Txirrindularitza. Italiako Giroa

Zorretan zeukana

Abraham Olanok 1996an lortu zuenetik ia hamazazpi urtera, beste euskal txirrindulari bat jarri da lider Giroan: Beñat IntxaustiEuriarekin blokeatuta, faborito gehienekiko 1.24 minutu galdu du Bradley Wigginsek

Zorretan zeukana.
unai zubeldia
2013ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Orain bi urtetik bizitza zorretan zegoen Beñat Intxaustirekin (Movistar). Entrenamendu saio gogorraren ostean, Muxikakoak kolpe beldurgarria hartu zuen Sierra Nevadatik Granada aldera abiatzear zela; bizkaitarrak modurik krudelenean galdu zuen Xavi Tondo adiskide handia, istripuz, eta denbora askoan egon zen etsipenetik gertu. Kirol arloak zentzu guztia galdu zuen egun hartan. Ordura arteko etaparik gogorrena zeukan parez pare. Baina pedalkada bakoitza Tondoren omenez emango zuela erabaki zuen bizkaitarrak, eta pixkanaka lortu du zulo beltzetik ateratzea.

Asturiasko Itzulia irabazi zuen 2012an; Giroan ere podiumera bidean zihoan herren egin zuen arte; Vueltan taldekako erlojupekoa irabazi zuen, oso egun hunkigarrian, eta hamargarren postuan amaitu zuen gero itzulia; aurten zortzigarren izan da Euskal Herriko Itzulian, Nairo Quintana taldekidearen alde gogotik lan egin ondoren... Eta, behingoz, txirrindularitzarekiko daukan pasioari erantzunez, maglia arrosa erori zitzaion atzo zerutik behera. Merezimendu osoz. «Harrituta nago oraindik». Etapa amaitu berritan aitortutakoa da hori. Baina barruari hizketan utzi zion segidan. «Urte askotako lanaren ordaina da hau. Oso momentu gogorrak eta zailak pasatu ditut, eta Xavi Tondori eta aitonari eskaini nahi diet maglia arrosa». Orain bi urte galdu zituen biak. «Eta une honetan eurak izango dira, ziurrenik, bi pertsonarik zoriontsuenak».

Pasio erauntsia izan zen atzo Giroko zazpigarren etapan. Abraham Olanok 1996ko ekainaren 6an maglia arrosa jantzi zuenetik lehenengoz, euskaldun bat agertu zen podiumean arrosa kolorez bustita. Hamazazpi urte luze joan dira ordutik. 2001ean ere podiumera igo ziren Olano bera eta Unai Osa, baina maglia arrosarik ez zuten jantzi orduko hartan. Azken urteotan etapa garaipenak ere pilatu dituzte Koldo Gilek (2005), Juanma Garatek (2006), Iban Mayok (2007), Mikel Nievek, Igor Antonek (2011) eta Ion Izagirrek (2012). Baina Paco Galdos, Miguel Indurain eta Olanoren ondoan idatzi du bere izena Intxaustik, maglia arrosa jantzi duten euskal herritarren zerrendan.

Intxausti goratu zuen pasio erauntsi berberak blokeatu zuen Bradley Wiggins (Sky) atzo. Beldur zaparrada jasan zuen britainiarrak. Errepidea irristakor zegoen oso, eta, gehiegizko errespetuarekin, ez aurrera, ez atzera geratu zen. Vincenzo Nibalik (Astana) asmatu egin zuen Wiggins beldurtzen, tropelean atzera samar zegoela antzemanda. Italiarra bi aldiz ibili zen lurretik bueltan, baina lotsatan utzi zuen faborito nagusia. Ordurako argituta zegoen etapa garaipenerako borroka. 30. kilometroan ihesean joan ziren Ioannis Tamuridis (Euskaltel), Emanuele Sella (Androni), Maarten Tjallingi (Blanco), Dominique Rollin (Francaise), Adam Hansen (Lotto) eta Pim Ligthart (Vacansoleil), eta errepideak eman zuen azken epaia. Sella eta Hansen geratu ziren aurrean aldapa gogorrenetan, eta Santa Maria de Criptis gogorrean lehertu egin zen gero Sella. Garaipen handia lortu zuen Lottokoak.

54,8 kilometroko erlojupekoa

Etapa irabazteko lehiatik urrun, Giroa lehertzen hasi ziren Ryder Hesjedal (Garmin) eta Nibali. Vini Fantinik egin zuen gogotik lan aurretik, eta Danilo Di Luca saiatu zen urrutitik erasoa jota Hansenengana iristen. Baina beranduegi zen. Tropelean sua sortu zuen, ordea, mugimendu horrek, eta beldurrez blai amaitu zuen Wigginsek, aurrekoen erritmoari jarraitu ezinik. Jaitsieretako batean erori ere egin zen britainiarra, eta, azkenerako, 1.24 minutu galdu zuen faborito gehienekiko. Gaurko 54,8 kilometroko erlojupekoa dauka alde Skykoak, baina denbora asko ari da galtzen arazo handirik behar ez zuen lekuan. 23. postuan ekingo dio britainiarrak erlojupekoari, Intxaustirengandik 1.32ra. 11. posturaino igo zen atzo Samuel Sanchez (Euskaltel); 52 segundora dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.