Gauza garrantzitsu asko pasatu zaizkit denbora gutxian. Baina ondo daramat. Gozatzen ari naiz», dio Lysa Tchaptchetek (Jaunde, 2001). Arrazoi du: duela hiru urte eskas, herriko taldean ari zen, Atarrabiako Beti Onak taldean (Nafarroa), Espainiako Ohorezko B Mailan. Orain, berriz, munduko klubik indartsuenetako batean ari da: Norvegiako Vipers Kristiansanden; iaz, adibidez, Txapeldunen Liga irabazi zuen Vipersek.
Tchaptchetek 20 urte egin berri ditu. Ez da harritzekoa lanak izatea guztia barneratzeko: «Inoiz ez nuen halakorik imajinatuko, ezta ametsik ederrenean ere. Ametsa betetzea izan bazen Elxera joatea [Herrialde Katalanak], maila nagusian jokatzeko, zer esanik ez orain hemen egotea, munduko talderik onenetako batean».
Elx izan du erdibide Atarrabia eta Kristiansand artean. Bi denboraldi eta hirugarrenaren lehen bi hilabeteak egin zituen han: «Mugarri» izan zirela dio. Han izan zuen aukera lehen aldiz Espainiako maila nagusian jokatzeko, eta jokalari gisa «izugarri» hazteko. Baita lehen tituluak irabazteko ere: Espainiako Kopa bat eta Superkopa bat. Europako Txapelketa ere jokatu zuen, Espainiarekin.
«Oso gustura» egon arren, ez zuen aukera pasatzen utzi, urrian, Vipersek deitu zionean. Nerea Penak hots egin zion, jokalari iruindarra Norvegiako taldean ari baita: «Esan zidan bi jokalari haurdun zeudela taldean, horietako bat Heidi Loke pibotea zela, eta, beraz, hutsunea zutela nire postuan. Entrenatzaileak [Ole Gustav Gjekstad] nitaz galdetu zion Nereari, eta imajinatzen dut hark ondo hitz egingo ziola; harreman ona dut Nerearekin».
«Aukera bikaina da Lysa, anima zaitez», xaxatu zuen Penak. Baietz esan nahi zuen Tchaptchetek: «Sekulako aukera zen; oso gutxitan izaten dira horrelakoak». Baina zalantza egin zuen. Hizkuntzak eta jauziak eragin zioten duda: «Nire ingelesa oso oinarrizkoa da, eta beldur nintzen galduta egoteaz. Denboraldi honetako helburuak hankaz gora jarriko zitzaizkidan ere, sekulako aldea baitago Elxen eta Vipersen artean. Eta gauzak ez baziren ondo ateratzen, zer? Ni oso gustura nengoen Elxen». Penak konbentzitu zuen: «Hura hemen ez balego, agian, ez nintzen etorriko».
Hiru hilabete pasatu dira ordutik, eta zalantza eta beldur guztiak ilusio eta zoriontasun bihurtu zaizkio: «Oso-oso pozik nago, eta izugarri ari naiz gozatzen. Hodei batean nago oraindik», dio behin eta berriro. Ez zion bere buruari barkatuko ez etorri izana: «Inoiz ez naiz damutu hona etorri izanaz. Aitzitik, argi dut bete-betean asmatu dudala».
Dioenez, «hasiera-hasieratik» sentitu da «maitatua eta babestua»: «Ongietorri polita egin zidaten». Berehala joan zitzaizkion pikutara aurreiritzi guztiak: «Herrialde eta herritar itxiak espero nituen, baina inondik inora ere ez. Alai eta zoriontsu dabil jendea kalean, eta niri izugarri gustatzen zait hori». Klima ere ez da arazo: «Hotza egiten du, baina ez Iruñean baino askoz gehiago. Ilundu, berriz, lehenago iluntzen du, 16:30ean, baina ez da horrenbesterako. Etxeko jakiak soilik falta zaizkit: olioa, ozpina, txorizoa... Baina ekarri ditut batzuk!». Bakarrik bizi da, «gustura», eta, entrenatzen edo jokatzen ez dagoenean, gogor ematen dio ingelesari: «Zuzenbidea eta enpresa administrazioa ikasten ari nintzen, baina egun batetik bestera etorri nintzenez, utzi egin ditut ikasketak datorren ikasturtera arte. Orain, buru-belarri aritu nahi dut eskubaloian».
Taldekide ikusgarriak
Beharko du, azaldu duenez, «sekulako jauzia» baitago: «Oso gogor egiten da lan hemen, gimnasioan-eta, eta astean bitan jokatzen dugu. Nik, hala ere, bizitza osoa egingo nuke astean bitan jokatuz». Dir-dir egiten diote begiek taldekideak ikusten dituenean: Katrine Lunde, Nora Mork, Isabelle Gullden... «Flipatu egiten dut neure burua haiekin ikusita. Izarrak dira, baina oso gertukoak. Plazera da haiekin aritzea». «Eredu» ditu, batez ere, ama izan eta gero goi mailara itzuli direnak: «Oso ausartak dira. Ispilu dira».
Tchaptchetek «flipatu» hitza darabil etengabe. Halaxe egiten du pistan ere, flipatu: «Norvegiako Ligan, asko jaurtitzen da urrutitik, baina gure taldean, asko jokatzen dute gurekin, piboteekin; eskertzekoa da. Hala ere, hain dira onak taldekideak, batzuetan ez dakit nondik datorkidan pasea», aitortu du, barrez.
Vipers lider da ligan: hamalau partida irabazi ditu, eta bakarra berdindu: «Liga irabaztea da helburua». Bosgarrena litzateke jarraian. Baina halako talde handientzat Txapeldunen Ligako jarduna da neurgailurik aproposena. Horretan ere bikain ari da: bigarren da multzoan, zortzi partida irabazita eta hiru galduta. Zuzenean final-laurdenak jokatzeko lehian ari da: «Gutxienez, Lauko Finala jokatu nahi dugu». Lehiaketa horretan gozatzen du «inon baino gehiago»: «Pabiloia beteta, Txapeldunen Ligaren ereserkia, taldekide puskak ondoan... Berehala jartzen zait oilo ipurdia».
Sasoia bukatu arte du kontratua. Badaki zer egin behar duen egonaldia luzatzeko: «Entrenatzaileak esaten dit ahalik eta gehiena lagundu behar diodala taldeari, pistan eta pistatik kanpo. Horretan ari naiz. Ni oso gustura nago, eta uste dut kluba ere pozik dagoela nire lanarekin. Sekulakoa litzateke jarraitzea, baina ikusiko da. Nik gogor segituko dut lanean, eta ahalik eta gehiena gozatzen. Aukera ederra da hau, eta ahalik eta gehiena zukutu nahi dut».
Ziztu bizian, gailurrean
Lysa Tchaptchetek sekulako jauzia egin du denbora gutxian. Herriko taldean ari zen duela hiru urte eskas, Atarrabiako Beti-Onak taldean, eta, gaur egun, munduko klubik onenetako batean ari da, Norvegiako Vipers Kristiansanden. «Ametsetan» dagoela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu