Zilarrezkoan urretzera

Igandean jokatuko dute Urrezko Aizkorako finala, Azpeitiko Izarraitzen. Gizonezkoen lehian, bakarkako txapelketaren 25. aldia da aurtengoa

Julen Alberdi Txikia IV.a, duela bi urteko Urrezko Aizkorako finalean, garaipena ospatzen. IBON ERRAZU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Federazioen titulu ofizialetatik harago, herri kiroletan sona handia dute Egur Sport enpresak antolatutako txapelketek. Ez alferrik, haiek izan baitira grinaren piztaile zenbait urtetan. 1998an estreinako aldiz jokatuzutenetik, gorengo mailako aizkolariek beren izena idatzi dute Urrezko Aizkoraren irabazle zerrendan: Floren Nazabal bederatzi aldiz nagusitu da. Beste zenbait aizkolari loriatsuk, Joxe Mari Olasagastik eta Donato Larretxeak esaterako, hiruna txapel dituzte.

Etzi jokatuko dute aurtengo finala, 25. aldia izango dena. Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan lehiatuko dira (12:00), eta hiru aizkolari ariko dira lehian: Iker Vicentek hirugarren garaipena eskuratzea du xede, Olasagastiren eta Larretxearen kopurua berdintzeko. Julen Alberdi Txikia IV.ak orain bi urtekoa errepikatu eta bere bigarren txapela jantzi nahi du. Mikel Larrañagak, berriz, lehendabizikoa zakuratzea du helburu.

Azken sasoietan onenen sailean ari diren hiru aizkolari dira, eta horrek distira eman dio aurtengo txapelketari. Kontrara, haiek erakutsitako mailak garestitu egin du loria. Hala uste du Alberdi azkoitiarrak: «Egia esan, aukera askorik ez dut ikusten, jakinda Ikerrek eta Mikelek zer maila duten. Koska bat gorago daudela esango nuke nik. Lan ona egin nahi dugu, eta ea».

Guztira, hamar egur ebakiko dituzte, bost eratan banatuta. Lehen hirurak 45 ontzakoak izango dira, eta era batera moztuko dute bakoitza; lehendabizikoa, ahalik eta kolpe gutxienetan; bigarrena, ahalik eta azkarren; eta hirugarrena, zutik jarrita. Azken horren inguruan, zera esan du Txikia IV.ak: «Zutikako lanetan ez gara horrenbestetan aritzen urte osoan zehar, baina garrantzitsua izaten da. Segundo erabakigarri asko gal daitezke hor».

Lan horiek egin eta gero, hirurogei ontzako bat ebakiko dute, eta amaieran egingo dituzte lanik mardulenak: bina kana-erdiko (54 ontzakoak) 60 ontzako eta 65eko moztuko dituzte. Lan guztiak bizkorren amaitzen dituena nagusituko da Urrezko Aizkoraren zilarrezko urtemugan. Txapel oro da berezia, baina aurtengoak badu beste zerbait ere, urtemugaren kontuagatik.

Bakoitzak bere bidea

Emakumezkoen Urrezko Aizkorak ibilbide laburragoa osatu du, gizonezkoen eta andrazkoen harri jasotzekoek bezalaxe. Ordea, azken urteetan etenik dabiltza. Etziko aizkora finalean, Laiene Pikabea, Nerea Arruti eta Nerea Sorondo egungo txapelduna ariko dira, 36 ontzako hiru enborreko lanean.

Harri jasotzen, 63 kiloko errektangularra, kubikoa eta bola erabiliko dituzte Karmele Gisasola Zelai III.ak, Lur Errekondok eta Patricia Martinek. Gizonezkoetan, Jon Unanue Goenatxo III.ak eta Jokin Eizmendik 138 kilokoak baliatuko dituzte, hiru minutuan bakoitza.

Urrezko Aizkorakoaren aurretik beste garaipen bat lor dezakete Alberdik eta Larrañagak. Gipuzkoako binakako finalean ariko dira bihar, Aian. Ugaitz Mugertzarekin eta Jexux Mujikarekin ariko dira, hurrenez hurren; Eneko Otaño-Iñaki Azurmendi bikotea da bestea. Harri jasotzen, Errekondok ere saio bikoitza du; lau arroako lehian ariko da Aian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.