Braulio Vazquez. Osasunako kirol zuzendaria

«Ziurrenik, fitxaketa nagusiak abuztu amaieran egingo ditugu»

Osasunaren sasoi historikoarekin «asko» gozatu ostean, erronka handia du orain Braulio Vazquezek: maila nagusian lehiakorra izango den taldea osatzea. Aitortu du gauzak «oso gaizki» ikusten dituela.

JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Sakelakoa belarrira itsatsita dauka Braulio Vazquezek (Pontevedra, Galizia, 1972). «Etenik gabe jasotzen ditut deiak. Ez daukat astirik denak erantzuteko». Osasuna Lehen Mailan ariko da datorren sasoian, eta lana erruz egiteko garaia da. Taldearen osaketak «luze» joko duela uste du. «Ezin gara lehiatu Lehen Mailako taldeekin. Hortaz, pazientzia izan behar dugu».

Kirol zuzendari gisa, zer aho zapore utzi dizu bukatu berri den denboraldiak?

Aho zapore ezin hobea. Hemendik hogei urtera, modu berezian oroituko dugu Osasunak 2018-2019ko denboraldian lortutakoa. Historia egin dugu: partidarik ez dugu galdu Sadarren, hamazazpi garaipen kateatu ditugu bertan, liga 87 punturekin bukatu dugu... Oso harro gaude, bai taldearen errendimendu orokorraz, bai bakoitzaren jardunaz.

Jokalariak oporretan dira jada. Zuk, ordea, galtzak bete lan izango duzu datozen asteetan.

Bai. Lan askoko garaia da. Halakoa da kirol zuzendarion lana. Gero, atseden hartzeko tarte txiki bat izaten dugu merkatua itxi osteko lehen astean; irail hasieran, alegia. Ez dugu guztiz deskonektatzen, baina, bederen, haize pixka bat hartzen dugu.

Etorkizunari eta lehiakideei aurrea hartzean datza zuen lana. Beti aurrera begira egonik, gai zarete orainaldiaz gozatzeko?

Ni saiatzen naiz. Sasoi honetan bide zoragarria egin dugu, eta azken bizpahiru asteetan ospakizun ugari eduki. Asko gozatu dut. Bizi izandako une asko ez ditut sekula ahaztuko.

Edonola, jada jarria zara datorren denboraldiari begira. Zer fasetan dago zure lana?

Aurrerapauso batzuk eman ditugu aukera jakin batzuei dagokienez, baina informazioa biltzen dihardugu batik bat. Kontuan hartu behar da Osasunak, oraintxe, indar txikia duela merkatuan. Ezin gara lehiatu Lehen Mailako taldeekin. Hortaz, itxarotea eta pazientzia izatea dagokigu.

Apiril amaieran dagoeneko garbi zegoen igoko zinetela. Horrek gauzak erraztu egin al dizkizu?

Aukera zehatzen batean bai; baina, bestela, gehiegi ere ez. Esan bezala, orain informazioa jasotzeko unea da, gerora ahalik eta mugimendurik onenak egiteko. Ziurrenik, fitxaketa nagusiak abuztu amaieran egingo ditugu.

Fitxaketa kopurua, hein batean, taldea utziko duen jokalari kopuruak baldintzatuko du. Oraingoz, lau dira: Clerc, Olabide, Ruben Garcia eta Robert Ibañez. Hutsune gehiago aurreikusten duzu?

Lehenik, Jagobarekin [Arrasate] hitz egin behar dut. Egoera batzuk garbi ditugu; baina normala denez, hori aurrez aurre jakinaraziko diegu jokalariei. Klubaren erabakien berri ez dute prentsaren bidez izango.

Xiscoren irteera ziurtzat jotzen zen, baina berriki atea ireki diozu hark Osasunan jarraitzeko aukerari.

Iragan larunbateko partidan esan zezakeen agur, beste jokalari batzuekin gertatu bezala, baina Jagobak eta biok ez genuen erabakia arinegi hartu nahi. Xiscori egoera azaldu diogu, eta dena irekita dago oraindik. Tentuz jokatu nahi dugu, erabaki zuzena hartzeko. Jokalariak ulertu du gure jokaera.

Azken egunotan aipatu da AEBetako zenbait taldek begiz jota dutela Oier. Deirik jaso duzue?

Ez. Nirekin ez da inor harremanetan jarri, behintzat.

Fitxaketei dagokienez, esan duzu merkatua zail dagoela Osasuna bezalako talde igo berri batentzat. Zenbaterainokoak dira zailtasun horiek?

Gaur-gaurkoz, eta zintzoa izanik, gauzak oso gaizki ikusten ditut. Pazientzia kontua da. Lasaitasuna izan behar dugu. Aurreko udan, azken fitxatu genituenak Juan Villar eta Ruben Garcia izan ziren, gerora funtsezkoak izan diren bi jokalari. Oraingoan ere, amaierara arte egon beharko dugu zain.

Espainiako Bigarren Mailako merkatuari erreparatzea besterik ez zaizue gelditzen?

Ez gara merkatu bakar batera mugatu behar. Gauzak asko alda daitezke, eta, orain, gure erosteko ahalmenetik kanpo dagoen jokalari bat eskuragarri izan dezakegu hilabete baten buruan. Harria zulatzen aritzea da gakoa. Hala lortu genuen Ruben Garcia etortzea. Hasieran, oso zaila zen hura ekartzea, baina harekin hitz egin genuen, eta, azkenean, posible izan zen. Azken orduko dei batekin ez zoaz inora.

Garbi dago ez duzuela diru-xahutze handirik egingo. Gastu-muga zehatzen bat jarri dizue zuzendaritzak?

Ez, oraindik kontuak onartu behar dira, eta Espainiako Futbol Liga Profesionalak taldearen kostua zehaztu behar du. Nolanahi, garbi dugu zer eginik ez dugula guk baino askoz ere ahalmen ekonomiko handiagoa duten taldeen aurka.

Zein postu indartu nahi dituzue?

Batzuk agerikoak dira. Adibidez, Clercen ordezko bat bilatu behar dugu defentsako ezker hegalerako. Erdiko defentsaren baten premia ere badugu, Unai Garcia epe luzerako baitago min hartuta. Beste postu batzuk ere indartuko ditugu. Denborarekin joango gara gauzak zehazten.

Datorren sasoirako azalberritu egingo da Osasuna, edo zaleek taldea ezagutuko dute?

Sasoi honetako oinarriaren zati bat izango du, baina kontuan hartzekoa da jada funtsezko izandako hiru jokalari joan zaizkigula. Eta Unai ez da liga hasierara iritsiko. Beraz, aldaketak izango dira.

Azken asteetan goi mailako hainbat jokalari lotu dira Osasunarekin. Ordea, zuk esan izan duzu zurrumurruak «zientzia fikziozkoak» direla.

Hala da. Eta ezinezkoak diren izenak entzuten jarraitzen dut. Barre egiteko gogoa ematen dit. Gehienak ez dira gure errealitatera apur bat ere hurbiltzen.

Berriki, Natxo Monreal eta Raul Garcia Osasunara itzultzeko aukeraz hitz egin dute hedabide batzuek. Jokalari horiek ere ezinezkoen zakuan sartzen dituzu?

Bai. Pentsaezina da jokalari horiek ekarri ahal izatea.

Fitxaketarik onena, menturaz, Ruben Garcia bueltan ekartzea izango litzateke. Badago itxaropena izateko motiborik?

Levantera itzuliko da orain, eta jokalariak zer borondate duen ikusi beharko dugu. Asko gozatu dugu berarekin, baina zaila da berriz hona ekartzea. Edonola, badakit Levantetik ateratzen bada, Osasunara itzultzeko izango dela.

Robert Ibañez ere bueltatzea nahiko zenukete?

Erosteko aukera dugu, baina guretzat ezinezkoa den kopuru baten truke. Diru hori ez dugu ordainduko, ezin dut besterik esan.

Ziur itzuliko direnak, beste talde batzuei utzi dizkiezuen jokalariak dira. Zer plan duzue haientzat?

Hori Jagobak erabakiko du. Otegiri kontratua berritu diogu. Sekulako sasoia ari da osatzen Melillarekin, eta sasoi-aurrerako itzuliko da. Nolanahi, teknikariak du azken hitza. Hamaikakoak osatzea ez da nire ardura.

Sasoi honetan garrantzi handia izan du harrobiak. Lehen Mailan eutsi egingo diozue apustuari, edo lausotu egin daiteke?

Bigarren Mailan, hemengo jokalari gehien eduki duen taldea izan gara. Eta ez dut uste hori Lehen Mailan aldatuko denik. Athletic bezalako salbuespenak kenduta, etxekoei inork ez bezala erreparatuko diegu.

Joan zen astean elkarrizketa batean adierazi zenuenez, «erabaki zailak» hartu beharko dituzue salbazioa lortzen saiatzeko. Zer erabaki dira horiek?

Hori maila guztietan gertatzen da, ez bakarrik Lehen Mailan. Egunerokoan harreman estua sortzen da jokalariekin, eta gero oso zaila izaten da norbaiti ez duela jarraitu behar esatea.

Hurrengoa hirugarren denboraldia izango duzu Osasunan. Atzera begiratuta, pozik zaude eginiko bidearekin?

Proiektu berri bat hezurmamitzeko helburuarekin iritsi nintzen. Osasunak sasoi traumatikoa izan zuen Lehen Mailan, eta taldea goitik behera eraldatu behar nuen. Harro nago egindako lanaz, bi urte geroago marka guztiak apurtu baititugu, eta, era berean, zaleei nahi zutena eman baitiegu. Orain, sekulako erronka dugu aurretik. Saskibaloian LEB ligatik NBAra pasatzea bezala da.

Hau al da kirol zuzendari gisa gehien gozarazi dizun denboraldia?

Bai, zalantzarik gabe. Sadarko bolada eromen hutsa izan da. Ez dut uste berriz halakorik sekula ikusiko dudanik. Neurketa batzuetan, banekien irabazi egingo genuela, nahiz eta gauzak okertu. Hori sentitzea sekulakoa da. Zaleek ere sentipen bera izan dute, eta Sadarren batasun giroa arnastu da. Helburu hori ere bete dugu, beraz.

Nolakoa da kirol zuzendari batentzat Osasunan lan egitea?

Oso zaila, klubaren beraren filosofiagatik. Dena asko neurtu behar da, lehiakortasuna eta harrobiaren aldeko apustua uztartuta. Oso ondo etorri zait Jagobaren laguntza, berak aspaldidanik eta gertuagotik ezagutzen baitu Osasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.