Oinatz Bengoetxea. Pilotaria

«Zoragarria izan da horrela bukatzea»

Otsailean profesionaletan jokatzeari utzi ostean, Oinatz Bengoetxeak gaur hartuko du erretiroa, jaioterrian. Hogei urte egin ditu profesionaletan, eta «oso pozik» dago, jokatzen ospatu baitu: «Hori nahi nuen».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Iritsi zaio agur esateko eguna. Gaur hartuko du erretiroa Oinatz Bengoetxeak (Leitza, Nafarroa, 1984). Otsailean utzi zion profesionaletan aritzeari, baina gaur erantziko ditu galtza zuriak betiko. Atzean utziko du hogei urteko ibilbidea. Etxean jokatuko du azkenekoz, lehen pilotakadak eman zituen tokian: herriko plazako frontoian. 11:00etan hasiko da haren omenezko eguna. Lehenbizi, gaztetxoek jokatuko dute, eta eguerdi partean, hura ariko da. «Norekin? Sekretua da», dio. Ondoren, herri bazkaria egingo dute kiroldegian: 800 lagun espero dituzte. «Itxura ederra du egunak».

Gaur jokatuko duzu azken aldiz. Zer moduz zaude?

Nahiko malenkoniatsu nago, baita pixka bat triste ere. Ia bizitza osoa daramat pilotari lotuta; urte onak eta politak izan dira. Pena ematen dit utzi behar izateak.

Otsailean profesionaletan jokatzeari utzi zenion. Orduan baino gogorragoa ari da izaten?

Bai, orduan erabakia bainuen hogei urte bete arte jokatzen jarraituko nuela. Horrek motibatu egiten ninduen. Baina, orain, sentipena da hau bukatu egingo dela betiko. Tristeago nago.

Hogei urte egin nahi zenituen jokatzen, eta hori egin duzu.

Zoragarria izan da horrela bukatzea; amaiera ezin hobea izan da. Horren gustura ibili naiz azkeneko hilabeteetan, pena ematen baitit uzteak. Baina hitza eman nuen, eta bete egingo dut.

Tentaziorik izan al duzu jokatzen jarraitzeko? Damutu al zara utziko zenuela esan izanaz?

Ez dut izan tentaziorik, eta ez dut damurik ere. Agindutakoa beteko dut. Gainera, sekulako festa prestatu didate herrian [barrez]. Bukatu da; kito. Ez dago atzera-bueltarik. Aurrera egin beharra dut, eta egingo dut.

Urriaren 5ean bete ziren hogei urte profesionaletan debuta egin zenuenetik. Zerbait berezia egin zenuen egun horretan?

Ez. Gogoratu, gogoratu nintzen, baina ez nuen ezer berezirik egin;lanpetuta ibili nintzen egun horretan. Baina lasai, gaur ospatuko dugu behar bezala. Ea festa handia egiten dugun Leitzan, eta jende asko animatzen den.

«Orain, beste zortzi hilabeterako berritzea eskainiko balidate, ez nuke onartuko. Ilusio askoz handiagoa egiten dit aurretik dudanak», esan zenuen otsailean, profesionaletan azken partida jokatu bezperan. Azken hilabeteek uste hori indartu dute?

Erabat. Oso politak izan dira azken hilabete hauek, oso bereziak. Gainera, profesionaletan jokatzeari utzi nionean gehiago sufritzen nuen gozatu baino; oso gogorrak ziren aurkari denak. Askoz gehiago gozatu dut azkenaldian. Nire ustez, amaiera honek funts handiagoa du. Toki pila batetan jokatu dut: AEBetan, Mexikon, Valentzian... Oso leku berezietan aritu naiz. Ez da egon jokatu nahi eta jokatu ezin izan dudan tokirik. Ederra izan da. Ez dut ahaztuko.

Zenbat partida jokatu dituzu?

Ez dakit zehazki, baina asko jokatu ditut. Ez naiz entrenatu behar izan batetik bestera, eta partidaz partida joan naiz. Euskal Herriko herri txiki asko ezagutu ditut; horietatik gehienak, Nafarroan. Oso esperientzia ederra izan da.

Azkenaldian jokatu duzun tokiren bat nabarmenduko zenuke?

Bi esango nituzke: bata, Iparraldean plaza librean jokatu nuen partida, Itsasun [Lapurdi]; niretzat garrantzitsua zen bertan jokatzea. Bestea, berriz, Azkoitiko Kontzejupean jokatutakoa [Gipuzkoa]. Oso bereziak izan dira biak. Baina izugarri gozatu dut beste guztietan ere.

Horrenbeste tokitan eta horren toki ezberdinetan jokatuta, bitxikeria mordoa izango dituzu. Baten bat konta daiteke?

Bitxikeria eta pasadizo polit batzuk egon dira, baina horiek niretzat gordetzen ditut [barrez].

Asko jokatu duzu: jendea zu ikusteko eta agurtzeko gogoz zegoen seinale da hori.

Toki askotan jokatu dut, eta oso maitatua sentitu naiz guztietan. Oso eskertuta nago.

Beste pilota bat ezagutu duzu?

Dudarik gabe. Koska bat beherago dago, baina funts handikoa da. Plaza okerretan eta toki oso berezietan jokatu dut, baina asko gozatu dut guztietan.

Festa giroan jokatu dira partida gehienak? Oinatzen erara?

Erabat. Ondo pasatzeko eta gozatzeko partidak izan dira guztiak; politak izatea nahi genuen, eta hori ere lortu dugu. Pozik gaude.

Partida jokatu, eta segituan etxera? Ala luzatu egin dira ondorenak?

Denetatik egon da: batzuetan bai, eta beste batzuetan ez; halaxe zen lehen ere.

Profesionaletan ari zineneko zerbaiten falta sumatu duzu?

Deus ez. Baina ez ditut egin lehen egiten ez nituen gauza asko. Zerbait esatekotan, ez dudala entrenatu behar izan, partidaz partida joan bainaiz.

Beldur zinen gorputzak eta eskuek eutsiko ote zioten. Zorionez, eutsi diote.

Mexikon min hartu nuen lehen partidan, zaintiratu bat, eta ez nituen jokatu hurrengo bi neurketak. Baina beste guztiak jokatu ditut. Kezka banuen ea eutsiko nion, baina hori ere ondo atera da.

Zorretan zaude masajistarekin, Bixente Artolarekin?

Aste honetan hartu dut azkeneko masajea harekin pilotari gisa, eta eskerrak eman dizkiot, hogei urtez beti nire ondoan egon baita, edonoiz laguntzeko prest. Hari esker, partida asko jokatu ahal izan ditut.

Eta bihar, zer? Zer egingo duzu agurraren osteko lehen egunean?

Hasteko, sekulako astelehena izango dut [barrez]. Astelehenetik aurrera, berriz, bizimodu aldaketa honi aurre egingo diogu.

Jakina da Euskadi Irratian ariko zarela, pilota partidetan, esatari lanetan. Urduri zaude?

Ez. Gogotsu nago; proiektu polita da, eta ilusioa egiten dit.

Grazia baduzu, baita ezagutza ere.

Bai, baina ea nola moldatzen naizen. Espero dut ondo aritzea.

Irratian aritzeaz gain, baduzu besterik esku artean?

Turismoari lotutako kontu pare bat ditut esku artean, baina zehaztu gabe daude. Horrez gain, hurrengo urtean Karakorumen [Pakistan] trekking egiteko asmoa dut. Astelehenetik aurrera hasiko naiz prestatzen. 25 eguneko espedizioa da, eta hogei egunez arituko gara egunero sei orduz ibiltzen. Abentura polita da. Halere, gaur-gaurkoz, ez ditut hankak horretarako prest. Mendi buelta eder batzuk egin beharko ditut oraindik hemen.

Azken mezu bat jendeari?

Izugarri eskertzen diedala urte hauetan guztietan eman didaten babesa eta maitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.