Futbola

Zorigaiztoko amaiera

Alavesek azken txanpan galdu du Real Madrilen aurka (0-1), eta Osasunak bide okerretik jarraitzen du Mallorcaren aurka galdu ondoren (3-2).

Alaves
Alaveseko jokalariak, zenbat aukera galdu zituzten ezin sinisturik. RAUL BOGAJO / FOKU
pettan uralde
2023ko abenduaren 22a
00:16
Entzun

Hiru punturekin agurtu nahi zuten urtea Alavesek eta Osasunak, baina bi taldeak esku hutsik joan dira etxera. Alaves bikain lehiatu da Real Madrilen aurka, eta garaipenean sinesteko arrazoi asko izan ditu Nachok 54. minutuan txartel gorria ikusi ondoren. Hala ere, porrota jaso du, Lucas Vazquezek luzapeneko korner batean gola sartu ondoren. Osasuna, ordea, ez da behar bezain ondo aritu, eta jokoan aspalditxo dabil asmatu ezinik. Irabazten hasi da, baina gehiegi eman dio Mallorcari, eta Balearretako taldeak hiru gol sartu dizkio Sergi Herrerari.

Mendizorrotzakoak partida handiaren itxura hartu du hasi eta berehala. Zaleek izugarri bultzatu dute etxeko taldearen hasiera, eta oso ausart hasi da Alaves. Kontraerasoan bi alboetatik saiatu da, eta zazpigarren minutuan Luis Riojak izan du lehen aukera, izandakoetatik argiena. Eskuinetik jokaldi ona egin ondoren, ate osoa beretzat zuela iritsi zaio baloia, baina Fran Garciaren bizkarrarekin egin du topo, Kepa Arrizabalagaren atearentzat oso jaurtiketa arriskutsua zena eragotziz. 

Lehen hogei minutuetan etengabe aritu dira hartu eta eman bi taldeak. Kanpokoak bizi zebiltzan beren jokaldietan, arrisku gutxirekin, eta etxekoak, berriz, bere aukeraren zain zeuden, aurkako atera abiadura handiz iristeko. Izan ere, Rafa Marinek, Alavesen utzita dagoen harrobi zuriko jokalariak, aldaratze bat aurkitu du korner batean, eta gertu izan du gola. Baina ezin izan du errematea eroso egin, eta Kepak zapuztu du aukera.

Alaves sendo aritu da lehen zatian. Baina partidaren norabidea aldatu da guztiz 54. minutuan, bi taldeentzat aldatu ere. Nacho Fernandezi txartel gorria atera diote Samu Omorodioni sarrera bortitz bat egin ostean. Eta Alavesek gailendu behar zuela ematen zuenean, kontrakoa gertatu da.

Real Madril baloiaren jabe egin da. Jude Bellingham jokoan gehiago sartzen saiatu da, eta lehen zatian baino errazago lortu du konektatzea Rodrygorekin. Aurrelari brasildarrak izan du bigarren zatiko aukerarik onena, ezkerretik agertu den kontraeraso batean, eta haren jaurtiketa atearen goiko izkinatik oso hurbil geratu da.

Jokalari bat gutxiago izan arren, Real Madrilek ez du estuasunik izan, eta partida amaierara arte bizirik mantendu da. Ancelottiren taldea gustura sentitzen da horrelakoetan, eta 92. minutuan, korner batean lortu du gola. Lucas Vazquezek sartu du gola, Siveraren aurrean eragozpenik gabe geldituta.

Burua ezin altxatu

Osasuna ez dabil ondo, eta gaur beste partida kaskar bat osatu du Jagoba Arrasateren taldeak. Azken jardunaldian, mirarizko hiru puntu lortu zituen Rayoren aurka, baina jokoan asmatu ezinik jarraitzen du. Gaurko partidan ezin hobeto hasia zen, zazpigarren minuturako aurrea hartuta baitzegoen Pablo Ibañezen golarekin.

Baina Balear Uharteetako taldeak sei minutu behar izan ditu Ibañezen gola indargabetzeko. Matija Nastasic erdiko atzelari serbiarrak sartu du berdinketaren gola, Dani Rodriguezek jaurtitako korner batean. Mallorca Osasuna baino gehiago izan da lehen zatian, nahiz eta Javier Aguirrek aulkian utzi dituen zenbait jokalari garrantzitsu.

Jaume Costak, Pablo Maffeok eta Antonio Sanchezek eskura izan dute 2-1ekoa, baina batek ez du asmatu, eta besteak Herrera bikain batekin egin du topo.

Nafarroako taldea lokartuta atera da atsedenaldiaren ondoren, eta hamar minutu baino gutxiagoan bi gol jaso ditu, Dani Rodriguezek eta Antonio Raillok sartutakoak. Osasunak ez du hobera egin aldaketekin; gorritxoek ez dute inoiz eroso jokatu zelaian, eta, are, azken txanpan beste golen bat jasotzeko arriskua ere eduki dute.

Dena erabakita zegoela zirudienean, Raul Garciak Osasunaren bigarren gola sartu du, luzapenean, eta Mallorca bere abantailari eusteko ahalik eta ahalegin handiena egitera behartu du azken minutu ikaragarri batzuetan. Baina gaurkoan ez da iritsi luzapeneko gola, eta ez du punturik ostu Osasunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.