ATLETICO MADRIL 1-0 ATHLETIC CLUB

Zortea etsai izan du Athleticek

Irabazteko merituak egin arren, puntu bakar bat ere ez dute bildu zuri-gorriek Atletico Madrilen zelaian. Hiru aldiz egin dute topo zutoinarekin.

Iñaki Williams, baloia lortzeko borrokan. SERGIO PEREZ / EFE
Iñaki Williams, baloia lortzeko borrokan. SERGIO PEREZ / EFE
jon eskudero
2025eko martxoaren 1a
23:05
Entzun

Martxoari ez dio nahi bezala ekin Athleticek. Hilabete erabakigarria izango da zuri-gorrientzat, eta, ligari dagokionez, kolpea jaso dute gaur Atletico Madrilen zelaian. Berdintzeko ez ezik irabazteko ere merituak egin arren, azkenean galdu egin du Ernesto Valverderen taldeak. Lehen zatian bi taldeak aurrez aurre aritu ondoren, bigarren zatian ireki egin da lehia, eta Julian Alvarez izan da ate aurrean asmatu duen jokalari bakarra. Jokaldi on bat josi ondoren, 1-0ekoa egin dute etxekoek 66. minutuan, eta eutsi egin diote emaitzari gerora.

Gehienbat, zortea etsai izan duelako Athleticek. Hirutan egin du topo zutoinarekin, eta agur esan dio bolada onari. Ligan, Valverderen taldeak hamasei partida zeramatzan galdu gabe, baina aurrerantzean ezingo du gauza bera esan. Beste jardunaldi batez sailkapen nagusiko laugarren postuan jarraituko du gutxienez, eta horixe izango du erronka liga amaitu bitarte: Txapeldunen Liga jokatzea bermatzen duen postuari eustea.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, aldaketa gutxi egin ditu Ernesto Valverdek. Ohiko jokalariak zelairatu ditu, eta Unai Gomezek bete du Oihan Sanceten hutsunea. Esanguratsua izan da aurrelari jakinik gabe hasi dutela partida zuri-gorriek, Alex Berenguer izan baita jokalaririk aurreratuena. Besteak beste, erasoan mugikortasuna bilatu nahi izan du entrenatzaileak. Bi taldeek energia handiz ekin diote lehiari, baina etxekoak indartsuago aritu dira lehen bost minutuetan. Itsu-itsuan jo dute aurrera, eta berehala izan dute lehen gol aukera; Le Normandek, hain zuzen ere. Buruz kanpora bidali du baloia frantziarrak.

Ez da Athleticen hasierarik onena izan, baina minutuek aurrera egin ahala gero eta erosoago sentitu da taldea. Aurkariak baino gehiago izan du baloia oinetan, eta Iñigo Ruiz de Galarretaren gidaritzapean ongi aritu da Bilboko taldea. Ederki zabaldu du jokoa eibartarrak, eta erasoan ere jokaldi interesgarriak egin dituzte zuri-gorriek. Esaterako, hamabosgarren minutuan, Oblaken aurrean bakarrik geratu da Iñaki Williams, baina ez du asmatu azken jaurtiketa egiteko garaian. Minutu batzuk geroago, Ruiz de Galarretak aukera bikoitza izan du, baina azkenean kornerrera bidali dute baloia etxekoek.

Nagusi izan da Valverderen taldea minutu luzez, baina egoera zailetan jokatzera ohituta dago Atletico Madril, eta ez da batere urduritu. Partida barruan interpretazio egokiak egin ohi dituzte une oro jokalariek, eta, lehen ordu erdia bete ondotik, berriro ere goranzko bidea hartu du etxeko taldeak. Ordura arte Griezmann gertutik lotua izan dute Athleticeko jokalariek, baina lehen zatiaren azken txanpan gehiago azaldu da frantziarra. Haren oinen bidez sortu du arriskua Simeoneren taldeak. Hegaletatik ongi iritsi da Unai Simeoneren areara, eta Sorlothek buruko min ugari sortu du defentsako lerroan. Dena den, bi taldeetako inork ez du golik sartu lehen zatian.

Erromara begira

Bigarren zatian gehiago ireki da lehia. Zuhaitza astindu asmoz, aldaketak oso goiz egin ditu Simeonek, eta hiru jokalari zelairatu ditu 58. minutuan. Bada, orduantxe izan du ordura arteko gol aukerarik onena Athleticek; Berenguerrek izan du aukera, baina ez du asmatu. Valverdek berak ere buru gainera eraman ditu bi eskuak. Gehiago itxaron gabe, zuri-gorriek ere mugitu dute aulkia, eta Guruzeta eta Prados zelairatu dira. Ez dute izan partidari neurria hartzeko betarik ere, haiek zelaira irten eta jarraian iritsi baita partidako gol bakarra. Marcos Llorentek pase ona eman dio sakonean Julian Alvarezi, eta argentinarrak ez du barkatu.

Golari ongi erantzun dio Athleticek, eta gogotik saiatu da erasoan. Baloi geldian sortu ditu aukerarik onenak. Lehenbizi, Berenguerrek hegal batetik ateratako falta batean aukera bikoitza izan dute Valverderenek. Pradosek buruz maisuki jotako baloiak zutoina jo du, eta aldaratzean langara bidali du baloia Williams anaietan zaharrenak. Hori gutxi ez, eta geroago berriro ere langa jo du Iñaki Williamsek, areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean. Futbola eta zortea ez dira askotan uztartzen, baina Athleticek zorte txarra izan du etsai nabarmen.

Azken minutuetan bi aurrelarirekin jokatu du Bilboko taldeak, Guruzetak ez ezik Maroan Sannadik ere zelairako bidea hartu baitu. Dena den, etxekoak eroso sentitu ohi dira presiopean. Futbolean ez dute batere jokatu, eta jokatzen utzi ere ez. Intentsitate izugarriz lehiatu dituzte baloi guztiak, eta gogotik ospatu dute garaipena. Athleticek, berriz, liga irabazteko aukera txikiren bat baldin bazuen, galdu egin ditu aukera guztiak. Orain, Erromara begira jartzea tokatzen zaio.

ATLETICO MADRIL. Oblak; Nahuel Molina, Le Normand, Lenglet, Javi Galan; De Paul, Barrios (Gimenez, 69. min.), Samu Lino (Llorente, 58. min.); Simeone (Gallagher, 58. min.), Griezmann (Correa, 62. min.) eta Sorloth (Julian Alvarez, 58. min.).

ATHLETIC. Unai Simon; Gorosabel (De Marcos, 76. min.), Vivian, Yeray, Yuri; Ruiz de Galarreta (Prados, 63. min.), Jauregizar (Vesga, 81. min.); Iñaki Williams, Unai Gomez (Guruzeta, 63. min.), Nico Williams; eta Berenguer (Maroan Sannadi, 76. min.).

Golak. 1-0: Julian Alvarezek (66. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.