«Zorioneko» dira errioxarrak

Dario Gomez eta Javier Zabala buru-belarri dabiltza buruz burukoan. Dario Larrazabalen aurka ariko da gaur, Bastidan, eta Zabalak Altuna III.a izango du aurkari etzi, Donostian.

Dario eta Zabala lehian, joan den astean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Dario eta Zabala lehian, joan den astean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon eskudero
2025eko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Buruz buruko txapelketa abiatzearekin batera, Errioxako pilotazaleen ahotan ez da beste konturik, bi pilotari baitituzte final-laurdenetako ligaxkan: Dario Gomez eta Javier Zabala. Hain zuzen ere, Miguel Capellanek (Hervias, Errioxa, Espainia, 1970) profesionaletan hemezortzi urtez jokatu zuen, eta binakako txapeldun izan zen behin, Ruben Belokirekin batera, 1996an. Gazte garaian bezala, kilometroak egin eta egin jarraitzen du orain ere, alabarekin batera. Goi mailan dihardu Andrea Capellanek. Eta Dario eta Zabala bi errioxarren jardunari ere gertutik erreparatzen die. Irribarrea berreskuratu duela adierazi du. «Aspaldian umezurtz geunden lehen lerroko pilotariei dagokienez, eta orain zorioneko gaude Dario eta Zabalarekin. Izugarri pozik gaude, eta kalean ez da beste konturik entzuten. Halako pizgarriak behar ditu Errioxako pilotak, eta mugarri izan daitezke datozen bizpahiru urteak».

Besteak beste, Dariok eta Zabalak joan den astean neurtu zituzten indarrak ligaxkako lehen partidan, Gasteizko Ogetan, eta Dariok irabazi zuen: 22 eta 17. «Harmailetan errioxar ugari bildu zen, eta festa bat izan zen guretzat. Urte batzuk atzera egin genuela iruditu zitzaidan une batez, bi pilotari errioxarrekin asko gozatu baitzuen jendeak». Gainera, partida «zoragarria» izan zela adierazi du Capellanek. «Bi trenen arteko talka izan zen. Lehia sanoa dago bien artean, zeukaten guztia eman zuten kantxan, eta ikuskizun ederra osatu zuten, partida gogorra eta kalitatezkoa jokatu baitzuten». Fisikoak erabaki zuen azkenean. «Dario freskoago iritsi zen azken txanpara. Esperientzia handiagoa ere badauka, eta Zabalak apur bat behera egin zuen une erabakigarrian. Dena den, denok pozik atera ginen frontoitik bi pilotariek egindako jokoarekin».

Capellanen ustez, horixe da garrantzitsuena: Dario eta Zabala, biak ari direla goi mailan. «Ikur bat falta zaio Errioxako pilotari, eta oso garrantzitsua da hori haurrak frontoira erakar ditzagun». Bere garaian, Capellanez gain, Augusto Ibañez TitinIII.ak betetzen zituen pilotalekuetako harmailak. «Titin III.ak lortu zuena ezin daiteke hitzekin deskriba, urrezko aroa ekarri baitzuen. Jendeak bizi egiten zuen Titin III.aren lana». Geroztik makina bat errioxar aritu dira profesionaletan: David Merino, Victor, Gorka, Alvaro Untoria... «Oso pilotari onak izan dira, baina inork ez du lortu banaka onenen artean egoterik. Horregatik, Dario edo Zabala noizbait buruz buruko finalean sartzea bikaina litzateke, Errioxako pilotak pizgarri bat izan dezan».

«Halako pizgarriak behar ditu Errioxako pilotak, eta mugarri izan daitezke datozen bizpahiru urteak»

MIGUEL CAPELLANPilotari ohia

Ildo horretan, bi pilotari ikusten ditu Capellanek denen gainetik: Jokin Altuna eta Unai Laso. «Bi onenak haiek dira, eta koska bat beherago daude beste guztiak, baita Dario eta Zabala ere». Horrek ez du esan nahi txapeldun izan ezin daitezkeenik. «Erik Jakaren eta Aitor Elordiren kasuak hor dauzkagu. Sasoi bikainean harrapatu zituen txapelketak, eta begira zer lortu zuten. Horregatik, itxaropena badut noizbait Zabalak edo Dariok buruz buruko txapela lortuko duela». Errioxak buruz burukoaren historian badu txapeldun bat, baina «aspaldikoa»: Barberito I.a. Zehazki, Miguel Gallastegiren aurka jokatu behar zuen finala, baina bertan behera geratu zen, hark arazoak izan zituelako enpresarekin. Barberito I.ari eman zioten txapela. «Beste garai batzuk ziren, eta gazteek ez dute horren berririk. Errioxako pilota eskoletan haur kopurua igo dezagun orain behar ditugu izarrak».

Eskuak, bien arazo

Aurtengo txapelketari begira, Capellanek uste du bi errioxarren multzoa hankaz gora dagoela, batez ere Altuna III.ak galdu egin zuelako Iker Larrazabalen aurka. «Emaitza hori ez dute mesederako Dariok eta Zabalak. Esango nuke ligaxkako bigarren jardunaldian irabaztera derrigortuta daudela biak, txapelketan aurrera egin nahi badute». Besteak beste, Dariok gaur jokatuko du Larrazabalen aurka, Bastidan (Araba). Zabalak, berriz, etzi egingo dio aurre Altuna III.ari Donostian. «Bien etorkizuna jokoan egongo da partida horietan. Batez ere Dariok aukera ona du lau onenen artera sailkatzeko, hirugarren aldiz».

Emaitzak alde batera utzita, bi errioxarrek gauza bat dute alde, Capellanek dioenez: pilotari bereziak direla. «Dariok eskuinik onena du, eta Zabalak, ezkerrik onena. Saketik hasita, ikuskizuna jartzen dute, eta jendeak haiei buruz hitz egiten du. Esaterako, sakean horma-bikoa egiten ikusi izan ditugu biak». Arazo larri bat dute, ordea: eskuak. «Kalbario bat pasatzea egokitu zaiei biei ala biei, eta eskuen ondorioz ezin izan dute segidan jardun. Eskuak gaizki izanda, ezinezkoa da nork bere onena ematea, eta ahulezia nagusia hortxe daukate». Oraingoz, Aspe enpresak inoiz ez du bietako baten alde egin binakako txapelketarako, baina baikor dago Capellan. «Dariok merezi izan du aukera bat gutxienez, baina eskuetatik gaizki ibili izan denez, ez diote eman. Zabala gazteagoa da, eta uste dut datorren txapelketan lehian ikusiko dugula».

Errioxako pilota «pizten» ari dela ikusita, enpresei gauza bat eskatu nahi lieke Capellanek: Logroñoko Adarragan jaialdi gehiago antolatzea. «Ez da posible soilik San Mateo ferian egotea partidak Adarragan. Baditugu goi mailako bi pilotari errioxar, atzetik ere gehiago badatoz, eta berriz gurekin kontatzen hasteko ordua heldu da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.