Zirt edo zart, besterik ez

Osasunak gaur bertan gal dezake maila, baina, emaitzaren arabera, jaitsiera postuetatik ere irten daiteke

Iruñea
2014ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Kalkulagailua gora eta behera ibili dute azken egunetan osasunazaleek, mailari eusteko zenbat puntu beharko dituzten eta beste zelaietan aurkari zuzenek zer egin dezaketen aztertzen. Hargatik, Osasunako jokalariek badakite besteek egiten dutena euren esku ez dagoela, eta geratzen zaizkien bi partidak irabazten ahalegintzea da asmo bakarra.

Gaur Espanyolen zelaian berdintzeak ere —puntu bat behar du matematikoki salbatuta izateko Espanyolek— azken jardunaldira bizirik iristea ziurtatuko die nafarrei. Baina, irabazita ere, besteek egiten dutenaren arabera zehaztuko da Osasuna azken jardunaldira jaitsiera postuetan, edo kanpo, iritsiko den azken jardunaldira. Galtzea saihestea da lehendabiziko eginkizuna. Jardunaldi honetan maila galdu dezakeen talde bakarra Osasuna da. Eta hori saihesteko ez galtzea da biderik motzena.

«Ezin dugu gure aurkarien emaitzek mesede egingo digutela pentsatu, une honetan sei puntuak batzea da gure pentsamendu bakarra. Lehiakor aritzea izango da gakoa, Espanyolek ez baitigu erraztasunik emango», ohartarazi zuen Javi Graciak atzo Sadarren ateak itxita burutu entrenamenduaren ostean. Lehen itzuliaren amaieran sei puntuak batu zituzten Espanyol eta Betisen aurka eta gauza bera egin nahi dute nafarrek Ligako azken bi partidetan ere.

Deialdian Lolok Cejudoren tokia hartu zuen, eta Lolo eta Acuña izan daitezke berritasunak gorritxoen hasierako hamaikakoan. Dena den, Riera izango da erreferentzia erasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.