Bazkalordua da Ibaian. Masajea hartu ostean, jangelan sartu da Manu Garcia (Gasteiz, 1986). Bazkariak itxaron egin beharko du. Ez da elkarrizketa bat egiteko tokirik ohikoena, baina ez dio axola Alaveseko kapitainari. «Uste dut hemengo zoko-moko guztietan hitz egin dudala noizbait kazetariekin».
Valladoliden aurkako garaipen distiratsuaren ondotik, nolako aldartearekin iritsi zarete geldialdira?
Etenaldien aurretik irabazteak konfiantza ematen dizu; aurreneko jardunaldietan batez ere, taldea oraindik eraikitze prozesuan dagoenean. Bi astez giro onean lan egiteko aukera izaten duzu, eta eskertzen da.
Ordea, gelditu beharrak eten egin dezake garaipenak sortutako inertzia.
Hori ez dugu aintzat hartzen. Gaur-gaurkoz, kontrako boladak ditugu etxean eta etxetik kanpo, eta hori konpondu nahian gabiltza. Hurrengo jardunaldian, erronka polita bezain zaila izango dugu Ipuruan, Eibarren aurka. Itxura hobea eman nahiko genuke bisitari moduan. Eraginkortasunean dago gakoa, bestela ez baitago hainbesteko aldea Mendizorrotzan eta besteren zelaietan egiten ari garenaren artean. Esaterako, gehiegizko zigorra izan genuen Vila-realen eta Osasunaren aurka [4-1 eta 4-2 galdu zuen Alavesek]. Bi partidetan lehiatu ginen, eta, une jakin batzuetan asmatu izan bagenu, agian emaitza hobeak lortuko genituzkeen. Etxean, aldiz, dena alde ari zaigu ateratzen, eta puntuak erruz ari gara pilatzen, nahiz eta neurketa batzuk berdinduak izan diren. Erregularrekoak izan nahi dugu, eta bi aste hauek ondo datozkigu.
Kezkagarriak dira etxetik kanpoko zenbakiak: bost gol eskas sartu dituzue, hamasei jaso, eta puntu bakarra urratu duzue. Zer analisi egiten duzue talde horretaz?
Zaila da. Guk antzera planteatzen ditugu norgehiagoka guztiak. Hor ez dago alde handirik. Agian, egutegiak zerikusia izan lezake, baina uste dut etxean ere aurkari zail askoak izan ditugula. Gauzak beti modu bertsuan egiten saiatzen gara; nolanahi ere, agerikoa da etxean askoz ere gusturago sentitzen garela. Ekimen handiagoa dugu, eta oldarkorragoak gara. Azkenean, joera kontua da. Aldarteak, ziurrenik eragina du, markagailuan atzetik izan garenean batik bat. Eta, gero, lehen esan bezala, eraginkortasunak ia dena erabakitzen du. Garbi dago zerbait aldatu beharra dugula. Horiek hala, final baten gisara hartuko dugu Eibarren kontrako derbia. Etenaren ostean, aurkari zuzen baten aurka... Mugarria ezartzeko partida egokia da.
Aurkako sei penalti adierazi dizkizuete Gasteiztik urrun jokatutako sei lehietan. Epaileak eta VAR sistema zorrotzegia izan al dira zuekin?
Ni ez nago pozik. Ez dira zorte handirik izaten ari gurekin. Hartu dituzten erabaki batzuk oso zorrotzak izan dira. Gainera, sasoi hasieran arau batzuez hitz egin ziguten, baina, gero, partida bakoitzean modu ezberdinean interpretatzen dituzte. Egokitu beharra dugu. Lehietako etenaldiak ez zaizkio inori gustatzen, baina guk ez dugu erabakitzen nola arautzen den hau guztia. Akatsak onartu egin behar ditugu, eta ahalik eta azkarren ahaztu.
Hala eta guztiz ere, sei puntura dituzue jaitsiera postuak. Errentak lasaitu egingo zaituzte, edo?
Alde horri ez diot askorik erreparatzen, maila handiko taldeak baititugu atzetik. Adibidez, Betisek eta Celtak gora egingo dute uneren batean. Hori horrela, salbazioaren lehia oso berdindua izango dela uste dut. Talde askok erruz egin beharko dugu lan. Sei puntu horiek ez didate balio erreferentzia gisa. Guk hamabost dauzkagu, eta oraindik asko falta zaizkigu helburua lortzeko. Erregular jardutea da gakoa, hala gauzak lasaiago egin ahal izateko.
Aro berri bat hasi duzue denboraldi honetan, Asier Garitanoren lemapean. Eta haren ideia pixkanaka errotzen ari dela ematen du. Erasoan, adibidez, gero eta gusturago zabiltzate.
Mugarria Athletic eta Realaren aurkako derbiak izan ziren. Orduan, lehiatzeko kapazak ere ez ginen izan, eta ez genuen inolako aukerarik eduki. Gauzak hala, iratzarri egin ginen, eta bestelako itxura eman genuen Mallorcaren kontra. Gustura sentiarazten gaituena egin genuen: goian estutu, azkar jokatu... Ildo horri heldu diogu, eta gauzak hobeto ari zaizkigu ateratzen. Erasoan gehiago ari gara gozatzen, eta defentsan sendo gabiltza. Hori bai, etxetik kanpoko zenbakiek defentsako jarduna itxuragabetzen dute, eta hori lehenbailehen konpondu nahi dugu. Jada nahikoa denbora izan dugu egokitzeko; beraz, gure maila onenetik gertu egon behar dugu.
Nolakoa da Garitano buru duen lantaldea?
Oso ona. Bat dator klubaren izaerarekin. Eskarmentua du talde apaletan, eta garrantzi handia ematen dio eguneroko lanari. Ondo egokitu dela deritzot. Jokalarioi gure mailarik onena ematea dagokigu, hala talde teknikoak astia eta patxada izan dezan bere ideiak gorpuzteko.
Erreskadan jokatutako bi derbien ondotik, ezbaian jarri zen Garitanoren jarduna. Nola bizi izan zenuten une hori taldean?
Niri kanpoko ia ezer ere ez zait iristen. Iritzi korronteetatik aldentzen saiatzen naiz. Entrenatzailea lasai ikusi dut beti. Bere ideietan sinesten segitu du, eta, era berean, konponbideak topatzen saiatu da. Geroztik, gauzak bere onera itzuli dira, baina oraindik hobera egin dezakete. Azkenean, etxetik kanpo irabazten ez dugunez, etxeko partidak ardura handiz hartzen ditugu, hutserako tarterik gabe.
Oso antzekoak al dira Garitanoren eta Abelardo Fernandezen estiloak? Aldaketa handia nabaritu duzue?
Oso talde ezberdinak garela deritzot. Abelardorekin, jokalari erabakigarriak genituen hegaletan, eta horrek asko baldintzatzen du plana. Bi teknikariei gustatzen zaie joko zuzena egitea, eta aurkariak gogor estutzea. Alde horretatik, ez da aldaketa handirik izan. Defentsibotzat jotzen gaituzte, baina ez da horrela, sartutako golen kopuruak erakusten duenez [hamalau gol hamahiru lehiatan]. Estereotipo hutsak dira. Gu, besterik gabe, gure ezaugarrietara eta aurkarien estilora egokitzen saiatzen gara, ahalik eta puntu gehien lortzeko.
Erasoan, aipatzekoa ari da izaten Joselu eta Lucas Perezen lana. Azkar batean egokitu dira, ezta?
Maila handiko jokalariak dira, eta golak bermatzen dizkigute. Gozakaitz ibiliak ziren azken sasoietan, baina suspertzeko toki aproposa topatu dute hemen. Lan asko eskatzen duen talde bat gara, eta berehala barneratu dute hori. Oso pozik gaude bien jardunarekin. Eta ez da ahaztu behar aulkian John [Guidetti] dugula. Gutxi jokatu du orain arte, baina denboraldia luzea da, eta helduko zaio zeresana emateko unea. Kalitate handiko aurrelaria da.
Lucas Perezek olatua harrapatu du: zazpi gol sartu ditu azken zazpi partidetan. Horrek asko errazten dizkio gauzak taldeari, ezta?
Ahalik eta gehien baliatu behar dira halako momentuak. Jokalari erabakigarria da, eta konfiantzaz gainezka dago. Zaindu egin behar dugu, eta, era berean, exijitu egin behar diogu. Pozarren gaude Lucasekin, golez harago, ekarpen handia ari baita egiten: presioaren lehen lerroa ezartzen du, metroak irabazten laguntzen digu, espazioak aprobetxatzen ditu...
Zu taldearen ikur zara gaur egun ere, Victor Laguardia eta Fernando Pachecorekin batera. Sasoi honetan, neurketa bakarra galdu duzu orain arte. Nolako sentipenak ari zara izaten?
Gustura nago. Hainbat postutan aritzea egokitu zait: aurrerago aritu nintzen hasieran, eta atzerago jokatu dut azken lehietan. Pozik nago orain arte egindakoarekin. Lan asko egin nuen udan, jakitun bainintzen sasoi honek garrantzi handia duela klubarentzat, hurrengoan ehun urte beteko dituelako. Ondo gabiltza, baina oraindik lan asko dugu aurretik.
Alavesen historian arrastoa ari zara uzten pixkanaka: partida gehien jokatu duten jokalarietan laugarrena zara dagoeneko: 239 partida. Harro egongo zara.
Itzela da nire bizitzako klubean halako ibilbidea egin izana. Eta ilusio handia dut bidea egiten jarraitzeko. Zifrak biribiltzen dituzunean, eta marka bereziren bat lortzean, atzera begiratzen duzu, bizi izandako guztia ikusten duzu, eta zoriontsu sentitzen zara. Txikia nintzela, amets hutsa zen nire taldean partida bakarra jokatzea; beraz, pentsa...
2012an klubera iritsi zinenean ere, nekez irudikatuko zenuen horren urruti iristeko aukera izatea. Bigarren B Mailaz harago ibili gabea zinen, eta kluba ere maila horretan katigatuta zegoen.
Batera hazi gara kluba eta biok. Zorte handia izan dut. Oso eskertua natzaie bide hau Alavesekin batera egiteko aukera eman didaten guztiei. Momentu honetara iritsita, badakit egin dudan guztiari balioa ematen. Egoera zailak izan nituen futbolaren alde umilean; hortaz, plazer hutsa da etxeko taldean eliteaz gozatu ahal izatea. Neurketa bakoitza zirraragarria da niretzat.
Azken hiru denboraldietan une gogoangarri ugari izan dituzue gorengo mailan. Zaila izango da bakarra aukeratzea.
Hasteko, lehen sasoiko zalantzak eta ilusioa daude. Ez genekien lehiatzeko kapazak izango ginen. Gero, ahaztezina izan zen Kopako finalerdietan eta finalean bizitakoa. Hurrengo sasoia oso gaizki abiatu genuen, baina sekulako susperraldia izan genuen Abelardorekin. Gogoan ditut Girona, Malaga eta Las Palmasen aurkako neurketak. Eta, iragan sasoian, jardunaldi ugari pasatu genituen Europako postuetan, eta garaipen bereziak lortu; adibidez, Real Madrilen aurkakoa [berak sartu zuen garaipenaren gola, luzapenean].
Arlo guztiei erreparatuta, kluba bide egokian dela uste duzu?
Bai. Egitura asko handitu da azken urteetan, egungo futbolera egokitzeko. Sozialki ere aurrerapauso handiak eman dira. Zaindu beharreko zerbait da, eta uste dut Alavesek behar bezala zaintzen duela. Ligak gehiago begiratu beharko lieke zaleei. Oreka aurkitu behar da.
Manu Garcia. Alaveseko jokalaria
«Zirraragarria da Alavesekin elitean jokatzen dudan partida bakoitza»
Manu Garciak umetako ametsa betetzen jarraitzen du: zortzigarren denboraldia du Alavesen, laugarrena Lehen Mailan. Kapitainak dio taldeak «erregulartasuna» behar duela, «lasaiago» lan egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu