Berebiziko balioa duten bi estropada izango dituzte asteburu honetan Isuntzak eta Santurtzik, Aresen eta Boiron, Galizian. Okerrik ezean, bietako bat ariko da jaisteko kanporaketan, Eusko Label ligan mantentzeko asmoz. Sotera-k lau puntuko altxorra dauka Lekittarra-rekiko. Osertz Aldai Isuntzako entrenatzaileak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1976) eta Hegoi Intxauspe Santurtziko arraunlari zailduak (Zarautz, Gipuzkoa, 1983) barneratua dute gaurko eta biharko demak bi final izango direla.
Aldairen esanetan, taldea «gogotsu» heldu da. «Motibatuta gaude erronka zail honi aurre egiteko». Intxauspe ere baikor mintzo da: «Denboraldiko sasoirik onenean gaude, eta garai egokienean gaude azken bi estropada jokatzeko. Jauzi bat eman dugu, eta taldea konfiantzaz dago».
Estropada bat jokatu eta azken postuan geratzea ez da inorentzat gustagarria izaten, ezta Aldairentzat eta Intxausperentzat ere. Zarauztarrak nabarmendu du «gogorra» dela horrela egotea: «Eta hiru estropada jarraian hamabigarren geratzen bazara, are gogorragoa da». Getxoko, Lekeitioko (Bizkaia) eta Hondarribiko jardunaldiez ari da hizketan. «Halere, taldeak oso ondo erantzun zuen hurrengo estropadetan, eta emaitza onek bultzada eman ziguten». Hain zuzen, Getariako (Gipuzkoa), Ondarroako (Bizkaia) eta Castro Urdialeseko (Espainia) lehietan, laugarren, bosgarren eta seigarren postuan sailkatu zen, hurrenez hurren. Arrantza oparoa egin zuen Mikel Portularrumeren kuadrillak.
Isuntzak, aldiz, ez zuen sarean nahiko puntu harrapatu. Getariakoaren ondoren, zortzigarrena zen sailkapenean, eta zortzi puntu ateratzen zizkion Santurtzi 11.ari. Ostera, hurrengo bietan, Lekittarra-k azkena egin zuen, eta kanporaketako postura erori zen, Sotera bost puntu gainetik zuela. «Puntu galera handi batek egoera honetan jarri gaitu. Ez da aitzakia, baina hori onartzea kosta egin zaigu», aitortu du Aldaik.
Biak bat datoz aurtengo denboraldian zorteak «garrantzi handia» izan duela: «Beheko ontzien artean berdintasun handia dagoenez, txanda ezberdinetan joateak eta kale txarra tokatzeak asko eragin digute», zehaztu du Intxauspek. Zehazki, aldagai horietatik dator postuen arteko dantza handia. «Elkarrekin txanda berean ariko bagina, agian bestelako egoera batean egongo ginateke». Horra Aldaien gogoeta.
Isuntzako eta Santurtziko kuadrillek aski ongi ezagutzen dute elkar. Aldaik esan du aurkari «gogorra» izango dutela alboan. «Arraunean ondo dabiltza. Halere, nahiz eta lau puntu aurretik joan, ezin dira erlaxatu. Galtzeko haiek gehiago dute». Intxauspek, berriz, hau esan du Isuntzari buruz: «Estropada onak egin izan ditu. Dena den, garrantzitsua da zer-nolako bilakaerarekin zatozen azken estropadetatik. Haiek egoera zailagoan daude. Gaurkoan haien atzetik bukatzen badugu ere, abantaila bat dugu alde. Isuntzak ezin du hutsik egin».
Galiziako estropada eremuek ur putzu misteriotsuen etiketa daramate soinean, haizetsua eta itsaslaster handikoa direla medio. Intxausperen iritziz, nahiago luke Euskal Herriko eremuetan jokatuko balute: «Galiziara joaten garenean, geure ohituretatik ateratzen gara, eta ezin izaten dugu eremua ongi aztertu». Halere, Boirokoa jokaleku «ziurra» dela deritzo Aresekoaren aldean. Aldaik, berriz, ez dauka kexarik: «Santurtziren atzetik egonda, Galizian aukera gehiago daude ezustekoren bat emateko. Eremu zailak dira arraun egiteko, eta tentsioa areagotu egiten da. Prest gaude».
Kontxatik kanpo, «tristura»
Santurtziko arraunlari zailduak aitortu duenez, igandean 11. postuan geratuko balira, taldeak «kolpea» hartuko luke. «Kolpe horrek, ordea, bizpahiru egun iraungo dizu, segituan kanporaketa prestatzen hasiko baitzara». Isuntzaren kasuan, Aldaik esan duenez, taldeak denboraldi hasieratik bazekien azken postuetatik ihes egiteko lehian ariko zela. «11. postua saihestea lortzen badugu, garaipen handi bat izango litzateke, eta bestelako aldarte batean joango ginateke Kontxako Banderako sailkapen estropadara».
Santurtzik, berriz, hamargarren amaituz gero, gisa horretara emango lioke akabera arraun denboraldiari, ez baita Kontxako Banderan ariko; Sotera-ri epea igaro zitzaion izena emateko, eta Donostiako Udalak ez du gonbidatu. Intxauspek argi esan du: «Tristura sentitzen dut. Nire ustez, sailkatzeko aukerak izango genituen. Kontxa Kontxa da».
Arrauna
Zirt edo zart egiteko ordua
Gaur eta bihar erabakiko da Eusko Label ligatik zein jaitsiko den eta kanporaketan zein ariko den. Santurtzi eta Isuntza dabiltza lehian azken-aurrena ez geratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu