Jauzitik jaustea fisikaren legeen barruan dago. Horretan dabil Kamila Valieva patinatzailea (Kazan, Errusia, 2006). Irristadaz irristada, saltotik saltora, emakume batek orain arte egin gabekoa egin zuen aurreko asteartean, Pekingo Olinpiar Jokoetan: jauzi laukoitza hiru bider taldeen lehiaketan. Urrea Errusiako Olinpiar Batzordearentzat. Jauzi miragarrian begiak zabal-zabal eginda iraun zuen tartea, ordea, laburra egin zaio: positibo eman zuen sei aste lehenago, Errusiako txapelketan, eta orain azaldu da emaitza. Hala ere, KAA Kirolaren Arbitraje Auzitegiak lehian segitzeko aukera eman dio.
Korapilatu egiten du gorputza Valievak hankak lurretik aparte dituenean, eta auzi hau ere oso korapilatsua da. A laginaren positiboa baieztatu izanak ere ez du argitu ilunpea. Korapilo bat: adinez txikia da, 15 urterekin, eta Dopinaren Aurkako Zigor Kodeak zehazten du ezin dela jakinarazi zein den legea hautsi duena kasu hauetan.
Horrek dakar bigarren korapiloa: ezin bada jakinarazi, nolatan da ezagun eta publiko Valieva dela ustezko iruzurra egin duena? NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak esan gabe esan zuelako hura zela: «Gai bat daukate gure abokatuek, eta ezin dugu gezurtatu Errusiako taldearekin lotura duen dopin auzi bat denik. 16 urtetik beherako kirolari bat dago tartean». Valievak izan behar zuen. Asteazkenean egin zituen hitzok kirolaren munduko erakunde gorenak, eta beharko zerbait esan, auzia bezperan jausi zelako ezkutuko gauzen ganbaratik: Valievari eta taldekideei urrezko domina emateko ekitaldia bertan behera geratu zen, eta gero, gainera, hiru errusiar patinatzaile ez ziren azaldu entrenatzera; tartean, Valieva.
Hirugarren korapiloa: positiboa emanda dago trimetazidina substantzian. Bihotzeko arazoak dituztenek hartzen dute, baina,hainbat zientzialariren ustez, ez du laguntzen kirol errendimendua hobetzen. Valievaren kalterako, ordea, substantzia debekatuen zerrendan dago 2014ko urtarriletik, Poloniako hainbat boleibol jokalariri antzeman baitzitzaien. Urte horretan bertan, Sun Yang igerilari txinatarrak Londresko Olinpiar Jokoetan positibo eman zuen substantzia horretan, aurretik bi urrezko domina irabazi eta gero.
Beste korapilo bat: AEBak eta Rodtxenkov legea. Herrialde horretako dopinaren xerif Travis Tygartek eta FBIk iragarri dute lege hori ezarriko diotela errusiar gazteari. Alegia: bertako gobernuak eskumena dauka AEBek parte hartzen duten edozein lehiaketetan dopinarekin lotutako zerbait antolatzen dutenak harrapatu eta epaitzeko, hamar urteko kartzela zigorra jartzeraino. Valievak mundua harritu duen lehiaketan, AEB hirugarren izan da.
Korapiloz korapilo, auzia katramilatu egin zen berehala, patinatzaileek beren gorputza airean nahasten duten bezala. Rusada dopinaren Aurkako Errusiako Agentziak Valievaren probaren lagina Estokolmera bidali zuen duela zazpi aste, baina aurreko asteartean jakinarazi zuen emaitza laborategi horrek. Rusadak behin-behinean zigortu zuen patinatzailea, eta azkar batean jarri zion helegitea Valievak. Agentziak arrazoia eman zion kirolariari, eta askatu egin zuen debekualditik. NOBk berehala jarri zuen helegitea KAAn, baita WADA Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak eta Patinajeko Nazioarteko Federazioak ere. Atzo iritsi zen epaia: «Kalte konponezina egingo litzaioke lehiatik bidaliz gero, kontuan izanda pertsona babestua dela adin txikikoa izateagatik». NOBek erantzuna: ez dio Valievari dominarik emango, ez aurreko astekoa, ezta lor dezakeen besterik ere, kasua argitu artean. WADA ere sutan. Zer esanik ez AEBeko Olinpiar Batzordea, Errusia tartean egonda.
Gaur eta etzi ariko da berriz
Patinatzailea gaur eta etzi itzuliko da lehiara, bakarkako proban. Dopinaren inguruko zigorra jaso edo ez, dopinaren korapilo askaezinean beste estutu bat izango da Valievaren kasua. Ez du ematen kirolariak zigor gogorrik jasoko lukeenik, jasotzekotan; bai, ordea, haren entrenatzaileak eta ingurukoek. Errugabe balitz, kontrolen sinesgarritasuna hankaz gora geratuko litzateke. Eta batez ere, galdera bat ibiliko da airean hegan, erantzuna noiz jausiko: positiboa baieztatua izanda, nola lehiatu daiteke gaur eta etzi?
Auziak bide bat edo bestea hartu, epaitua izan da dagoeneko Valieva. Positiboarena kirol ibilbide guztian izango du itsatsia errusiarrak, patinetan pistako izotza nola, zalantzaren orbana hala. Ez badute zigortzen, zalantza eragingo dute haren emaitzek.
Mesfidantza horrek, balizko kasu batean, patinatzaileen artean mitoa den Sonja Heinerekin egin izan dizkioten alderatzeetan eragingo dio. Norvegiakoa izan zen handietan handiena, hiru urrezko domina elkarren segidan irabazita Olinpiar Jokoetan: 1928, 1932 eta 1936. Lehendabiziko urrea 15 urterekin jantzi zuen. Valievak egin du gauza bera. Inork ez ditu inoiz Heinek hainbeste domina olinpiko irabazi.Valievak lor dezake oraindik. Edo zezakeen idatzi beharko da aurki, batek daki.
Aktorea ere izan zen Heine, Hollywoodeko izarra bere garaian, eta artearekin ere lotu dute Valieva. Duela hiruzpalau urte, Pablo Picassoren iloba bat hunkitu egin zen errusiarra patinen gainean dantzan ikusten, margolariaren lan batean antzera dantzatzen baitzen neska txiki bat. Elkar ezagutzeko gonbita egin zion Valievari. Patinatzailea ustezko jauzirik arriskutsuenetik nola jausiko den ikusteko zain egongo da Picassoren iloba: fisikaren legean edo kimikarenean.
Kamila Valieva
Zoru labainean jausi da
Kamila Valieva. 15 urte. Adin txikikoa. Errusiarra. Patinatzailea. Ustezko delitua: positibo trimetazidinan, duela zazpi aste. Txapeldun olinpikoa izan berri da Pekingo Jokoetan. KAAk lehian segitzen utzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu