Arrauna. Euskotren Liga

Zortzitik zortzi bandera astindu ditu Arraun Lagunak-ek

Boiroko estropadan hamabi segundoko tartea atera dio Donostiarrari, eta hamahirukoa Tolosaldeari.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak garaipen bat ospatzen, duela pare bat aste, Zierbenan. JAVIER ZORRILLA / EFE
Arraun Lagunakeko arraunlariak garaipen bat ospatzen, duela pare bat aste, Zierbenan. JAVIER ZORRILLA / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko uztailaren 21a
18:00
Entzun

Aurkaririk gabe dabil Arraun Lagunak. Eta, gainera, kaleen zozketan ere zortea alde badute, Juan Mari Etxabek prestatutako neskek baino azkarrago arraun egitea ia ezinezko balentria da aurkarientzat. Euskotren Ligan zortzi estropadetatik zortzi irabazi dituzte donostiarrek; azkena gaur, Boiron (Galizia).

Atzo, Ribeiran (Galizia), estuagoa izan zen lehia, baina egun bateko kontua izan zela argi utzi du gaur Lugañenek. Lehen minututik aurrea hartu, eta, ziabogara heltzerako, zortzi segundorena zen errenta. Maniobra eskasa eman du Andrea Astudillo patroi lanetan zuen ontziak, baina bazuen lasai ibiltzeko adinako tartea. Bigarren luzearen hasieran eutsi dio abantailari, eta, minutuek aurrera egin ahala, zabaldu ere egin du. Alde zuten itsaslasterra. 11:00.92 izan da denbora helmugan.

Bigarren posturako lehiak, bai, izan du emozioa. Amaierarako 300 metro falta zirela pare-parean ziren Tolosaldea eta Donostiarra, baina azken txanpan azkarragoa izan da Donostiakoen Bantxa. Arraun Lagunak-ek baino 12.98 segundo gehiago behar izan dituzte lanak bukatzeko; Tolosakoek 13.74 segundo gehiago. 18 segundora helmugaratu da Orio. 

Lehen txandan aise nagusitu da Hondarribia, baina ohorezko txandakoetatik urrun ibili da. Hibaika izan da seigarren, eta Galiziako bi traineruak, Tiran eta Cabo, zazpigarren eta zortzigarren, hurrenez hurren.

Sailkapen nagusian 64 puntu ditu Arraun Lagunak-ek, eta 48rekin berdinduta daude Tolosaldea eta Orio. Donostiarrak 45 ditu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.