Pilota. Binakako Txapelketako finala

Zuhaitz batek ez dezala estal baso ederra

Jokin Etxaniz «oso pozik» dago Aspeko bikoteek egin duten lanarekin: «Baiko baino askoz gehiago izan gara». Lana biribildu nahi du, txapela irabazita, baina ez du uste horrek neurgailu bakarra izan behar duenik.

Jokin Etxaniz, entrenamendu batean, Miribillanko pilotalekuan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Jo eta su dabil Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoa (Bergara, Gipuzkoa, 1970). Halaxe dabil gehienetan, baina are gehiago final baten atarian. Haren zorionerako, askotan da hori. 2015eko udan Asegarceko Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak buruz buruko finala jokatu zutenetik beti egon da Aspeko pilotari bat hiru txapelketa nagusietako finalean. Ia zazpi urte dira. Ikusgarriagoa da beste datu hau: Oinatz Bengoetxeak 2017ko udan buruz burukoa irabazi zuenetik, jokoan egon diren txapel guztiak irabazi ditu Eibarko enpresak (Gipuzkoa). Ia bost urte dira. «Bolada ederra daramagu. Baiko baino gehiago izan gara. Oso pozik gaude», dio.

«Oso pozik»daude oraingoan ere: «Oso txapelketa ona egin dugu. Baiko baino askoz gehiago izan gara». Datuek ere horixe diote: bi enpresetako bikoteek elkarren aurka jokatutako 35 partidetatik 23tan nagusitu dira Aspekoak, eta hamabitan Baikokoak. Ez da nagusitasunaren erakusle bakarra, Etxanizen arabera: «Lehenbizi, gure lau bikoteek pasatu zuten ligaxka, eta aurreneko biak gureak izan ziren; gero, lau horietatik hiru finalerdietara pasatu ziren. Bi nahi genituen finalean, baina bakarra iritsi da».

Orain arte egindako lan onari «errematea» eman nahi dio, txapela irabazita. Hala ere, ez dago horrekin itsututa: «Txapela irabazi nahi dugu, lana biribiltzeko, baina galduta ere txapelketa ederra litzateke. Osotasunean egin behar dira balorazioak. Txapela irabazteak edo ez irabazteak ezin du izan neurgailu bakarra. Gainera, oso final estua izango da».

Azken banakakoetan atzelariek egin zuten aldea: Jose Javier Zabaletak, Beñat Rezustak eta Jon Ander Albisuk. Haietako bakar bat ere ez da ariko finalean. Txapelketaren berezitasunari erreparatu dio Etxanizek: «Oso luzea da, eta gorabeherak egon ohi dira. Lehenbizi, sailkatu egin beharra dago, baina, gero, erabakigarria da sasoiko eta konfiantzaz iristea azken txanpara. Zortea ere izan behar da, eta minik ez hartzea. Ez da erraza».

Horregatik azpimarratu du finala jokatuko duten bi bikoteek «meritu handia» dutela. Berehala aztertu ditu biak: «Jokini eta Juleni kostatu egin zitzaien hasieran, baina behetik gora egin dute, eta oso ondo ari dira; zaila da haiei irabaztea. Unai eta Ander, berriz, erregularrago aritu dira; hasieratik erakutsi zuten eurena emanez gero, edozeini irabaz diezaioketela, eta horri eutsi diote amaiera arte». Haren ustez, «oso antzeko bikoteak» dira: «Aurrean, bi fenomeno dituzte, eta atzean, pilotari langile eta ziurrak».

Seguru dago biek «eurena» emanez gero, «final handia» izango dela; Urteberri Egunean Altunak eta Martijak 22-21 irabazitako lehia jarri du adibide gisa. Baina segituan eman du abisua: «Finalak jokatzen jakin behar da. Detale txikiak erabakigarri bilakatzen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.