Aymeric Laporte. Athleticeko jokalaria

«Zortea, konfiantza eta, batez ere, golak falta zaizkigu»

Hogei urte besterik ez ditu Aymeric Laportek, baina gaur-gaurkoz talde zuri-gorriko zutabe nagusietako bat da. Gaurko partida konfiantza berreskuratzeko aproposa izan daitekeela dio.

LUIS TEJIDO / EFE.
Bilbo
2014ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Fernando Amorebietak Athletic lagatzea erabaki zuenean kezka sortu zen zale zuri-gorrien artean. Noiz izango du talde zuri-gorriak beste erdiko atzelari indartsu, azkar eta ezker onekoa? Bada, Amorebietak Lezama utzi aurretik esku artean zuen ordezkoa Marcelo Bielsak. Aymeric Laporte zen (Agen, Frantzia, 1994). Laportek Amorebieta denbora gutxian ahantzarazteko gaitasuna izan zuen. Nola? Dohain bikainak erakutsita. Egun Athleticek duen harribitxi nagusia da. Talde indartsuek gehien jarraitzen dutena.

Derbia baliatu gura zenuten bolada txarra amaitzeko eta Txapeldunen Ligako norgehiagokari lasai ekiteko. Eibarrek, ordea, ez zizuen utzi.

Ezin izan genuen, ez. Aldez aurretik ere bagenekien oso neurketa gaitza izango zela. Eibarren defentsako lana oso ona da. Baina ezin gara gustura egon. Gure helburu bakarra irabaztea zen.

Argi gorria piztu dela dirudi. Inork ez zuen espero Athleticek liga horren oker hasiko zuenik. Are eta gutxiago, Txapeldunen Ligan Napoli kanporatu ostean. Kezkatuta zaudete edota aurrera egitea denbora kontua dela uste duzue?

Apur bat kezkatuta gaude. Hala ere, ezin diogu utzi geure buruan sinesteari. Konfiantza izango da bide onetik eramango gaituena. Gogor lehiatu beharko dugu hurren neurketetan. Ez dago besterik.

Zer falta zaio Athletici aurreko sasoiko mailara gerturatzeko?

Zortea, konfiantza eta, batez ere, golak falta zaizkigu.

Arreta aldatu beharrean zaudete. Liga alde batera laga behar duzue Txapeldunen Ligan lehiatzeko. Buruak eskertuko du, baina giharrek akaso ez. Atseden gutxi duzue.

Ez da samurra hiru egunetik behin lehiatzea. Arlo fisikoan, asko eskatzen digu lehiaketa nagusian parte hartzeak. Hala ere, ondo lan eginez gero helburuak beteko ditugula uste dut.

Zer eman diezaioke BATE Borisoven kontrako partidak Athletici? Zer lortu nahi duzue Bielorrusian?

Konfiantza behar dugu egun. Eta Bielorrusian behar ona egiten badugu, asko lagundu diezaguke indarra hartzeko eta emaitza hobeak lortzeko.

Ligan puntuak irabaztea behar bat da. Athleticentzat txapelketarik garrantzitsuena da, eta ezin da huts egin. Txapeldunen Liga, ordea, joan den denboraldian egindako lan bikainaren ondorioa da. Hala ere, jokatzerako orduan sari moduan hartu beharrean beste edozein lehiaketa gisa hartzen da. Onenen kontra ere irabazi egin behar dela, alegia.

Gure erronka da lehiaketa guztietako neurketa guztiak irabaztea. Denboraldi ona egin gura dugu. Eta, bide batez, Athleticekin historia egin asmoz gaude. Hamasei urte zeramatzan taldeak multzokako fasea jokatu gabe, eta guk protagonista izan gura dugu.

Bada, protagonista izatea final-zortzirenetarako sailkatzea baldin bada, gaur hiru puntuak eskuratzera behartuta zaudete. Multzoko bi lehen postuetako bat eskuratzeko derrigorrez hartu behar zaio mendean BATE Borisovi.

Beharra ez da, baina ligaxkan neurketa gutxi jokatzen dira, eta irabazteak asko balio du. Gainera, hurrengo partidak gaurkoa baino gogorragoak izango dira.

BATE Borisov da multzoko talderik ahulena.

Hala dela dirudi. Baina guk ez diogu horri begiratzen. Txapeldunen Ligan ez dago partida errazik. Gaurkoa ere osoa zaila izango da. Hala ere, aukera ona daukagu hiru puntuak geureganatzeko.

Bielorrusiarrek astindua hartu zuten Portoren aurka, lehen partidan. Eraginik izango al du gaurko partidan?

Eurak ere jarrera aldatzen ahaleginduko dira. Kontu handiz zelairatu beharko dugu. Gure jokorik onena erakutsi ezean, ezingo dugu irabazi.

Zein eratako partida espero duzu?

Norgehiagoka gogorra eta gaitza izango da. Kontzentrazioa izan daiteke partidako giltza. Bai guk, eta bai gure inguruak ere konfiantza berreskuratzeko baliatu behar dugu partida.

Larunbateko partidatik leheneratzeko denbora apurrak, bidaia luzeak, neurketa jokatuko den zelaiaren baldintzak… zerk kezkatzen zaitu gehien?

Ez nago kezkatuta. Datorrenari aurre egin behar zaio, eta kito.

Arlo pertsonalean ametsa izan behar da 20 urte bete berritan lehiaketarik garrantzitsuena jokatzeko aukera izatea.

Ikaragarria da. Ez dute futbolari askok aukera hau izaten. Ernestok nigan konfiantza duela erakutsi du, eta hamaikakoan jokatzeko aukera eman dit. Ezin dut askoz gehiago eskatu.

Jokalari gisa hazteko beste aukera bat da.

Ez izan dudarik.

Duela denboraldi bi Marcelo Bielsak zure aldeko apustua egin zuenean horren denbora gutxian horren goian egongo zinenik pentsatu ere ez zenuen egingo, ez?

Burutik ere ez zitzaidan pasatzen. Baina lan asko eginda edozer lor daiteke.

Pisu handiko futbolaria zara egungo Athleticen. Zutabe nagusietako bat zara. Garrantzitsu sentitzen zara talde barruan?

Ni ez naiz horrelako gauzak neurtzen hasiko. Entrenatzaileak baloratu behar ditu horrelako kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.