Jaunarena 22. Untoria 20

Zilarrezko erraldoia

Jon Jaunarenak kostata irabazi dio Untoriari 2. Mailako lau t'erdiko finalean, eta urteko hiru txapelak jantzi ditu

Jon Jaunarenaren lagunak, hura airean altxata, leitzarrak finala irabazi ondoren. LANDER FDEZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Iraupena. 1.03.53.

Pilotakadak. 288.

Saketik. Jaunarenak, lau eta falta bat; Untoriak, lau.

Markagailua. 7-0, 7-2, 8-2, 8-3, 9-3, 9-8, 10-8, 11-8, 11-11, 11-12, 12-12, 13-12, 13-13, 13-14, 14-14, 17-14, 17-15, 18-15, 18-17, 21-17, 21-20 eta 22-20.

Bestelakoak. Sarrera ona Iruñeko Labrit pilotalekuan: 800 ikusletik gora. Apustuak doblean irten ziren Jaunarenaren alde.

Bere buruan sinesteko eskubidea du Jon Jaunarenak, eta Aspeko bulegoko atea jo eta Lehen Mailako pilotariekin gehiagotan nahasteko eskatzekoa. Pilotalekuan aldarri ozena egin du 2012an, Bigarren Mailako hiru txapelak jantzita. Atzo osatu zuen bilduma, lau t'erdikoa irabazita —agian, hiruretan zailena—. Final luze, gogor eta agonikoa jokatu zuen, eta huts asko egin arren, bere kolpe biziak erabaki zuen lehia. Alvaro Untoriak lan eskerga egin zuen, eta estu hartu zuen txapelduna, baina Jaunarenaren kolpeak distira eta hots berezia du. Zilarrezko txapelketetan erraldoia bilakatu da, urrezkoetan aritzeko pauso sendoa.

Partida gogorra dejada zehatz batekin amaitu zuen Jaunarenak. Untoria gora zetorren, hobeto domatu zituelako piloteo gogorrak. Ofizio gehiago du, eta tanto luzeak bere alde erori ziren. Ordubetetik gora ibili ziren muturka; partida baino borroka izan zelako. Jaunarenak urrundik jotako ezker dejada kirurgikoak ia ez zuen boterik izan, eta garaipena ospatu aurretik hatzarekin zeinu egin zion Abel Barriola botilleroari, kontra kantxan zituen begiei. «Arriskatu beharra nuen; tanto luzeetan ezinean nengoen», azaldu zuen gero. Zortea izan zuen lagun azken tanto horretan, eta 20 urteko leitzarrak —Irunen jaiotakoa da, baina urte batekin joan zen bizitzera Leitzara— Lehen Mailako lau t'erdikoan parte hartuko du heldu den urtean.

Alvaro Untoriak, berriz, meritu ikaragarriko partida jokatu zuen. Kolpe gutxiago izan arren, errioxarrak bere jokoa egitea lortu zuen. Tanto ia guztietan Jaunarenak agindu zuen, baina errioxarra estratega hobea da. Makurtuta jokatzera behartu zuen aurkaria, bazterrak bilatu eta oso baxu jokatuz. Sufrimendu eta lanaren bitartez tantoak luzatu zituen, eta Jaunarenaren hutsak eragin. Adorea ere sobran du, eta atzetik joan zenean, 7-0 hasieran eta 21-17 azken txanpan, ez zuen amore eman.

Ikuskizun polita izan zen. Botera aritu ziren, ezin modu klasikoagoan. Beste garai edo mende bateko partida izan zen. Zuri-beltzekoa kasik. Bien artean 11 aldiz bakarrik jo zuten pilota airez. Garbizaleen atsekaberako, baina, joera hori aldatu ezean, kostata egingo dute bide luzerik Lehen Mailakoan. Partida kostata berdintzea lortu ondoren, Untoria behin bakarrik jarri zen aurretik (13-14), baina ilusioa izan zen. Jaunarena gehiago zen, eta hark irabazi behar zuela zioen logikak; baina presak ez zion lanak behar bezain ondo bukatzen utzi. Sakeari esker tarte erabakigarria ireki zuen (21-17), baina erantzukizunak besoa uzkurtu zion, eta tantoa ezin egitearen poderioz Untoria txapelera gerturatu zen (21-20). Orduan iritsi zen dejada, eta leitzarrez betetako Labrit kutuneko eromena. Ahaztu ezinezko urteko hiru txapelak Txantrearako aldapa alboan irabazi ditu.

Bengoetxea VI.a, hobeto

Oinatz Bengoetxeak asko egin du hobera azken egunetan, eta atzo entrenamendu saioa egin zuen Danel Elezkanorekin Gasteizen, Iñigo Simon medikuaren begiradapean. Ez zen oso gogorra izan, baina exigentea bai. Bukatu ondoren finala heldu den igandean jokatuko duela baieztatu zuen, eta hurrengo astean beste entrenamendu pare bat egiteko asmoa plazaratu. Aimar Olaizolak ere aste hasieran entrenatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.