta %8,1—. 70 urte bete ziren atzo Tourra handik lehenengoz pasatu zenetik, eta errepidea zalez bete zen.

Mendate mitikoko 21 bihurguneak igotzen hasi bezain pronto jo zuen erasoa Pidcockek, eta boskotea sakabanatu egin zen hamar kilometro gelditzen zirenean. Meintjes eta Froome haren atzetik abiatu ziren, baina bakoitza bere erritmoan. Tropelean, berriz, igoerara iritsi eta berehala jarri zen Jumbo-Visma erritmoa handitzen Wout van Aertekin, eta talde nagusia asko murriztu zuten. Primoz Roglic eta Sepp Kuss izan ziren Vingegaarden azken morroiak, eta bost txirrindulari gelditu ziren bakarrik talde nagusian: Kuss, Vingegaard, Pogacar, Geraint Thomas (Ineos) eta Enric Mas (Movistar).

Aurrean zuloa handitu zuen Pidcockek pedalkadaz pedalkada, eta, beste erritmo aldaketa batekin, garaipenaren bila abiatu zen. Bakarrik iritsi zen helmugara, eta hark irabazi zuen etapa. Meintjes izan zen bigarren, eta Froome, hirugarren.

Pogacarrek, nahi eta ezin

Talde nagusian, Pogacarrek jo zuen erasoa, eta Vingegaard gurpilera itsatsi zitzaion. Tartea zabaldu ezinda aritu zen esloveniarra, eta hanka altxatzea erabaki zuen. Bikotearekin elkartzeko aprobetxatu zuten beste hirurek. Kilometro bat aurrerago egin zuen bigarren saiakera Pogacarrek, eta, bere onena eman zuen arren, aise eutsi zion Vingegaardek. Elkarrekin sartu ziren bostak helmugan, eta bi oilarren arteko aldeak berdin jarraituko du sailkapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.