Bilerak han, bilerak hemen, konpromisoak edonon. Molde horretara moldatu behar izan du Amaia Gorostizak (Eibar, Gipuzkoa, 1967), gaur sei hilabete Eibar taldeko presidente izendatu zutenetik. Normala den bezala, hainbat arlo eta gai jorratu behar izan ditu tarte horretan. Ohikoak klub baten agintean dagoen batentzat. Baina beste gai batzuk ere tokatu zaizkio, argitaratuak nahiko ez zituenak ziurrenik. Gai deserosoak dira, eta tartean dago Antonio Luna eta Sergi Enrich jokalarien sexu afera.
Gaur bertan betetzen dira sei hilabete Eibarreko presidente zarenetik. Nolakoak izan dira hilabete hauek?
Oso biziak izan dira, emozio handikoak, eta lan asko egitekoak ere bai.
Klub bateko presidente izatea aurretik uste zenuen bezalakoa da?
Administrazio kontseiluan nengoen lehendik, eta banekien zer den kudeaketaren gaia. Presidente izanda, ordu gehiago sartu behar izaten dira, eta gauza batzuk aldatu ere egiten dira, baina arrotza ere ez zait egin. Ezagutzen nuen mundu hau lehendik, eta ondo ari naiz eramaten.
Hala ere, futbolaren munduan bete-betean sartu zara orain, eta jende asko ezagutzeko aukera izan duzu. Zer aurkitu duzu?
Jende normala da, beste edozein arlotan dabilena bezalakoa. Enpresa da futbol klub bat, eta kudeaketa antzekoa da. Deigarriena egin zait zein mediatikoa den futbola, eta nolako indarra duen. Gizarteko beste esparru askotan eragiteko hainbesteko indarra dauka. Futbolak jende asko mugitzen du, eta erabil daiteke mezu asko zabaltzeko gizartean.
Oso puztuta ez al dago? Adibidez, jokalarien soldatak.
Diru asko mugitzen da, bai, eta batzuetan, neurriz kanpo. Lehen Mailatik beheragoko mailetan ikusten da zenbateko pasioa sortzen duen kirol honek. Inpresioa eragin izan dit nola eraldatzen diren pertsona helduak futbol zelai batean, adibidez. Kirolaz harago doan zerbait da futbola.
Kirola baino gehiago negozioa da futbola gaur egun?
Kirolaren bidez negozio handia sortzen da.
Futbola, lana, familia... denera ondo iristeko moduan zabiltza?
Denbora ateratzen dut, baina larri. Futbolari eskaintzeko, loari eta familiari kendu behar izan diet tartea. Nire aisialdiari ari naiz jaten denbora futbolari emateko.
Futbolaren eraginez loa galtzen duzu, hortaz?
Ez dut esan lo gaizki egiten dudanik futbolaren eraginez.
Klubeko lana egiteko, etxean ere orduak sartzen ari zara?
Bai horixe.
Zuri entzunda, garbi samar dago klub bateko presidente izateak lanbidea izan behar duela. Edo ez?
Klubaren egitura nola antolatua dagoen hartu behar da kontuan. Azken batean, enpresa bateko antolaketaren parekoa dago hemen. Ondo antolatuta gaude, eta lanbidea izan gabe ere izan daiteke Eibarreko presidente.
Zuk, hortaz, lanak ondo banatuta dauzkazu hemen.
Talde ona daukat atzean: oso ondo ari dira lanean.
Zein da zure lana klubean, zehazki?
Administrazio kontseiluaren barruan, helburu batzuk finkatzen ditugu, eta horiek betetzeko bideak jarri. Gero, profesionalak daude helburu horiek lortzeko.
Horrela ikusita, ematen du ez duzuela lan handirik administrazio kontseiluan.
Bai, zera! [barrezka] Azkenean, denbora eta lana behar dira gauzak guztiak finkatzeko. Eta baliabide asko ere bai.
Kalean ezagunagoa izango zara orain. Aldaketa handia ez al da hori?
Ez naiz Eibarren bizi, baina ez dit bizitza asko aldatu presidente izateak. Lehengo jende berak ezagutzen nau orain ere.
Hedabideetan azaltzea ere tokatzen zaizu. Gustukoa duzu?
Klubari zor natzaio, eta egin egin behar da. Baina uste dut medioetan hainbeste atera gabe ere egin daitezkeela lanak. Klubetako presidente asko azaldu ere ez dira egiten hedabideetan. Asko ikusten dituzu une oro hedabideetan direnak? Tokatu egiten zaigu, hori egia da, baina uste dut gai garrantzitsuren bat dagoenean bakarrik atera beharko genukeela.
Konpondu al dira kontseiluaren barruan lehen zeuden arazoak?
Oso giro ona daukagu gure artean.
Duela sei hilabete baino lehen zenutena baino hobea?
Oso giro ona daukagu gure artean.
Zer aldatu da klubean sei hilabete hauetan?
Presidente izendatu nindutenean, aurreneko prentsaurrekoan oso garbi azaldu nuen zein zen gure asmoa. Kudeaketa aldatu dugu, transbertsalagoa da, eta komunikazioa ere hobea da orain klubaren barruan. Barruko sailak eta haien lan egiteko modua itxiak badira, batak bestearekin batere komunikaziorik ez badute, lana gelditu eta zaildu egiten da, eta hori oztopoa da helburuak betetzeko orduan.
Lehen, presidentearen jiran zegoen dena antolatuta?
Orain, hiru presidenteorde daude, eta sail bakoitzak bere arduraduna dauka.
Dirua barra-barra sartzen ari da klubean telebista eskubideen bidez, eta gastatzen ere ari zarete, baina Eibarren ohikoa izan bezala, neurrian?
Beti bezala ari gara orain ere. Nahiz eta diru asko sartzen ari den, ez dugu bururik galdu. Proportzioan, garai batean bezala dabil diru sarreren eta irteeren arteko aldea. Hori bai, garbi daukagu baliabideak behar direlaLehen Mailan ondo lehiatu nahi bada, eta oreka horretan mugitzen ari gara.
Hazi eta hazi ari da kluba, eta mugarik jarri behar zaio hazkunde horri?
Zuk jarriko zenioke mugarik? Lehen Mailan jokatzen egonda, gure nahia da bertan jarraitzea, baina ez edozein modutan. Saiatuko gara sailkapenaren erditik gora ibiltzen, baina hankak lurrean ditugula. Gustatuko litzaiguke liga irabaztea, baina badakigu gure muga ez dela hainbestekoa. Gure bidea zehaztuta dago, eta horren barruan ibiliko gara beti.
Zein da, bada, bide hori?
Eibarrek bere historia guztian izandakoa: kudeaketa ona, bururik galdu gabekoa, eta oinak lurrean dituena. Ahalik eta ondoen egingo dugu lan hori.
Zein dira oraintxe bertan mahai gainean dituzun egitasmo nagusiak?
Gaur bertan daukagu akziodunen batzarra, eta ez dizut hemen aurreratuko batzarrean azalduko duguna.
Ezin duzu ezer aurreratu?
Kirol mailan, garbi dago helburua dela Lehen Mailan jarraitzea, eta zenbat eta gorago sailkatu, hobeto. Oso pozik gaude taldea egiten ari den lanarekin. Beste arlo batzuetan, badakizu indar handia jartzen ari garela fundazioan, gizarte mailako proiektu sendoarekin; orain bagara egiteko gai.
Lehen ez?
Lehen esan dudanean, aspaldiko garaiaz ari naiz, eta ezin zen aurrera eraman proiektu hori, nahikoa diru ez zegoelako. Aukera orain dugu, eta justua da gizarteari itzultzea Eibarri eman izan diona eta ematen diona.
Ipuruak badu gehiago handitzeko modurik?
Esango didazu nola! [barrezka]. Geure baliabideen barruan, ari gara ahalik eta ondoen jartzen Ipurua, eta, batez ere, zerbitzurik onena ematen saiatzen ari gara zaleei, betiere Ligak zehazten dituen bideen barruan.
Asko estutu eta eskatzen du Ligak, erakunde gisa?
Bai. Baldintza batzuk bete behar izaten ditugu klubek, eta asko telebistak ezarritakoak dira.
Pentsaezina da gaur egungo futbola telebistaren ekarpenik gabe?
Beste era batekoa izango litzateke, eta iraungo luke. Baina garbi dago gaur egun dirua telebistetatik sartzen dela klubetara.
Telebisten agintearen aurrean —ordutegia jartzerakoan, adibidez—, klubek ez duzue ezer esateko?
Guri ere ez zaigu gustatzen astelehen gauetan jokatzea, baina guk ez dugu jartzen ordutegia. Onartu egin behar da, batzuetan batzuei eta besteetan besteei tokatzen baitzaie.
Ipuruari berriz helduta, salatu izan dute obretako langileak baldintzak prekarioetan ari direla. Zerbait esateko horren inguruan?
Ez. Eibarrek ez dauka zerikusirik horretan. Klubak enpresa bat kontratatu zuen lan horiek egiteko, eta enpresari dagokio bere langileekin egiten duena.
Aurreko presidentea kexu zen euskal erakundeek ez ziotela behar bezala laguntzen klubari. Iritzi berekoa zara?
Ez. Lortu dugu harreman onak izatea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta, gainera, dirua ere eman digu aldundiak harmailak berritzeko. Ez dugu inolako kexarik.
Lehen ere harremanak onak ziren?
Orain hobeak dira.
Eragina dauka hobetze horretan Alex Aranzabal ez egoteak?
Hori aldundiari galdetu beharko diozu.
Eibarreko jokalariek Gipuzkoako Ogasunean ordaintzen dituzte zergak?
Gipuzkoan bizi direnek, bai, eta Bizkaian bizi direnek, Bizkaian.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, agian, horregatik ez dio nahi izan klubari asko lagundu?
Ez luke horrela izan behar, eta ezetz esango dizut.
Zertan da Lunari eta Enrichi klubak ireki dion zigor espedientea?
Irekita dago, baina ez gara hasiko zabaltzen zertan den, auzian sarturik dagoen emakumeari zor diogun errespetuagatik.
Emakume zaren neurrian, zer iritzi duzu kasuaz?
Atera dudan ondorioa da zein arriskutsuak diren sare sozialak, eta nolako arduragabekeriaz erabiltzen ditugun. Oso kontuz ibili behar da orain. Ikasgai handia da gazteentzat, ez direlako konturatzen nolako arriskua duen argazki edo bideo bat jartzeak sare sozial batean. Uste dut ez gaudela prest izan ditzakeen ondorioak neurtzeko. Gure bi jokalariek ez dute jakin hau kontrolatzen, eta oso gai gogorra izaten ari da.
Lehen esan duzu futbolak sekulako indarra duela gizarteko edozein gaitan eragiteko. Ez zaizu iruditzen klubak oharren batzabaldu beharko zukeela hau dena salatzeko, adibidez?
Gure ardura zuhurtasuna da bideoaren auzian. Garbi dago gizarte osoa ezin dugula gustura eduki. Nire seme edo alaba balego horrelako auzi batean, ez litzaidake gustatuko gaia hedabideetan azaltzea, eta diskrezioa eskatuko nuke. Gu diskrezioz ari gara gai honetan.
Hauteskundeetara aurkeztuko zara?
Maiatzean dira, eta ez dakit zer egingo dudan. Ikusiko dugu.
Aranzabal aurkeztuko balitz, zer?
Askatasun osoa du horretarako.
Amaia Gorostiza. Eibar futbol taldeko presidentea
«Zuhurtzia izatea da gure ardura bideoaren auzian»
Gorostizak gaur bete ditu sei hilabete Eibarreko presidente izendatu zutenetik. Garai nahasiak ziren orduan administrazio kontseiluan, baina azpimarratu du hori aldatu egin dela eta «giro ona» dagoela orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu