Roberto Iñiguez de Heredia. Sopron Basketeko entrenatzailea

«Zorionekoa naiz: non entrenatu aukera dezaket»

Euroliga irabazitakoa da, eta hiru aldiz izan da txapeldunorde. Espainiako Liga bi aldiz irabazi du. Lorpen zerrenda handiena duen euskal entrenatzailea da. Emakumezkoetan lortu izanak, baina, bere ibilbidearen oihartzuna murriztu du.

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da Euroliga, bere txapelketa kutuna, eta Iñiguezek jada ondo aztertuak ditu Galatasaray lehen aurkarien jokaera eta sekretuak. Agenda lepo betea du, baina tarte bat aurkitu, eta ordubetez aritu da BERRIArekin. Gustura dago Sopronen (Hungaria), taldea familia bat bezalakoa baita.

Aste honetan hasiko da Euroliga, nola sentitzen zara? Oraindik berezia al da hasiera?

Urteekin aldatu egiten zara, baina bai. Euroliga, niretzat, txapelketa oso berezia da, urtero asko eman didana, eta talde berri batekin ekingo diot aurten, eraikitzen ari garen talde batekin.

Nolakoa da Sopron?

Oso ondo dago. Hiri txiki bat da, eta hiria guretzat bizi da. Europa mailan lehiatzen den hiriko talde bakarra gara. Ondo antolaturiko talde bat da. Pentsa, 60.000 biztanleko hiri bat da, eta 300 neska ditu akademian saskibaloian jokatzen. Azpiegitura onak ditugu, tradizio handia... Ni oso gustura nago, eta horregatik sinatu dut bi urterako.

Entrenatzaile obsesibo ospea duzu.

[Barre egin du] Bai, pixka bat. Arrarotzen ari naiz. Nire familiak dio alderantziz beharko lukeela, baina... Gauez esnatzen naiz, idazten dut, bideoak ikusi, lo gaizki egin...Batzuetan saskibaloi girotik irteten saiatzen naiz, baina zaila da. Nire familiak ezagutzen nau. Telefonoz deitu eta ez badut hartzen, ez dira tematzen; «bestela, haserretu egingo da», pentsatzen dute. Beste gauza batzuetan naturaltasun handiagoz jokatzen dut...

Saskibaloi entrenatzaile gehienak antzekoak zarete.

Bai, oso arraroak gara. Nik lagun handi bat dut zera dioena: «Burutik jota zaudete, eta urtero okerrera egiten duzue». Entrenatzaile denak lan bera egingo luke profesional izanda edo kafe baten truke. Jokoa bizi du, beti ikasi nahi du, beti saskibaloia ikusten... Urteak pasatu ahala, dena naturaltasunez ikusten duzu, garaipenak, porrotak... Arreta handiago jartzen duzu eguneroko lanean. Denak bere denbora behar du.

Gozatu al daiteke entrenatzen?

Sufritu eta gozatu egiten da. Batzuetan primeran pasatzen duzu, erabat betetzen zaitu, eta, beste batzuetan, sufritu egiten duzu. Profesionaletan sufritzen jakin behar duzu. Batzuetan gaizki pasatzen duzu, eta aurkakoa dioenak gezurretan dabil. Gero eta gauza gehiago kontrolatzen saiatzen zaren heinean gehiago sufritzen duzu, xehetasun batek beti egingo dizulako ihes. Autokritikoa bazara, askotan harakiria egiten ari zara. Nik uste dut edozein ezin daitekeela entrenatzaile izan.

Zure ibilbidearekin, non entrenatu aukeratu dezakezu?

Bai. Eta horrek zorioneko bihurtu nau. Aukera gehiago nituen, baina nik Sopron aukeratu nuen Europatik gertuago egoteko. Orain sentsazioa dut Gasteizen zerbait gertatzen bada Vienatik hegaldi zuzena dudala 70 kilometrora dago. Gertuago sentitzen naiz.Ez da Orenburg, han hiru hegaldi hartu behar nituen. Taldea aukeratu ahal izatea sentsazio bikaina da. Orain dut, agian gero ez dut izango. Euroligako hiru talderen eskaintzak nituen, diruarekin, baldintza onak... Sopronen gauza bat gustatu zitzaidan: ni iaz Pragan jokatzen ari nintzela, kirol zuzendariak hara gidatu zuen, bost orduko bidaia, nirekin ordu laurdenez hitz egiteko. 50 urte ditut, eta ez diot diruari hainbeste begiratzen.

Sopron ardo lurraldea da, Arabako Errioxakoa baino hobea al da?

Soprongoa ona da: ez dut txarrik dastatu. Eta Arabako Errioxan asko ditugu, eta onak denak. Nire aitona-amonak Bastidakoak ziren. Amamak mahastiak eta upategia zituen. Nik, umetan, irailero mahatsa biltzen nuen, eskolatik irten eta mahatsetara asteburuan. Gero, amak mahastiak saldu eta alokatu egin zituen. Bastida, Haro, Fuenmayor, Toloño... Hori guztia ezagutzen dut.

Saskibaloia bizibide bihurtu duzu. Ez da erraza.

Nik jokalari ibilbidea amaitu nuen, eta negozio bat muntatu nuen emaztearekin. Baina nik entrenatu egin nahi nuen; saskibaloia nuen buruan. Baina nik prozesua bizi nahi nuen. Jokalari batzuk erretiroa hartu eta puntan entrenatzen hasten dira; nik, aldiz, prest nengoela sentitu nahi nuen. Prozesua nahi nuen: umeekin hasi, beste jauzi bat...

Valentzian, 2012an, liga eta Euroliga irabazi zenuen Ros Casaresekin, eta handik gutxira taldea desagertu egin zen.

Valentziako gizonezkoen bigarren taldea entrenatzen ari nintzen, eta gustura nengoen. Baina Ros Casaresek eskaintza egin zidanean, irabazteko moduko taldea zegoela ikusi nuen, eta erronka hori hartu nahi nuen. Bi tituluak irabazi zituzten. Nik kontratua hitzez berritu nuen, baina gertatu zena gertatu zen. Hamabost eguneko kontua izan zen. Nik ulertu nuen. Presidenteak bere enpresan zituen arazoak azaldu zizkidan, eta ezin zuen saskibaloian dirua sartu. Jokalariei garaiz esan zitzaien, denek taldeak aurkitu zituzten, eta niri Fenerbahcek deitu ninduen. Nirekin bildu nahi zuten, nigan fedea zutelako, eta ezagutu egin nahi nindutela. Istanbuldik joan aurretik kontratua mahai gainean nuen.

Fenerbahce hain handia al da?

Bai. Zazpi-zortzi kirol ditu: futbola, boleibola, saskibaloia... Gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Fenerbahceko zale bati galdetu iezaiozu zeintzuk diren bere lehentasunak eta Fenerbahce, familia, lana, esango dizu, ordena horretan. Euroligako partida guztietan, Europako edozein zelaitan, 150-200 zale genituen. Turkiako komunitatea Europan oso handia da, kanpoan jokatu eta etxean geundela zirudien. Fenerbahceren kalkuluen arabera, hogei milioi zale ditu Europan. Ni Rosen nengoenean 500 lagun zetozen gu ikustera, mila Euroligan. Fenerbahcen, Euroligan, pista handian jokatu izan dugu eta 10.000 ikusle etortzen ziren emakumezkoen partida bat ikustera.

Hor presioa nabarituko zenuen.

Bai, noski. Fenerbahcen nahitaez irabazi behar duzu. Han galdutako edozein partida drama bat da, hondamendia.

Eta Errusian, zer moduz? Orenburg ia Kazakhstanen dago...

Errusian bi talde handi daude, Dinamo Kursk eta Ekaterinburgo, nahi dutena egiten dute: aurrekontu erraldoiak... Ni hirugarren taldera joan nintzen, Nadezhdara. Hiri gogorra, baina lehen urtea ederra izan zen. Bigarrena gogorragoa izan zen. Eskaintzak nituen, baina taldeak ez zidan irteten utzi kontratua nuelako. Bigarren urteko aurrekontua txikiagoa zen, eta taldea eraiki behar izan zen. Lanean murgildu nintzen, eta Lauko Finaletik laurden bakarrera gelditu ginen.

Ezaguna da Errusian pasatu zitzaizuna, egotzi egin zintuzten oihu arrazistak egiten ari ziren zale batzuei isiltzeko eskatzeagatik.

Asko hitz egin zen une hartan, ia martiri bihurtu ninduten. Nik naturaltasunez egin nuen. Nire jokalari bat jaurtiketa libre bat botatzera zihoan, eta harmaila bateko zale guztiak tximu oihuak egiten hasi ziren. Jokalaria negarrez hastekotan zegoen, ni epaileekin hitz egiten saiatu nintzen, mahaikoekin... eta falta tekniko bat adierazi zidaten. Ez nekien zergatik, tematu nintzen, berriz ere hasi zirelako oihuekin, eta beste falta tekniko bat. Zale horiek pabiloitik bota behar zirela esan nion epaileari, modu sutsuan agian, berezkoa dudan izaera beroarekin. Zigortu egin ninduten. Federazioarekin hitz egiten saiatu eta ez zidaten kasurik egin: partida bateko zigorra eta isun ekonomikoa. Harrezkeroztik, jokalarien errespetua handiagoa lortu nuen; gauza onekin gelditu beharra dago.

Eta Montenegroko hautatzaile ere bai. Nolatan?

Nire ordezkariak harremana du Montenegroko Federazioarekin, eta nirekin hitz egin nahi zutela esan zidan egitasmo berri bat abian jartzeko. Belaunaldi aldaketa martxan jartzeko. Podgoricara joan nintzen, Bogdan Tanjevicekin hitz egin nuen, eta gustatu zitzaidan. Hau diruarengatik egiten dudala uste duena ni baino eroago dago; soldata oso baxua da. Jendearengatik egin dut: jende ona da eta laguntza behar dute. Europako Txapelketarako sinatu nuen, eta emaitza ona ez izan arren [azkenak izan ziren], lau urterako eskaintza egin zidaten.

Askotan galdetu izan dizute zergatik ez duzun gizonezkorik entrenatzen. Emakumezkoen saskibaloia gutxiesten dela iruditzen zaizu?

Nik ez dut halakorik pentsatzen. Egia da hori galdetzen didatela, eta nik beti erantzun bera dut: ni saskibaloi entrenatzailea naiz. Zorionez, non entrenatu aukeratu dezaket. Gizonezkoen talde on baten eskaintza nuen, baina Sopron nahiago izan nuen. Nik bederatzi urtez entrenatu nituen mutilak. Ni saskibaloi entrenatzailea naiz, eskaintzak entzuten ditut eta nahi dudan tokira noa. Eta galdetzen didatenean, «baina zein da aldea?». Ez dut erantzun ere egiten, jendea beti okerraren bila dabilelako; ez dute positiboan galdetzen. Nazkatuta nago. Jendeak aurreiritziekin galdetzen dizu, eta ez zait gustatzen. Emakumezkoen saskibaloiari prestigioa ematen diot ni saskibaloi entrenatzailea naizela esanez. Nik egitasmoei begiratzen diet; bost axola gizonezko edo emakumezko izan.

Palmares onena duen euskal saskibaloi entrenatzailea izango zara, Pablo Lasorekin batera. Lagunak zarete, gainera.

Eskolan elkarren alboan esertzen ginen, bera ezkerretara eta ni eskuinetara. Jende askok ez daki. Pablok eta biok Euroliga urte berean irabazi eta galdu dugu. Biok 1967koak gara, eta elkarrekin jokatu genuen. Noizean behin topo egiten dugu, baina berak, nik bezala, ez du denbora librerik.

Haren eta zure aitortza publikoa, baina, oso ezberdina da.

Zer da aitortza, baina? 30 urterekin modu batera baloratzen duzu; 40rekin, beste batera, eta, 50ekin, ez dut horretan pentsatu ere egiten. Niri ez dit axola beste batek prestigio handiagoa izateak. Lasok baino gehiago edo gutxiago? Nik ez dut horretan pentsatzen. Entrenatzaile izatea zeure buruaren aurka lehiatzea da, egunero hobea izatea. Lanean egunero ondo zabiltzala sentitzea da erronka, bizitzea. Bidea egin, eta bide hori egiten gozatzea. Gainera, askok goratzen zaituztenean, erne: erorikoa gertu dago. Loreak datozenean... kontuz.

Emakumezkoen euskal saskibaloia nola ikusten duzu?

Euskal Herrian lan ona egiten ari direla, batez ere emakumezkoetan. Eskola asko, talde asko... Ni San Viatortik irten nintzen, eta egun, han, mutil baino neska gehiagok jokatzen dute, eta hobeto entrenatzen dira. Objektiboa naiz, ikusi dudalako. Gasteizko taldeak ikusten ditut, eta Gasteiztik gero eta neska gehiago irten daitezkeela iruditzen zait elitean Araskin jokatzeko, edo, gertatzen ari den bezala, AEBetako unibertsitateetara joateko. Harrobia handitzen ari da, baina egia da Ohorezko Mailaren maila jaitsi egin dela. Bi talde indartsu daude, eta besteak azpitik daude. Donostian, era berean, esan bakarra daukat Azu Muguruzak urteak daramatzala lan handia egiten.

Etxeko jokalariek ba al dute tokirik elitean?

Orain, prozesuan pauso garrantzitsu bat emateko garaia iritsi da. Nik Gasteizko neskak ikusi nahiko nituzke, baina ez taldean, hamabien artean, baizik eta jokatzen. Ez entrenamenduetan laguntzen, pistan baizik. Harrobian inbertitzen ari den lana goian ikusten hasi behar da. Horrek nortasuna emango lioke taldeari, nortasuna oso kontzeptu garrantzitsua da elitean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.