TXIRRINDULARITZA

Zirrararen bila azkeneraino

Gizonezkoen Frantziako Tourra erlojupeko etapa batekin bukatuko da aurten. Duela 35 urte gertatu zen hori azkenekoz, eta lasterketa amaierarik ikusgarriena izan zen: zortzi segundo eskasen aldearekin gailendu zen irabazlea.

Greg Lemond eta Laurent Fignon Parisko Eliseoko Zelaietan, lehia betean, 1989ko Tourreko azken etapan. TOUR DE FRANCE / EFE
Greg Lemond eta Laurent Fignon Parisko Eliseoko Zelaietan, lehia betean, 1989ko Tourreko azken etapan. TOUR DE FRANCE / EFE
mikel rodriguez
2024ko ekainaren 29a
05:00
Entzun

Txirrindularitzaren historian ez ezik, kirolaren historian ere lorratza utzi zuen gertakari bat izan zen 1989ko uztailaren 23koa: Laurent Fignon paristarra maillot horia soinean zuela lurrera abailtzen Eliseoko Zelaietako helmuga gurutzatu bezain agudo, eta, harengandik metro batzuetara, Greg Lemond estatubatuarra irribarretsu eta besoak altxatuta pozez zoratzen. Bakarkako erlojupeko batekin bukatu berri zen Frantziako Tourra, eta Fignoni zortzi segundo eskasengatik ihes egin zion garaipenak —historiako alderik txikiena, gaur egun ere—. Hura da gizonezkoen Tourra erlojupeko batekin bukatu den azken aldia. Heldu den uztailaren 21ean, ordea, hutsarte hori bukatuko da, antolatzaileek berriz ere erlojupeko batean kokatu baitute itzuliko azken helmuga. Gustura hartuko lukete 1989koaren antzeko bukaera hollywoodiar bat, eta zer erranik ez Tadej Pogacar (UAE) eta Jonas Vingegaard (Visma) badira protagonistak. Hala ere, datuek erakusten dute hori ez dela ohiko bukaera, itzuli handiak erlojupekoekin bukatzen direnean.

1975az geroztik gizonezkoen Tourra beti bukatu izan da Parisko Eliseoko Zelaietan, eta ez da sailkapen nagusirako lehiarik izaten; Parisera ailegatu izana ospatzeko eguna izaten da. Aurten, ordea, historian lehenbiziko aldiz, ez da hiriburuan bukatuko, Nizan baizik, eta antolatzaileek erabaki dute lehia bukaeraraino luzatzea. Orain arte jokatu diren 110 ekitaldietatik bederatzitan baino ez da erlojupekoarekin bukatu —1964tik 1971ra, eta 1989an—, eta, aldi horietan, bitan baino ez da gertatu liderra azken etapan aldatzea.

Lehenbizikoa 1968an izan zen. Goizean Auxerre eta Melun artean 136 kilometroko lehenbiziko sektorea lehiatu ondoren, arratsaldean Melun eta Paris artean 51 kilometroko erlojupekoa zuten ziklistek, eta lehia ezin estuagoa espero zen, sailkapen nagusian lau txirrindulari baitzeuden minutu bat baino gutxiagoren tartean. Herman van Springel zen liderra, baina Jan Janssen hirugarren sailkatuak 54 segundo atera zizkion helmugan, eta 38 segundorengatik irabazi zuen Tourra —historiako alderik txikiena 1989ra arte—. Janssenek Tour osoan maillot horia jantzi zuen aldi bakarra izan zen Parisko podiumekoa. Gregorio San Miguel balmasedarra sailkapen nagusian bigarren tokian zegoen etapa hasi aitzinetik, eta, lan ona egin bazuen ere, Ferdinand Bracke erlojupeko espezialistak podiumeko tokia ebatsi zion hamalau segundorengatik.

21 urte geroagoko bukaera oraindik estuagoa izan zen, baina, 1968an ez bezala, ez zen hori espero. Fignon azken etapara Lemondekiko 50 segundoren abantailarekin ailegatu zen. Tour hartako aitzineko bakarkako hiru erlojupekoetan —sarrerako motzean, borzgarren etapako luzean eta hamaborzgarreneko kronoigoeran— estatubatuarra frantziarra baino hobea izan zen, baina aldeak handiegia ematen zuen 24 kilometroko ibilbide lau batean buelta emateko. «Ez da lasai hartzeko moduko abantaila, baina uste dut behar adinakoa izanen dela Tourra 20 edo 30 segundoren aldearekin irabazteko Lemondi», adierazi zuen Fignonek bezperan. Borzgarren etapako erlojupekoan Lemondek pieza berezi bat erabili zuen bizikletan: triatloiko heldulekua. Bi hilabete lehenago, AEBetan jokatu zen Trump Tourrean —bai, Trump Tourra, Donald Trump magnate eta gerora AEBetako presidente izan zenak lasterketa bat sortu zuen, eta bere izena eman zion— ikusi zuen 7-Eleven taldeko ziklistek nola atxiki zioten pieza hori bizikletari erlojupekoak lehiatzeko, eta Frantziako Tourrean probatzea erabaki zuen. Azken etapan gertatu zenak gainerako talde guziak konbentzitu zituen handik aitzinera pieza hori erabiltzeko. Aerodinamikak ahalmenari lagunduta, Lemondek pronostiko guziak xehatu zituen, eta 58 segundo atera zizkion helmugan Fignoni —54,5 kilometro orduko abiadura batezbertzekoan, ordura arte erlojupeko batean inoiz neurtutako handiena—.

Bukaera ohikoagoa Vueltan eta Giroan

110 urteko historian erlojupekoan bederatzi bukaera izatea lagin txikia izan daiteke konklusio biribilak ateratzeko; gainera, kontuan hartuta horietako zortzi garai berekoak direla. Baina bertze bi itzuli handiek, Espainiako Vueltak eta Italiako Giroak, gehiagotan erabili dute lasterketa bukatzeko formula hori, eta garai ezberdinetan, gainera; baina joera berbera da: Vuelta hamasei aldiz bukatu da erlojupekoarekin, eta horietatik bortzetan bakarrik aldatu da liderra. Giroa, berriz, 22 aldiz bukatu da horrela, eta lau bider aldatu da liderra azken egunean. Emakumezkoen kasuan ere, proportzioak antzekoak dira: Giroa bortz bider bukatu da erlojupekoarekin, eta behin baino ez da aldatu liderra (2003, Nicole Brandlik Edita Pucinskaiteri kendu zion maillot arrosa); Tourra, berriz, lau bider bukatu da bakarkakoarekin, eta liderrak ez du inoiz galdu itzulia azken egun horretan.

Liderra aldatu den kasu gehienetan, gainera, hori gertatzea espero zen, bigarren sailkatua erlojupekoan trebeagoa zelako eta liderrak ez zuelako alde handirik —errate baterako, 2002ko Vueltan Aitor Gonzalezek Roberto Herasi irabazi zionean, edo, berrikiago, 2020ko Giroan Tao Geoghegan Hartek Jay Hindleyri—. Eta aldatu ez denetan, estatistikak argiak dira: normalki, lider ailegatu denak sorpresarik gabe eutsi dio maillotari.

Baina izan da kasuren bat edo bertze borroka estua izan dena: Tourrean bertan, erlojupekoarekin bukatu zen lehenbiziko aldian, 1964an. Jacques Anquetilek hamalau segundoren abantaila zuen haren aurkari min Raymond Poulidorrekiko, bainaPoupou-k 27 kilometrokoetaparen lehen erdia Anquetilek baino bortz segundo agudoago egin zuen, eta, etaparen garaileak hogei segundoren gainsaria zuela kontuan hartuta, behin-behinean Tourraren irabazle zen. Baina bertze erdian Poulidorri erregaia agortu egin zitzaion, eta Anquetil berpiztu egin zen. Hala, liderrak etapa eta Tourra irabazi zituen, eta sailkapen nagusian 54 segundora handitu zuen aldea —Tourraren historiako inoizko txikiena, ordura arte—. Emakumezkoetan ere egundokoa gertatzear izan zen lehenbiziko aldiz erlojupekoan bukatu zutenean, 1991n: Astrid Schop maillot horidunak bederatzi kilometro eskaseko ibilbide batean 47 segundoren abantaila zuen defendatzeko Leontien Van Moorsel bigarrenarekiko; bada, Van Moorselek 45 jan zizkion helmugan. Gutxigatik ez zen ikusi bi urte lehenago Eliseoko Zelaietan ikusitakoaren antzeko irudia. Probabilitatea kontuan hartuz gero, zaila izanen da aurten Nizan horrelako bukaera estu bat ikustea, baina ezustekoak historiaren parte dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.