Tokio 2020. PIRAGUISMOA. Iñigo Peña. Piraguista

«Ziklo olinpiko hau aurrekoa baino hobea izan da; asko disfrutatu dut»

Iñigo Peña «gustura» dago egindako lanarekin, finalean lehiatu eta seigarren sailkatu ondorengo egunean. Orain, atseden hartuko du urrira arte: «Buruak eta gorputzak behar dute».

IÑIGO PEÑA.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Bezperan jasotako mezu guztiei erantzuten ari da Iñigo Peña piraguista (Zumaia, Gipuzkoa, 1990). Ordu gutxi falta zaizkio Euskal Herrira itzultzeko. Dominak lortzeko borrokan egotea zuen helburu K2 1.000 metroko proban, Paco Cubelosekin batera. Baina seigarren izan ziren. «Orduak aurrera joan ahala, gero eta balio handiagoa ematen diogu lortutakoari».

Zer sentipenekin jaiki zara gaur [atzo]?

Pena pixka batekin, ilusio handia genuelako. Baina, orduak aurrera joan ahala, gero eta balio handiagoa ematen diogu egindakoari.

Kostatu zitzaizun lo hartzea? Buelta asko eman dizkiozu?

Egia esan, ez. Nekatuta nengoen, eta ondo egin dut lo. Gainera, zure onena ematen duzunean, hustuta amaitzen duzunean... Zeure buruarekin lasai geratzen zara, eta hori izan da kasua. Estropada ona egin genuen, sentipen onak izan genituen, eta aurreikusitakoa erabat bete genuen. Aipatu bezala, zortzigarren kalean joateak ez zigun mesede egin; haize gehien egiten zuen kalea zen, okerrena, eta maila honetako estropada batean horrek eragina du. Baina beste batzuetan kaleak mesede egingo zigun. Horrelakoa da kirola, eta ez dugu aitzakiarik jarriko

Beste kale batetik joanda, emaitza beste bat izango zen? Eguraldia ikusita, estrategia aldatzea pentsatu zenuten?

Estrategia hori zen. Izan ere, beste txapelketa batzuetan, kaleen banaketa idatzita dago. Badakizu finalerdietan geratzen zaren postuaren arabera zein kaletan joango zaren estropada erabakigarrian. Kasu honetan ez zen horrela. Oraingo honetan jakina zen bi finalerdi zirela, eta laugarren sailkatuz gero bi aukera zeudela finalerako: lehen kaletik joatea edo zortzigarrenetik joatea. Hori ordenagailuz erabakitzen da, algoritmo batekin, ausaz. Ez genuen zorterik izan. Izan ere, lehen kaletik joanda hobeto izango zen. Baina, esan bezala, ez dago aitzakiarik.

Asko hitz egin duzu horretaz Paco Cubelosekin?

Ez. Unean bertan lauzpabost kontu aipatu genituen, eta kito. Hamar urte daramatzagu batera, eta oso ondo ezagutzen dugu elkar. Ez dugu asko hitz egin beharrik jakiteko bakoitza nola dagoen eta zer behar duen.

Ikusi duzu finaleko lasterketa?

Ez. Ikusiko dut, baina ez hemendik gutxira. Barruan izan nituen sentipenak gogoratu nahi ditut.Jokoak amaitu dira, eta orain, atseden hartu eta gero, etorkizunean pentsatuko dut.

2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan bosgarren izan zineten; orain, seigarren. Emaitza okerragoa da. Baina, oro har, ziklo olinpiko honetan emaitza hobeak izan dituzue. Alde horretatik, pozik zaudete?

Bai. Ziklo olinpiko honetan asko disfrutatu dut. Txapelketa garrantzitsu guztietan podiumean egon gara, marka oso onak egin ditugu, lehiakorragoak izan gara... Oso gustura eta pozik nago bost urte hauetako ibilbidearekin; aurreko ziklo olinpikoa baino hobea izan da. Egin duguna ez da erraza. Eta, ikusgarritasun handiena Olinpiar Jokoek duten arren, guretzat beste proba horiek oso garrantzitsuak dira; Munduko Kopakoak, Europako eta munduko txapelketak...

Eta ziklo olinpiko bat amaitu eta hurrengo egunean zer sentitzen du kirolari batek?

Atzo [herenegun] oso intentsitate handiko eguna izan zen. Amaitu eta berehala, pena sentitu nuen. Gero, amorrua, eta gaur [atzo], berriz, lasaitasuna. Ez bakarrik Olinpiar Joko batzuk prestatzeak duen exijentziagatik. Zama hori eramatera ohituta gaude. Nik batez ere nabarmenduko nituzke COVIDa dela-eta azken hilabeteetan bete behar genituen neurriak. Hori izan da gogorrena. Burbuila batean egon behar izan dugu. Ia ezin izan dugu bikotekidearekin, etxekoekin edo lagunekin egon, kutsatzeko arriskuagatik. Dozenaka test egin behar izan ditugu, emaitzen zain egon behar izan dugu...

Behin oporrak pasatuta, gogoz zaude Madrilgo Goi Errendimendu Zentroko egunerokora itzultzeko?

Bai, eskertuko da egunerokotasun hori. Baina, aurrena, oporrak egingo ditut, etxean, Zumaian. Gutxienez urri hasiera arte ez dut piragua ukituko. Fisikoki ondo egoteko eta giharra birsortzeko ariketak egingo ditut soilik. Etxekoekin, lagunekin eta abar egon nahi dut, gehienak oporretan daudela aprobetxatuz. Ez da ohikoa izaten aukera hori izatea. Normalean, gure denboraldia irailean amaitzen da.

Eta gero, nola ekingo diozu egunerokoari, kontuan hartuta K2 1.000ko proba olinpiar egitarautik kenduko dutela?

Egia esan, egoera ulertezina da, zalantza asko sortzen baitizkizu. Egoera zentzugabea da. 2008 arte programa finkoa zen. Orduan hasi ziren aldaketekin, eta ez dira geratu. Lau urtean behin dago ezustekoren bat. Guri galdetu gabe egin dute. Aurrena, 200 metrokoa sartu zuten, atletismoan arrakasta zutelako abiadura probek, eta 500ekoa kendu zuten. Orain, 1.000koa kenduko dute, 500ekoaren mesedetan. Telebistek eskatuta egin dute, guri galdetu gabe. Eta ikusi da ez dutela onurarik ekarri. Zorionez, Munduko Kopan eta beste txapelketetan probak segitu egingo du. Jokoetan, berriz, gutxituz doaz gizonen kayakean. Rion bost izan ziren, hemen lau, eta Parisen hiru izango dira.

Zer proban jarriko duzu arreta?

Hasieran, K2 500 metrokoan entrenatzen hasiko naiz, baina 1.000koa ahaztu gabe, aipatu bezala beste txapelketetan jokatzen baita. Goiz da erabakiak hartzen hasteko. Lehen, biak ziren olinpiarrak eta bietan entrenatzen nintzen, emaitza onekin. Pena ematen du 1.000koa kentzeak.

Asko aldatu beharko dituzu entrenamenduak?

Zertxobait bai. Izan ere, intentsitate handiagokoa da. Gihar masa eta pisu pixka bat hartuko beharko ditut, eta entrenamenduetako bolumena gutxitu, hau da, kilometro gutxiagokoak egin: serie laburragoak, baina intentsitate handiagokoak. Hiru minutuko jarduna eskatzen duen proba batetik minutu eta 40koa eskatzen duen proba batera pasatuko naiz.

Cubelosekin segituko duzu?

Oso gustura gaude elkarrekin. Baina ez dago gure esku. Hautatzaileek erabakitzen dute hori. Ziklo olinpikoa amaitzen denean azterketa bat egiten dute, eta erabakitzen dute zeinek osatuko duen ontzi bakoitza. Biok elkarrekin hasi ginenean ere, haiek erabaki zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.