Zu berriz ere hemen

Arsenalek eta Bartzelonak 2006ko finala gogoraraziko dute, eta Bayern Munichek eta Manchester Unitedek, 1999koa

Aitor Manterola Garate.
2010eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako eta finalerdietarako zozketak egin zituzten atzo, eta zaleen gogoan dauden hainbat partida gogoraraziko dituzte. Hartara, Arsenalek eta Bartzelonak 2006ko finala errepikatuko dute, eta Bayern Munichek eta Manchester Unitedek, 1999koa. Bi horiek dira final-laurdenetako kanporaketa erakargarrienak. Beste bietan, Inter Milan eta CSKA lehiatuko dira, batetik, eta bi frantziarrak, bestetik: Olympique Lyon eta Girondins Bordele.

Arsenalek eta Bartzelonak bi neurketa ikusgarri ikusteko aukera eman behar lukete. Biak oinarritzen dira baloiaren jabetzan, eta biak dira ikusteko ederrak. Ezaugarri hori aintzat hartuta, nekez egon daiteke partida erakargarriagorik egungo futbolean. Txiki Begiristain Bartzelonako idazkari teknikoak laburbildu du ederki: «Ikusgarria izango da».

Jokalari batzuei oroimena astintzeko balioko die kanporaketak. Batekoei eta bestekoei. Bartzelonan, Thierry Henryk taldekide ohiak izango ditu parez pare. 1999tik 2007ra bitartean Londresko taldean jokatu zuen frantziarrak, eta berriz itzuliko da bere etxea izan zenera. Cesc Fabregasentzat ere berezia izango da kanporaketa. Bera ere etxera itzuliko da, Bartzelonako harrobian hazi baitzen.

Datu historikoei erreparatzen bazaie, Bartzelona da aurretik. Hirutan jokatu dute elkarren aurka Europako lehiaketetan, eta hiruretan kataluniarrek irabazi diete ingelesei. Orain arte, behintzat, ezin izan dio gaina hartu Londresko taldeak, eta ikusi egin beharko da laugarren aldiz ere kale egiten duen edo ez. Lan txarrak ditu oraingoan ere. Bartzelona da faboritoa. Partida bat hausteko jokalari erabakigarriagoak dauzkalako. Gola sartzeko erraztasun handiagoa duelako. Itzuliko partida zaleen aurrean jokatuko duelako. Ematen du, gainera, Pep Guardiolak entrenatutako taldea hobetzen ari dela.

Final-laurdenetako beste kanporaketa erakargarria Bayern Munich-Manchester United da. Aspaldiko ezagunak aurrez aurre. Nork ez du gogoan 1999ko final hura. Azken-azken unean berdindu zuten ingelesek, eta urrezko golari esker, txapeldun izan zen Alex Fergusonek entrenatutako taldea. Kolpe latza hartu zuten alemaniarrek, eta orduan iltzatutako zauria itxi nahiko dute. Azkenaldian ez bezala, gainera, ondo ari da Municheko taldea. Behetik gora doa denboraldian. Gaizki hasi zen, baina etorri da bere onera Louis Van Gaalen taldea. Hori bai, izerdia latz bota behar izan du final-zortzirenetan Fiorentina kanporatzeko.

Orain arteko jarduna ikusita, Manchester United sendoago ari da. Sasoi hasieran hartu zuen bideari eusten dio. Erregulartasuna ardatz. Hori eta Wayne Rooney. Ikusgarri ari da aurrelari ilegorria, golak sartu eta golak sartu. Arlo horretan ez duela mugarik ematen du. Alemaniarren erdiko atzelariak -Demichelis eta Van Buyten, besteak beste- makalak direla kontuan izanda, bereak eta bi egin ditzake ingeles aurrelariak. Hor izan dezake abantaila Manchesterrek. Butt alemaniar atezaina hola-holakoa izatea ere onerako izango du. Baita itzuliko partida etxean jokatzea ere.

Bayern Munichen ere badira izarrak. Frank Ribery eta Arjen Robben, beste guztien gainetik. Biek hautsi zituzten Fiorentinaren ametsak itzuliko partidan. Sasoiko joko bolada onenean dira biak, eta tentuz zaindu beharko dituzte ingelesek, hegaleko bi jokalari abilak eta azkarrak zaintzea badago, behintzat. Alemaniako taldearen zutabeak dira biak, baina Van Gaal entrenatzaile izanik, taldeak badu beste ezaugarri bat ere: taldea bera, hain zuzen.

Frantziako bi oilar

Beste bi kanporaketak aztertzen hasita, atentzioa ematen du Frantziako bi taldeen artekoak. Olympique Lyon eta Girondins Bordele. Hango ligako bi indartsuenetakoak, dudarik gabe. Ez da alderik bi taldeen artean. Aurreko denboraldira arte, Lyon gainetik izan du Girondinsek; urte luzez, gainera. Baina Laurent Blanc entrenatzaile jarri eta Bordelekoak Frantziako talde onena bilakatzea bat izan da.

Azkenaldian, bien arteko partidak estuak izan dira, eta kanporaketak ere itxura hori dauka. Lyonek atezain bikaina dauka, Hugo Lloris, eta aurrealdean ere trebeak dira Lisandro Lopez, Sidney Govou, Chelito Delgado eta gainerakoak. Girondinsek ere antzeko dohainak dauzka. Cedric Carrasso atezain ona da, eta aurrean erabakigarriak dira Chamakh eta Gourcuff. Geldikako jokaldiei, gainera, etekina ateratzen die Girondinsek.

Europako Ligako final-laurdenetako kanporaketak ere zozkatu zituzten atzo Nyonen (Suitza). Ondokoak dira kanporaketak: Fulham-Wolfsburgo, Hanburgo-Standard Lieja, Benfica-Liverpool eta Valentzia-Atletico Madril. Joaneko norgehiagokak apirilaren 1ean jokatuko dira, eta itzulikoak, berriz, 8an. Aurreneko kanporaketako garaileak bigarreneko garailearen kontra jokatuko du finalerdietan, eta hirugarreneko irabazleak, berriz, laugarrenekoaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.