Zuazok azken minutuetako oldarraldiari esker irabazi du derbia (19-25)

Kukullagak jaitsiera postuetatik irten ezinik jarraitzen du; Bera Berak, berriz, tartea ireki du sailkapenean

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Zuazok ondo kostata irabazi zion atzo Kukullagari ABF ligako Bizkaiko taldeen arteko derbian (19-25). Barakaldoko taldeak oldarraldi ikusgarria izan zuen azken minutuetan eta 0-7ko partzial bati esker zapuztu zituzten etxekoen itxaropenak. Porrot honen ondoren Kukullagak jaitsiera postuetan jarraitzen du, Zuazo, aldiz, lehen zortzien artean sartu da. Bera Berak, bere aldetik, arazo handirik gabe irabazi zion Valentziari (32-19), eta lider jarraitzen du. Orain, baina, bi puntuko aldea du, Alcobendasek Rocasaren aurka berdindu zuelako.

Derbi beroa espero zen eta Kukullagaren zaleek are gehiago berotu zuten. Giro ikusgarria egon zen Etxebarriko kiroldegiko harmailetan. Partida burrunbaren erdian hasi zen, eta Zuazok hobeto ekin zion arren (3-6), bi taldeak berdinduta iritsi ziren atsedenaldira (10-10). Bigarren zatiak bi tarte desberdin izan zituen. Lehen minutuetan Kukullaga gailendu zen eta hiru goleko errenta hartu zuen (16-13 eta 18-15).

Zatiko azken txanpan, baina, Zuazok modu ikusgarrian egin zuen gora. Kukullaga 18 goletan iltzatu eta buelta eman zion lehiari. 18-22kora joan zen zuzenean eta lasai kudeatu zituen azken minutuak. Kukullagari, aldiz, egoera larrian dagoela sumatu egin zitzaion eta presaka jokatuz bukatu zuen. Bera Berari dagokionez, emozio gutxiko partida izan zen. Lehen zatian 14-9 aurreratu ondoren bigarrenean ireki zuen tartea. 2. eta 3. sailkatuen arteko berdinketak garaipena are gozoago bilakatu zuen.

Bidasoa bizirik dago (26-24)

Bidasoak ez du Asobal liga utzi nahi, eta oraindik lehiatzeko gogoz dagoela erakutsi zuen atzo Juanfersa Gijoni 26-24 irabazita. Etxekoek sufritzen jakin zuten, eta bigarren zatiaren hasieran aurkariak aurretik jarri zirenean ere (14-15) ez ziren kikildu. Partidaren amaierarako hamar minutu falta zirenean hiru goleko errenta hartu zuen Bidasoak (24-21), atzo, baina, Aragoiren aurka gertatu ez bezala, ondo kudeatu zuen aldea. Azkuen izan zen goleatzaile nagusia, bost golekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.