mikel reina
HIRUKOTIK

Zon(aldea)

2024ko ekainaren 5a
05:05
Entzun

Harrobitik atera ohi dira talde profesionalak, baina, askotan, bien artean ez dute zerikusi handirik izaten. Nahi baino gutxiago, behintzat. Antzekotasunak oso urrutitik hartu ohi dira. Hala ere, noizean behin, badaude printza batzuk bietan bat egiten dutenak.

Hirukoak

Harrobian, adibidez, partidan bat galtzen zoazenean edo irabazteko aukera handitu nahi duzunean, baliabide erabilienetako bat zonakako defentsa bat jartzea izaten da. Eta tristeena da, irtenbide erraz bezain eraginkorra izaten delako. Normala denez, umeek ez dute ondo jaurtitzen hiruko marratik; are gehiago, asko ez dira saskira iristen jaurtitzeko modua aldatu gabe.

Goiko mailetan, ordea, ez dira askotan ikusten. Profesionalek bai izaten dutelako, jokalariaren arabera betiere, hirukoak saskiratzeko gaitasun handiagoa. Are gehiago, gaur egun, ez ote diren ia hiruko saiakera gehiago egiten bikoak baino. Hala ere, oraindik, unerik erabakigarrienetan batez ere, egiten dira zonakako defentsak. Iaz, Real Madrilek ondo baino hobeto erabili zuen Partizanen aurkako Euroligako kanporaketan, baita Lauko Finalean ere. Aurten ere saiatu egin zen Panathinaikosen kontrako finalean, baina ez zuen emaitza bera lortu. Aurten horri fruitua atera diona Sito Alonsok entrenatutako Murtzia taldea da. Lehenbizi, Valentzia kaleratu zuen, eta zonakako defentsak eragin handia izan zuen. Orain, berriz, Unicajaren aurkako finalerdian ere eragin handia izaten ari da.

Azken batean, taldeak ez daude ohituta horrelako defentsei aurre egitera. Blokeo zuzenak defendatzeko mila modu ikusi, ikasi eta aztertzen dituzte, baina horrelakoetarako gutxiago. Hala ere, hemen, kanpoko lerroa gehiago defendatzen dute harrobian baino. Izenak berak dio: zonakako defentsa da jokalari bakoitzak bere zonaldea babesten duelako, eta batez ere, uztaipe ingurua babesteko modu bat delako. Estatistika aurreratuek, ordea, diote erdibideko jaurtiketak direla errentagarritasun baxuena dutenak, jaurtiketa libreen marra ingurukoek. Hori bilatzen du Alonsok, pentsaraztea, eta zenbakiak alde izatea.

Bestelakoetan, berriz, psikologikoagoa da gehiago. Ibon Navarrok ere hori uste du: «Murtziaren zonakako defentsak baino gehiago, gure defentsagatik irabazi dugu [ACB ligako finalerdietako hirugarren partida], korrika gehiago egin ahal izan dugu, eta gure jokoa atera». Zerbait berria ikustean, eta ohitzean sortzen dizun egokitzapen hori gainditu beharra dago. Modu batera edo bestera, Murtziak lehen aldiz ACB ligako finala joka dezake. Inoiz ez da formatu berriarekin 0-2 hasitako kanporaketa bat irauli bost partidako kanporaketan formatua jarri zenetik. Alonsok zenbaki horiek ere alde ditu. Ez batak ez besteak ez du etxean irabazi, eta gutxitan gertatzen dira horrelakoak. Batak edo besteak Real Madril zain du, Espainiako taldeak Bartzelona goitik behera gainditu eta gero.

Bost

Bost zenbakia da orain modan dagoena. Murtzia liga erregularreko bosgarren postutik sar daiteke lehen aldiz finalera. Horretarako, berriz, bosgarren partida irabazi beharko du. NBAn ere bakarrik bi aldiz heldu da bosgarren sailkatu bat finaletara: 2019-2020ko denboraldian, Miami Heat, eta aurten, Dallas Mavericks. Beraz, normalagoa da lehen aldiz Boston Celtics-Dallas bat izatea finalean. Are gehiago, lehen aldia da azken 47 urteetan NBAko finalek ez dutela MVPrik, ezta finaletakorik ere. Baten batek lehenengoa lortuko du. Hautagaiak, behintzat, egon badaude.

Bosgarren partidan ere, modurik krudelenean ere, kanporatu zuen Burgosek Gipuzkoa Basket. Beste behin, Urrezko Ligako Lauko Finaletik kanpo geratu dira donostiarrak. Horrenbestez, euskal taldeen denboraldia amaitutzat eman dezakegu. Hala ere, inflexio puntua izan daiteke aurtengoa Gipuzkoan. Taldea Illunbeko urruntasun eta hoztasunetik zabaldu egin da, bero bila, Donostian, eta batez ere, Gipuzkoan. Erreferentzialtasun hori berreskuratu nahian dabiltza, baina inoren gainetik jarri barik, haien laguntzarekin. Euskal saskibaloiaren jakitun onak dira Mikel Odriozola eta Jose Luis Zubizarreta Xubi. Hauek bai, zonaldea inor gutxik baino hobeto ezagutzen dute; badakite zelan mugitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.