Pilotazaleak gogotsu daude, eta frontoiak betetzen ari dira aspaldian. Pilota gose hori asebete nahi dute EPEL Eskuzko Pilota Enpresen Ligako ordezkariek, eta, horretarako, aldaketak egin dituzte aurtengo Mastersean. Hala, bosgarren ekitaldia den honetan azken bietan baino partida gehiago jokatuko dituzte, sei bikote aritu beharrean, zortzi ariko baitira. Beraz, beste lau pilotari gehiagok izango dute tokia. Batek baino gehiagok eskertu egin dute aldaketa.
Hilabete barru hasiko da lehia, uztailaren 19an, Aretan (Laudio, Araba), eta, urriaren 6an jokatuko dute finala, Iruñean, Nafarroa Arenan. Toki berean aritu dira azkeneko hiru ekitaldietan.
Ohiturari jarraituz, Aspeko eta Baikoko pilotariek elkarrekin jokatuko dute. Hauek dira Mastersean ariko diren zortzi bikoteak: Jokin Altuna eta Martxel Iztueta; Joseba Ezkurdia eta Jon Ander Albisu; Javier Zabala eta Ander Imaz; Peio Etxeberria eta Jon Mariezkurrena; Unai Laso eta Xabi Tolosa; Iñaki Artola eta Beñat Rezusta; Jon Ander Peña eta Jose Javier Zabaleta; eta Erik Jaka eta Julen Martija.
Azken ekitaldian aritu ez ziren sei pilotarik jokatuko dute: Iztuetak, Zabalak, Lasok, Tolosak, Peio Etxeberriak eta Artolak. Iztueta eta Zabala lehen aldiz ariko dira. Are gehiago, Baikoko atzelariak aurreneko aldiz jokatuko du Lehen Mailako txapelketa bat. Aurten, B Serieko binakakoaren txapela irabazi du Asier Agirrerekin, eta enpresak hura saritu nahi izan du. Aspek, berriz, Zabala saritu nahi izan du, Lehen Mailako buruz burukoan finalerdietara iritsi eta gero.
Lasok eta Tolosak, berriz, duela bi urte jokatu zuten azkenekoz; aurrelaria min hartuta egon zen iazko udan, eta, atzelariak ez zuen tokia izan. Peio Etxeberria, berriz, hiru urteren ostean ariko da berriro titular gisa. Artolak, ordea, lau urtez egon behar izan du zain berriro tokia izateko. Lehen ekitaldian jokatu zuen, oraingo bikotekide berberarekin, eta txapeldun izan ziren. Alegiarra bikain dabil azken urtean, eta Baikok tokia egin dio.
Aldiz, iaz aritu ziren bi pilotarik ez dute jokatuko: Aitor Elordik eta Iker Larrazabalek. Deigarria da Elordi tokirik gabe geratzea, baina, azken buruz burukoan, Zabalak aurrea hartu zion.
Zortzi bikoteek zazpi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute uztailaren 19tik irailaren 8ra. Lehen bi bikote sailkatuak finalerdietarako sailkatuko dira, eta azken biak kanpoan geratuko dira. Tarteko lau bikoteek kanporaketa jokatuko dute irailaren 13an eta 15ean: hirugarren sailkatuek, seigarrenen kontra, eta, laugarrenek, bosgarrenen aurka. Bi bikote irabazleak eta ligaxkako aurreneko biak finalerdietan ariko dira urriaren 4an, Nafarroa Arenan. Irabazleek finala jokatuko dute bi egun geroago. Egun horretan jakingo da zein bikotek hartuko dion lekukoa Ezkurdiak eta Mariezkurrena II.ak osatutakoari. Iaz, haiek jantzi zuten txapela, finalean Altuna III.ari eta Imazi 22-6 irabazita.