Zirt edo zart egiteko unea iritsi zaie Elordiri eta Lasori

Labriten jokatuko dute gaur, eta garailea lau eta erdiko finalerdietan izango da. Bi pilotariek partida parekatua espero dute, eta funtsezkotzat jo dute sakean ondo moldatzea.

Elordi-Laso
Aitor Elordi eta Unai Laso, partida batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko azaroaren 2a
05:00
Entzun

Gaur erabakiko da Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako B multzoa. Aurreko asteburutik jakina da multzoko lehen tokia Peio Etxeberriarentzat izango dela; bigarrena, berriz, gaur erabakiko da, Unai Lasok eta Aitor Elordik Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dute norgehiagokan (18:00, ETB1). Irabazten duena finalerdietarako sailkatu da, eta datorren asteburuan, hilaren 24ko final handian egoteko lehiatuko da. Galtzen duenak, berriz, agur esango dio txapelketari.

Elordirentzat ez da zirt edo zarteko lehen neurketa txapelketa honetan. Izan ere, final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan Peio Etxeberriaren kontra galdu ostean—22 eta 14—, iragan asteburuan Jon Ander Peñari irabazi beharrean egon zen bizirik jarraitzeko. Azkenerako, ozta-ozta egin zuen: 22-21: «Horrek mesede egin diezadake, Unaik lehen aldia izango baitu txapelketan halako egoera bati aurre egin behar diona. Orain nire esku dago aurrera jarraitzea, eta konfiantzaz nago. Irabazten badit, izan dadila gauzak ondo egin dituelako».  Duela bi urte jokatu zuten elkarren aurka, eta orduan beretzat izan zen garaipena. Baina ez du uste horrek faborito egiten duenik: «Azken batean, Unai Baiko enpresako izar nagusia da».  

Argi du nola heldu behar dion partidari, eta bi gako aipatu ditu: «Batetik, sakea baliatu behar dut, hori baita nire indargunea. Lehen pilotakada hori ondo egiten dudanean, min egiten dut. Sarritan nahi baino arrisku handiagoa hartu behar izaten dut sakatzean, eta hutsen bat egiten dut horregatik. Baina ezin dut besterik egin. Bestetik, ez dut obsesionatu behar aurrean egotearekin. Hiru eta erdian edo lauan ondo eutsi, eta patxadaz jardun behar dut. Peñaren kontra ondo funtzionatu zidan horrek, eta ea oraingoan ere hala den».

Lasok katarroarekin igaro du astea, baina ondo iritsi da neurketara: «Aitor pilotari gogorra da, eta azken partida irabazi zuen moduan irabazteak konfiantza emango zion. Baina nire onena ematera aterako naiz, eta ea irabaztea lortzen dudan. Uste dut partida parekatua eta lehiatua izango dela». Errestoan ondo aritzea garrantzitsua dela azpimarratu du: «Aitor oso sakatzaile trebea da. Min handia egiten du sake-errestoan, eta Labriten pilota frontisetik oso bizkor ateratzen dela kontuan hartuta, adi ibili beharko dut. Ez diot bere jokoa egiten utzi behar, eta nire aukerak baliatu behar ditut».

Atzo jokatu zen multzo horretako beste norgehiagoka, Arrasateko Uarkape pilotalekuan (Gipuzkoa). Ez zegoen ezer jokoan, aipatu bezala Peio Etxeberriak ziurtatua baitzuen lehen tokia, eta jakina zen Jon Ander Peña txapelketatik at zegoela. Atzokoan, Peña II.a 22-13 nagusitu zen. 

A multzoa, bihar

Min hartu ostean, Iñaki Artolak agur esan zion txapelketari. Hala, A multzoan Erik Jaka finalerdietan da. Baina bihar argituko dira multzoaren nondik norakoak, Jokin Altunak eta Iraitz Zubizarretak Donostiako Atano III.a frontoian jokatuko duten neurketan. Altuna III.ak zortzi tanto egiten baditu, finalerdietan izango da, eta, hamahiru eginez gero, multzoko lehen tokian amaituko du. Zubizarreta III.ak, berriz, zazpi edo gutxiagoan utzi behar du Amezketakoa (Gipuzkoa).

Sekula ez dute elkarren aurka jokatu txapelketa ofizial batean: «Ilusio handia egiten dit, txapeldun handia baita; niretzat, egungo pilotaririk onena. Aukeraren bat dudan arren, oso zaila da ni finalerdietan egotea. Baina nire lana ahalik eta ondoena egitera aterako naiz, eta tanto guztietan bete-betean lehiatuko naiz», nabarmendu du Zubizarretak. 

Altuna III.ak, berriz, ez dio kalkulagailuari erreparatu nahi. «Pilotariok, kantxara irteten garenean, 22 tanto egin nahi izaten dugu. Finalerdietara iristeko modurik onena izango da multzoko azken partida hau ere irabaztea. Gainera, Iraitz aurkari arriskutsua da. Frontisetik aldentzen ez baduzu, baliabide asko ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.