Bi garaile izan zituen atzo Gipuzkoako Ligako estropadak, Donostian: Hibaika izan zen azkarrena, alde batetik, eta San Juanek liga bera eskuratu zuen, bestetik. Estropada puntuagarri bakarra falta da, eta dagoeneko traineru barruan dauka titulua Pasai Donibaneko taldeak. Bigarrena du, 2014an lorturikoarekin batera.
Hibaikaren kasuan, atzokoak ere balio berezia dauka, lehen garaipena duelako aurtengo ligan; aurreko bandera guztiak San Juanek irabazi zituen. Erlojuaren aurka, Urumea ibaian, hiru ziabogatara, eta oso baldintza txarretan nagusitu zen Errenteriako taldea atzo. Ur gutxi zegoen, eguraldia ere ustel antzekoa, sargori, eta arraunlariek lana erruz egin behar izan zuten.
Atera ditzaketen talde indartsuenak ez zituzten osatu atzo hainbat taldek, baina, hala ere, aurreneko hiru lekuak betikoentzat izan ziren. Hibaikan, lesioak eragindakoa izan zen zulo handienetakoa: Eli Pescador min hartuta dago, eta gaur da taldean berriz sartzekoa, proba modura.
Hutsuneak hutsune, Hibaikak egin zuen denbora onena hirutik bi ziabogatan; aurrenekoan, erlojua une berean geratu zuten lehen hirurek. Bigarren luzean ireki zien aldea Hibaikak: lau segundo gehiago behar izan zituen San Juanek, eta sei gehiago Oriok. Hirugarren luzean, San Juan bira gerturatu zen, baina helmugara bitarteko azken minutu eta erdian bi segundoren tarte horrekin gailendu zitzaion Hibaika. Oriori zortzi segundo atera zizkion.
Ondoren sailkatu ziren Arraun Lagunak, Deustu, Hernani, Donostiarra, Portugalete, Castreña eta Lea-Artibai. Azkeneko estropada puntuagarria abuztuaren 27an izango dute, Donostian bertan.
KAE 2 ligako estropada ere jokatu zen atzo Santoñan (Espainia), eta azkarrena Lapurdi izan zen erlojuaren aurkako lanean, Donostiarra B eta San Juan B-ren aurretik. Buruan segitzen dute lapurtarrek.
Zuk bandera, nik liga
Hibaikak bere lehen bandera irabazi du aurten Gipuzkoako Ligan, Donostian. San Juanek eskuratu du liga, jardunaldi bat falta dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu